Hasiera  Zerbitzuak  Agenda  Xehetasuna

Ekitaldien Agenda

GETXOPHOTO Nazioarteko Irudi Jaialdia - 2024ko ekainaren 6etik 30era
Getxo artea eta kultura, Turismo

GETXOPHOTO Nazioarteko Irudi Jaialdia - 2024ko ekainaren 6etik 30era

Data:2024/6/6 - 2024/6/30

Ordutegia:

Tokia:Algortan-GETXON

Zer da?

Begihandik sortua eta kudeatua, GETXOPHOTO orain dela 17 urte Getxon –Euskal Herria– gertatzen den irudian oinarritutako jaialdia da. Parte-hartzaileagoa, hibridoagoa, konprometituagoa eta jasangarriagoa izateko etengabe ahalegintzen den jaialdia da.
Jaialdiak izaera tematikoa du, eta mundu osoko sortzaileen proposamenen bidez, gaur egungo erronkei aurre egiten dien plataforma da, bide batez, hausnarketarako espazioak sortu eta publikoekin elkarrizketa pizten duena.
 
GETXOPHOTOk espazio publikoaren (fisikoa eta onlinekoa) erabateko defentsa du bere ezaugarri nagusia, espazio hau homogeneizazioaren eta pribatizazioaren aurrean, elkar ezagutzeko eta esperimentatzeko, jolasteko eta ospatzeko eremu gisa ulerturik. Horregatik, programazioaren zatirik handiena aire zabaleko instalazioek osatzen dute, alde batetik, irudiaren eta ingurunearen arteko erlazioa nabarmenduz eta, bestetik, publikoekin harreman horizontalagoa eta parte-hartzaileagoa eraginez.
 
GETXOPHOTOren helburu nagusietako bat gizarte sarea indartzen lagunduko duen irudiaren inguruko komunitate (artistez eta publikoz osatua) kritikoak sortzea da.
 
Toki- eta eskualde-mailan errotutako jaialdia da hau eta herritarrak ardatz nagusitzat izanik, hurbiltasuneko kultura batean oinarritzen den nazioarteko ikuspegia dauka. Garatzen den komunitatearen inplikazio aktiboa sustatzen du tokian tokiko lokarriak bultzatuz (merkatariak, ostalariak, artistak edota zaleekin). 
 
GETXOPHOTOk Internetera zabaldu du bere lan esparrua, ikusizko kultura garatzen den espazioa da hau eta. Gauzak horrela online programa espezifikoa garatzen du, bere baitan besteak beste, errealitate areagotua, podcastak, app-ak, memeak, 3D maketak edota zuzeneko emanaldiak hartzen dituena. 
 
Ingurumenaren gaineko bere inpaktua ahalik eta gehien murrizteko eta gero eta ekimen iraunkorragoa izateko ideiak jaialdiaren ekoizpen- eta diseinu-politika gidatzen dute .
 

Getxophoto 2024: PLAY

Ez dago jolastea baino gauza serioagorik. Haurtzaroan, jolasa askatasunaren sinonimoa da, helduen boteretik kanpo dagoen fantasiazko mundu bat, non dena posible den eta errealitatea etenda geratzen den. Legerik gabeko mundua. Baina jolasten gauza ugari ere ikasten dugu: arauak errespetatzen, kanpotik inposatutakoak, joko horretan horrela jokatzen delako, edo asmatzen ditugunak, joko horretan beste era batera ere joka daitekeelako. Bizikidetzaren oinarrizko arauak ikasten ditugu, taldea egiten eta bakarrik jolasten, galtzen eta irabazten, errespetatzen eta negoziatzen. Proba-eremu zabal horretan etortzekoa dena entseatzen dugu.

Heldu bihurtzen garenean, etsi egiten dugu eta jolasa amaitzen da guretzat. Konbentzitzen gara jada ez zaigula gustatzen, edo ez dugula behar. Beste jarduera mota batean ezkutaturik baino ez dugu onartzen. Kirol batzuetan, galgarik gabe askatzen gara, bai gu jolasean, bai besteei begira. Edo zenbait artetan, zeinekin bizitzaren alde dibertigarrian edo errealitatetik haratago sartu-irten laburrak onartzen dizkiogu gure buruari (eta ez da kasualitatea hizkuntza batzuek jolastea eta ekitea arteko sinonimia gordetzea: to play).

Mahai-jokoen mikrodosia ere onartzen dugu, baina beti aitzakia batekin (Gabonetan edo asperdura kasuetan, hala nola mugikorrik gabeko bidaia bat edo munduaren amaieraren antzeko zerbait). Joko batzuek gazte-azpikulturetan irauten dute, hala nola rol-jokoetan edo cosplay-ean, baina, dirudienez, haien heldutasuna zalantzan ikusi nahi ez duen inor ez da lurralde horietan barneratzen. Eta, jakina, “zorizko jokoak” deiturikoak daude, nahiz eta geure buruari galdetzen diogun ez ote liratekeen apustuak deitu behar, besterik gabe. Muga horietatik kanpo, jende helduaren mundu itzalian, ludikoak ez du existitzeko eskubiderik.

Getxophoto 2024an, irudiaren eta argazkigintzaren alorrean jokoa eta jolasa ikuspegi horietatik eta beste askotatik aztertzen dituzten proposamenak aurkituko dituzu.

Jolastuko al dugu? 

1976an Bilbon jaioa, María Ptqk ikerketa artistikoan doktorea da EHUn, Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetan graduatua, DEA Nazioarteko Zuzenbide Publikoan Paris II – Sorbonnen, Kultur Kudeaketan Masterra Bartzelonako Unibertsitatean, DEA Kulturaren Zuzenbidean Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Artearen, teknozientziaren eta feminismoen arteko elkarguneetan egiten du lan, eta consonni argitaletxearen aholkularitza-taldeko kide da. Besteak beste, honako hauekin egin du lan: Medialab Prado (Madril), Azkuna Zentroa (Bilbo), Fundación Daniel y Nina Carasso, CCCB (Bartzelona), Jeu de Paume (Paris), La Gaité Lyrique (Paris), GenderArtNet (European Cultural Foundation) edo LABoral (Gijón). Komisariatu dituen erakusketen artean, Soft Power (Amarika Proiektua, 2009), A propósito del Chthuluceno y sus especies compañeras (Espace virtuel du Jeu de Paume, Paris, 2017), Reset Mar Menor. Laboratorio de imaginarios para un paisaje en crisis (CCC Valentzia, 2020), Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras (CCCB Bartzelona, 2021 – Asociaciò Catalana de Crítica d´Art Sarietan finalista eta Azkuna Zentroa, Bilbo, 2022) eta Extinción Remota Detectada (LABoral, Gijón, 2022). Chaire Arts & Sciences (École polytechnique, l “École des Arts Décoratifs – PSL, Fondation Daniel et Nina Carasso) erakundeko aholkularia da, eta ISEA Paris 2023 (International Symposium on Electronic Art) programazio-batzordeko kidea.

 

Argibide gehiago

GETXOPHOTO Nazioarteko Irudi Jaialdia

Bizkaira joango bazara data horietan eta inguruan ostatu hartzeko toki baten bila bazabiltza, hainbat aukera eskaintzen dizkizugu Getxon, Bilbotik 20 minutura soilik; bertan, euskal kostaldeaz, hondartzaz eta itsas brisaz gozatu ahal izango duzu.

-Non lo egin Getxon

-Non jan Getxon

Getxo Planak

-Pintxotan Getxotik

 

 

Ikusi agenda osoa