Berriak

Getxo Meeting

2017/09/11

GetxoMeeting berezia: "Nire negoziorako ideiak: eramateko 10 ideia". Azaroaren 16an izango da, 12:00etatik 14:00etara. 

Zure negozioak ideia berriak behar ditu?  Getxo MEETING berezi honetan asmaketa saio bat egingo dugu, proposamen irudimentsuak eraman ditzazun etxera.

Horregatik, etorri baino lehen, pentsatu: nire negozioaren zein alderdi berrirentzat izan nahiko nituzke ideia berriak? Ideiak honetarako nahi ditut: (gauza bakar bat).

Horrela, aldez aurretik pentsatzen baduzu zer lortu nahi duzun, helburu jakin bat lortzeko lanean jarriko gara eta proposamen berritzaileak eramango dituzu etxera. Parte hartzaile guztien artean asmamena kutsatuko diogu elkarri eta garrantzitsuena lortzeko motibatuko dugu elkar: ideia horietako bat martxan jartzea laster.

#GetxoMEETINGeko saio guztiek helburu desberdina daukate; hori bai, gure enpresa abian jarri dugun guztion premia bereziei arreta emateko xedea dute. Hau da, ekintzaile eta enpresaburu guztiok dauzkagun beharrizanak nahiz gure eguneroko bizitzako arlo profesionalari eragiten dioten gaiak jorratzen dira.

Aurreko saioaren ardatz nagusia ideiak ematea izan zen, eta kasu zehatz bakoitza aztertu zen, norberak behar zuena sakonki ikertuz.

Hori lortzeko, lehenik eta behin galderak egin genituen negozio bakoitzaren errealitatea ulertze aldera eta jakiteko zer alderatu behar zen, edo ideiak eta inspirazioa behar zuten gaiak zehazteko. Poster batean idatzi genuen dena, gainerako parte-hartzaileek galdera irekiak egin eta euren ikuspuntua adierazi ahal izateko ondoren. Bereziki, “ilargiaren aurpegi iluna” bistaratu nahi zen, hots, agian gainerakoentzat argiak diren eta norberak oraindik bere negoziorako pentsatu ez dituen alderdiak. Halaber, interesgarria izan zen negozio guztiek “bitamina-ekarpena” jasotzeko; izan ere, taldeak oso modu aktiboan hartu zuen parte eta dena eman zuen ia parte-hartzaile bakoitzarekin.

Horrela, parekoen arteko aholkularitza azkarra (eta, aldi berean, sakona) izan zen saioa: bakoitzak bere poster erraldoia eraman zuen etxera, jasotako ideiak biltzen zituena, baita aurrerapausoak egiteko motibazioa ere.

Galderak eta gogoetak egin zituzten salmentan hartu beharreko jarrerari eta aurrera egiteko ekintza jakinen gaineko laguntzari buruz. Hori guztia enpresa-estrategiaren ikuspuntutik*

*Enpresa-estrategiari buruz ari garenean, ez ditugu bereizten enpresaren tamaina, ibilbidea nahiz fakturazioa. Berdin dio ekintzailetzaren bidean ze puntutan dagoen bakoitza. Ardura duena hauxe da: etorkizunean desberdintasuna sortuko duena adieraztea. Gaur jorratu beharreko gaiak etorkizunean hobekuntza nabarmena eragingo dutenak dira. 

Horretarako, garrantzi bera dauka jakiteak zer egin behar den eta zer ez. Sarritan, beste pertsona batzuek proposatzen dituzten konponbideak ekintzaileak jada sumatu zituenak dira. Horrek “norberaren irizpideak berrestearen” sentsazioa sortzen du eta, aldi berean, abian jartzen laguntzen du, ondo egiten ari denaren konfiantza duelako.

Ez da ahaztu behar GetxoMeetingen helburuetako bat babesa ematea dela, konponbideak sortu, ideien gaineko feedback-a eskuratu eta modu naturalean laguntzea mesedetzen duen konfiantzazko giroa sortze aldera.

Hurrengora apuntatuko zara? Badakizu, edozein bide miatu ahal izateko, lehenengo pausoa eman beharra dago.

Bi ostegunetik behin egiten dira saioak, eta beharrezkoa da saio bakoitzerako izena ematea aldez aurretik.

Honela egin dezakezu:

  • Mezu elektroniko bat idatziz hona: getxopro@getxo.eus
  • Telefono-zenbaki honetara deituz: 944660140
  • Getxolanen bulegoetan: Getxo Elkartegia. Ogoño kalea, 1, 48930 Areeta

Zeren zain zaude?

Getxo Meeting ezagutzen ez baduzu, programari buruzko informazio gehiago eta aurreko saioetan jorratutako gaiak izango dituzu eskuragai http://www.getxo.eus/eu/getxolan/noticias/218 webgunean.

Ohiko galderak

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +