Berriak

Getxo udalerria, 30eko Gune

2020/07/01

Getxo 30

Getxo udalerria, 30eko Gune: hiri-bilbe ia osoak ostiraletik izango du zirkulazio-abiaduraren muga horia

Pandemiak bizkortu egin du martxan jartzeko erritmoa

Getxoko Udalak hiriko bide-sare ia osoan 30 km/h-ko abiaduraren muga ezartzeko eta seinale bertikalak ipintzeko lanak osatuko ditu ostiral honetan, uztailaren 3an. Getxon dagoeneko 30km/h-ko zona batzuk badaude ere, eremu horiek udalerri osoan ezartzeak oinezkoen, txirrindularien eta MPIen (Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak) arteko bizikidetza eta segurtasuna erraztuko du. Eremu horiek abian jartzeko erritmoa azkartu egin da pandemiaren ondorioz, nahiz eta Getxoko 2017-2030eko Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planean (HMIP) jasota egon aurten ezartzeko. Horrenbestez, Getxo da neurri hori ia kale guztietan aplikatu duen lehen udalerrietako bat, Bilbo bezalako beste hiri batzuei jarraituz.

Udalak dekretu bat egin du 30eko eremu horiek hiri-sarean ezartzeari buruz, eta, horrek ekarriko dituen ondorioak, dekretuan aipatzen denaren arabera, honako hauek dira: “zirkulazioa baretzea eta murriztea, gidatzeko ohiturak aldatzea, airearen kalitatea hobetzea, kutsadura akustikoa murriztea eta bizikleta-trafikoa galtzadan oinezkoekin eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuekin integratzea erraztea, aldi berean herritarren osasuna eta mugikortasun jasangarria  hobetzen eta segurtasuna handitzen lagunduz”. Izan ere, gaiari buruz Udalaz gaindiko zenbait erakundek egindako azterlanek jasotzen duten bezala, harrapaketa batean hiltzeko arriskua bost eta zortzi aldiz murrizten da oinezkoen talka-abiadura 50 km/h-tik 30 km/h-ra igarotzen denean; gainera, ondorio onuragarriak dakartza klima-aldaketarako.

Neurri horren bidez pentsamolde aldaketa bizkortu nahi da, autoa hiri barruko ibilbideetarako ez erabiltzeko, batez ere ibilbide laburrenetarako. Eta bizikleta-mugikortasunari ere bultzada berezia eman nahi zaio: udalerriko bizikleta-bideetan segurtasuna hobetu nahi da; bereizitako bidegorri-sarea osatu eta integratu; bizikleta pribatuaren erabilera indartu eta, etorkizunean, bizikleta publikoen sistema ere, bizikleta guztiak elektrikoak izateko aukera baloratuz; eta apurka-apurka bizikleta-aparkalekuen sarea handitu nahi da, mugikortasunaren errealitate berrietara egokitzeko, azken helmugak kontuan hartuz (lantegi eta ikastetxeak, merkataritza-guneak, hondartzak, kirol- eta kultura-ekipamenduak, herri-administrazioaren eraikinak, metro-geltokiak, eta abar), HMIP egitasmoan ere jasotzen den bezala.

Ildo horretatik, Udalak seinaletika horizontala indartuko du, sentsibilizazio kanpaina berriak egingo ditu eta udal araudia errealitate berrira egokituko du, beste administrazio eskudunek izapidetzen ari diren arau berriak izan ondoren.

Informazio gehiago

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +