Agenda

Artea

Getxoarte 2019: Erakusketa-programaren eta Programa Eszenikoaren sariak

Data:2019/04/09 - 2019/06/04

Ordutegia:Hasiera Ordua

Tokia:


Praktika eszeniko eta plastiko garaikideen eremuetan sorkuntza artistikoa indartzera bideratutako sarien deialdia ireki du Getxoartek. Ibilbide profesionalaren hasieran dauden artistei zuzenduta dago ekimena. Iaz bezala, hautatutako proiektu guztiak jendaurrean erakutsiko dira abenduan, Romo Kultur Etxean. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko ekainaren 4ra arte egongo da zabalik, eta deialdiaren oinarri guztiak honako helbide honetan ikus daitezke: www.getxo.eus/getxoarte.

Erakusketa Programako sariak praktika artistiko garaikideari (pintura, eskultura, soinu artea, bideoa, instalazioak, zeramika, grabatua...) lotutako banakako nahiz taldeko proiektuetarako daude zabalik, bai eta ikerketa praktikoko prozesuetarako ere. Guztira, zortzi proposamen aukeratuko dira, eta horietako bakoitzak 700 euroko saria jasoko du. Aukeratutako proiektuak Getxoarteko erakusketa programan sartuko dira, eta ekimenaren aurreko hilabeteetan jarraipena egingo die programaren komisarioak. Hala, kuradore gisa babesa eta laguntza emango die lanaren prozesuan zehar.

Oraingo edizioan, hautaketaz arduratuko den epaimahaia osatuko dutenak honako hauek izango dira: EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirika eta komisario independentea eta arte-kritikaria den Peio Agirre. Behin proiektuak garatuta, hautatutako artistek beren lanak erakutsi ahal izango dituzte topaketa eta erakusketa uztartzen dituen formatu batean. Abenduan zehar izango da hori, Romo Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Horrekin batera, aukeratutako proiektuak Getxoarte 2019 saria jasotzeko hautagai izango dira; hala, erakutsiko diren lanetako bati sari osagarri bat emango zaio: 2.000 euro eta artista Torrene Aretoan bere lanaren erakusketa bat egiteko aukera.

Programa Eszenikoaren sariei dagokienez, metodologia esperimentalak edo forma mistoak esplora ditzaketen proiektu garaikide eszeniko-performatiboak izango dituzte xedetzat. Epaimahaia Barakaldo Antzokiko zuzendari Ana López Asensiok eta Pablo Viar eszenako zuzendariak osatuko dute. Bost proposamen hautatuko dituzte, hainbat diziplina lan ditzaketenak: dantza, musika esperimentala, performancea, antzerkia, poesia, folkloreari buruzko ikerketa praktikoa eta abar. Sari bakoitza 1.000 eurokoa izango da.

Erakusketa programan bezala, hautatutako proiektuak bakarkakoak zein taldekoak izan daitezke, eta abenduan jendaurrean erakutsiko dira. Kasu honetan ere, komisarioen babesa eta jarraipena izango dituzte proiektuak garatzeko.

 

Ekitaldiak bilatu