Berriak

Punta Begoñako galeriak birgaitze lanetan

2013/11/28

EHUko aditu talde batek hartuko du parte Punta Begoñako galerien birgaitze lanetan, 2014ko udaberritik aurrera

Joseba Arregi, Hirigintzako saileko zinegotzi arduraduna; Gonzalo Olabarria, Foru Aldundiko Kultur saileko zuzendaria; Imanol Landa, Getxoko Alkatea; EHU-UPVeko Amaia Maseda, erretoreordea eta Juan Manuel Madariaga, EHU-UPVko Kimika Analitiko eta Inguruneko irakaslea

 EHU/UPVko aditu talde interdiziplinar batek hartuko du parte, udal teknikariekin batera, Punta Begoñako galerien lehengoratzean. Proiektu estrategikoa da 12 urtez egingo dena, hirurtekoetan banatuta. Hirurtekoen lehenengoa 2014ko udaberrian abiatuko dela uste da, eta 2,1 milioi euroko aurrekontua izango du. Hori dela eta, Imanol Landa getxoko alkateak adierazi du proposamen honek “gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ere izango du, Punta Begoña berreskuratzeko dagoeneko beren konpromisoa jendaurrean adierazi baitute”.

Imanol Landarentzat “ezinbesteko proiektua da Getxo, Bizkai eta Euskadiko ondare arkitektoniko eta historikoa berreskuratzeko eta balioan jartzeko”. Alkateak azaldu du Udalaren asmoa dela proiektua aurrera eramateko laguntza eta finantziazioa aurkitzeko Madrilera eta Bruselara jotzea ere  “proiektuaren entitateak, ezaugarriek eta helburuek estatuaren zein Europar Batasunaren inplikazio osoa justifikatzen dutelakoan gaudelako”. 

 Gaur eskainitako prentsaurrekoan proiektuaren arduradunek aurreratu dutenez, lanak hasi eta lau hilabetera jendeak obra bisitatu ahal izango du. Birgaitze prozesu osoan herritarren parte hartzea bultzatzeko gauzatuko diren ekintzetan lehenengoetakoa izango da.

Landak aipatu du galeriak berreskuratzeko eta balioan jartzeko prozesua ikuspuntu orokorretik eta  diziplina anitzetatik aurrera eramatea bermatuko duela proposamenak. Horrek guztiak barne hartuko ditu bai eraikinaren esku hartze zientifikoa, bai herritarrei zuzendutako parte hartze eta hedatze programa, baita eraikinean bertan egin beharreko lan arkitektonikoa ere.

67 adituk osatutako taldea

EHU/UPVeko 3 kanpusetako 5 fakultatetako 10 sailetako 67 ikertzailek osatzen dute proiektua garatuko duen lan taldea. Ondarea birgaitzeko beste proiektu handi batzuetan, esate baterako Vitoria-Gasteizeko Santa Mariako katedralean eta harresietan, eta Añanako Gesalltzan,  parte hartu duen eskarmentu handiko taldea da.

Arduradun nagusietako bat den Amaia Maseda Hedakuntzaren eta Transferentziaren arloko errektore ordeak adierazi du herrialde mailako proiektua dela “ezagutzaren aldeko apustua egiten duena, eta ondarearekin batera aberastasunaren sortze-iturria suposatzen dutena. Ondarea inbertsioa da eta batez ere baliabidea, Getxorentzat, Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat trakzio-elementua izan daitekeena”. Herritarrek proiektuan parte hartzeak, azpimarratu du, eragina izango du garapen ekonomikoan eta udalerriaren kohesio soziala hobetzeko.

Bestalde, Juan Manuel Madariaga adituen taldeko koordinatzaileak ere nabarmendu du herritarrak proiektuaren garapenean inplikatzearen garrantzia. “Jardueraren lehenengo ekintza galerien ikerketa historikoekin eta sozialekin jarriko da martxan, eta baita aldamioak jartzearekin ere. Eta horrekin asko aurreratu ahal izango dugu , dokumentazio hori guztia biltzeaz eta sailkatzeaz gain, informazio immateriala batzeko lanekin ere hasiko garelako. Hau da, galeriekin loturaren edo harremanen bat eduki duten pertsonen lekukotasunak bilduko ditugu”.

Era berean, beste jarduera batzuen artean, hurrengoak ere eramango dituzte aurrera: dokumentazio geoteknikoa, azterketa eta diagnostikoa, eragin sozioekonomikoari buruzko ikerketa, herritarren partaidetza fasea eta Getxoko identitatea eta kide izatearen sentimendua eragin nahi duen ondarearen zabaltze eta igorpen fasea.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +