Ekitaldien Agenda

Erakusketak eta Azokak

19. Komiki Azoka

Data:2021/10/01 - 2021/10/03

Ordutegia:11:14:30 / 17:00-20:00 (igandean, 20:00ak arte)

Tokia:Areetako Geltokia plaza eta Romo Kultur Etxea

  • Merkataritza-gunea (40 saltoki): urriko 1etik 3ra Areetako Geltokia plaza
  • Ekintzak (hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak...): urriak 1 eta 2 Romo Kultur Etxean
  • Sarrera dohainik (edukiera bete arte)
  • Informazio gehiago eta programa irailaren 15etik aurrera www.salondelcomicdegetxo.eus webgunean

Pandemia dela eta iaz Komiki Jardunaldi bihurtu bazen ere behin-behinean, aurten itzuliko da Getxoko Komiki Azoka urriaren 1etik 3ra bitartean. 19. edizioa Areetako Geltokia plazan izango da eta bertan sektore horren 40 saltoki kokatuko dira. Halaber, hilak 1 eta 2, Romo Kultur Etxeak aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta bederatzigarren artearen inguruko hainbat jarduera hartuko ditu. Sarrera doakoa da bi esparruetan, edukiera bete arte, eta indarrean dagoen osasun-araudiaren neurri guztiak errespetatuko dira. Ohi denez, Azokan hainbat artista izango dira, ekintza eta sinaduren txandetan parte hartzeko. Horien artean, eskarmentu handiko Kim eta Simonides komikigileak nabarmendu behar dira, Azokak komikiaren pertsonaia ospetsuei egin ohi dien omenaldiko protagonistak izango baitira.

Kim (Joaquim Aubert Puigarnau; 1947, Bartzelona) umorezko komikigile ezaguna da. Vibraciones musika aldizkarian hasi zuen bere ibilbide artistikoa eta hortik beste argitalpen batzuetara pasatu zen, esaterako Mata ratos, Por favor edo El Víbora. El Juevesen aldizkarian, Martínez el facha sail ezaguna sortu zuen, Espainiako eskuin muturraren satira, komiki nazionalaren historiaren zati dena. Antonio Altarribarekin batera El ala rota eta El arte de volar egin zituen, aurreko mendeko Espainiako bi kronika interesgarri. Bere azken lana Nieve en los bolsilllos eleberri grafikoa da, lan bila emigratu zuten bere belaunaldiko pertsonei eskainitako lan autobiografikoa. Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Aretoko Sari Nagusia eta El Gat Perich Nazioarteko Umore Saria jaso ditu.

Bestalde, Simonidesek (Ernesto Murillo Simon; 1952, Murchante) 70eko hamarkadan Star eta El Huerto fanzinean debutatu zuen, beranduago hainbat argitalpenetan kolaboratu zuelarik, horien artean, El Víbora, Makoki, Harakiri, Habeko Mik eta, bereziki, TMEO. 1982an, beste egile batzuekin batera, Iruñean sortu zuen aldizkari enblematiko hori, jarraian Gasteizen argitaratuko zena. Horren argitaratzailea izan zen hamarkada bat baino gehiagoz, eta garai horretan, aldizkaria Europako Fanzine Onenaren saria jaso zuen Grenobleko Komixeko Jaialdian (1989) eta, bitan, Bartzelonako Komikiaren Aretoko Estatuko Fanzine onenaren saria. Horrez gain, prentsan ere lan egin du Simonidesek, esaterako Egin eta Navarra Hoy egunkarietan, baita Gara-ko Zazpika gehigarrian ere.

Azokaren kartela

Aurtengo kartela Santiago Sequeiros (Buenos Aires, 1971) komikigile eta ilustratzaileak egin du, Espainiako komikiaren berezko estilo nabarmenetako bat duen egileak, hain zuzen ere. Unibertsitatean hasi zen argitaratzen eta Totem aldizkari mitikoaren azken zenbakietan parte hartu zuen. Ambigú debuteko lanean, zinema espresionista alemaniarraren eta superheroien komikiaren narratiba grafikoaren elementuak biltzen dituen berezko unibertso estiloa erakusten ditu. Nostromo Quebranto eta Tó Apeirón argitaratu eta Bartzelonako Komikiaren Aretoan egile errebelazioaren saria irabazi ondoren, komikia alde batera utzi eta ilustrazioa, publizitatea eta storyboardak egiten hasi zen. Bere ilustrazioak hainbat egunkari eta aldizkaritan agertzen dira, adibidez, El Mundo, El País, El periódico de Catalunya eta Primera Línea, eta Hernán Migoya eta Hernán Casciari egileen testuak ilustratu egin zituen. Aurten Romeo Muerto kaleratu du, 25 urte baino gehiagoko proiektu pertsonala.

Ekitaldien bilaketa