Berriak

Udaletxeko balaustrada

2021/03/23

Udaletxeko balaustrada zaharberritzeko lanak esleitu dira

udaletxea

Udaleko Gobernu Batzordeak 191.708 eurotan (BEZ barne) esleitu ditu gaur Udaletxeko balaustrada osorik berreraikitzeko lanak. Lanak udal-eraikina kontserbatzeko jarduketa-planaren barruan daude, eta 6 hilabeteko egikaritze-epea dute. Plan horren barruan sartzen dira, halaber, eraikineko errementaritza eta forja-elementuak zaharberritzeko obrak; dagoeneko lizitazio-fasean daude, eta 204.525 €-ko aurrekontua dute.

Udaletxeko balaustrada osorik berreraikitzeko lanak 1925ean datatutako jatorrizko proiektuaren diseinuari jarraituz egingo dira, estilo neoklasikoko eraikinaren eta bere inguruaren estetika eta estilo arkitektonikoa gehien errespetatzen dituen aukera baita. Berreraikitzeko proposamena, jatorrizko proiektuarekiko ahalik eta fidagarriena, ondarearen ikerketan eta aldez aurreko azterketa historikoan oinarritzen da. Azterketa horiek udal Liburutegien eta Artxiboaren funtsekin eta lankidetzarekin egin dira, balaustradak urteetan zehar jasan ahal izan dituen konponketak eta eraldaketak zehazteko.

Beste jarduera batzuk Udaletxean

Udaletxea kontserbatzeko planean, gainera, aurten gauzatu beharreko beste jarduketa batzuk ere sartzen dira, hala nola beheko eta lehen solairuetako espazioak berrantolatzea eta pintatzea, komunak berritzea irisgarritasun-araudian oinarrituta, osoko bilkuren aretoko argiteria-instalazio berria, irisgarritasun unibertsala hobetzeko analisia eta eraikinaren energia-auditoretzaren azterketa; baita 2022an aurreikusitako jarduerak ere, hala nola kanpoko espazioak eta eraikinaren aurrealdea berritzea. Azkenik, azken asteetan jarri den suteen aurkako sistemaren instalazioa laster amaituko da.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +