3.500 kilometroko distantzia dago Getxotik Senegalera. Kodek, 29 urteko gazte senegaldarrak, ibilbide hori egin zuen duela ia lau urte hona heltzeko. Bere herrikide askok bezala, salmenta ibiltarian dihardu.
Getxoko kaleetatik ibiltzera ohituta dago, eta egun batean Santa Anakoa (Areeta) den Itziar eta bere familiarekin egin zuen topo. “Nire gauzak saltzen nenbilenean ezagutu nituen. Lehenengo Itzi eta Mario ezagutu nituen, eta gero Kepa, haien 28 urteko semea. Oso onak izan dira beti nirekin”, nabarmendu du Kodek. Laguntasun on hori dela-eta, batera ospatu zuten iazko Gabon zaharra. “Kode entzun genuen Kepari kontatzen nola heldu zen gure herrialdera eta egun batzuk lehenago aita hil zitzaiola. Orduan bururatu zitzaigun Gabon zaharrean afaltzera gonbidatzea. Bere hemengo familia garela pentsatzea gustatzen zaigu. Gure bizitzak partekatzea ikasketa da, hain dira desberdinak!”, dio Itziarrek.
Hiru belaunalditako Gabonetako topaketa da, zeinetan Covid gaitzagatik ezarritako murrizketen arabera baimendutako hamar pertsonako taldea osatu baitzuen Kodek. Hala, ondoren askotan errepikatu zen esperientziaz gozatu zuten hiru belaunaldik. “Nire emaztearen urtebetetzean ere etorri zen gurera, eta Senegalgo ohiko errezeta bat kozinatu zigun”, gogoratu du Sabinek, Keparen aitxitxek. “Ezin hobeki integratu da. Tipo azkarra eta oso langilea da”.
Adierazitako laguntasunean, ohiturak uztartu eta partekatu dira, eta adin-desberdintasunak ez du inoiz garrantzirik izan. “Egia esan, ez dugu ezer aldatu, beti izan gara horrelakoak. Bera da moldatu dena, baina oso modu naturalean egin du”, azaldu du Itziarrek.
Halaber, distantziak ez du galarazi bi familiek elkar ezagutzea. Teknologia berriei esker, Koderen familia ezagutu dute jada, pantailaren bestaldean. ”Bere ama, emaztea eta semea ezagutu genituen. Aurpegia jarri ahal izan genien azkenik guztiei”. Kilometro askoko distantzia dago hiru belaunaldien artean, baina oso lotura berezia dute.
Familia barruan belaunaldiarteko harremanek duten garrantziari buruz hausnartzera bultzatzen gaituen istorioa dugu hau.