Berriak

Ostalaritzarako laguntzak handitzea

2020/12/10

Terraza

Getxoko Udalak, ostalaritzaren eta udalerriko jatetxeen sektorearekin etengabeko harremanean (hainbat bilera egin ditu dagoeneko), hiru neurri berri hartu ditu establezimendu horiei laguntzeko osasun-krisiaren ondorioz bizi duten egoera zaila gainditzen. Ekintza berri horiek aurretik hartutakoei gehitu behar zaizkie; izan ere, aurten 2 milioi euro baino gehiago bideratu dira udalerriko merkataritza, ostalaritza, zerbitzu profesional eta enpresa txikiei zuzendutako udal-laguntzetara. Guztira, 4 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Getxoko Udalak pandemia honetan.

Laguntza berriak

Neurri berriak, aurretik hartutakoei gehitzen zaizkienak, honako hauek dira:

 1. Laguntza zuzenak, ezohikoak, gehienez 500.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin dekretatutako azken itxierari erantzuteko. Dirulaguntza horiek Eusko Jaurlaritzak emandakoen osagarriak dira, eta aurten argitaratu eta ordaindutakoei gehitzen zaizkie, establezimenduaren plantillaren araberako tarteekin. Gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira:

a.II. motako establezimenduak: 1.250 euro (6 langile baino gutxiago) eta 1.500 euro (6 langile edo gehiago).

b.III. eta IV. motako establezimenduak, 1.500 euro (1 eta 3 langile artean), 1.750 euro (3 eta 6 langile baino gehiago) eta 2.000 euro (6 langile edo gehiago).

2. Ostalaritzako Bonua ezartzea; horretarako, 100.000 euroko partida bideratuko da, 2021eko lehen eta bigarren hiruhilekoen artean.

3. 4 pertsona kontratatzea COVID neurriei buruz informatzeko. Bide publikoan (merkataritza- eta aisialdi-inguruneetan) eta saltoki eta ostalaritza-establezimenduetan egingo dute lan. Lan horren bidez, Ekonomia Sustatzeko Zerbitzuari lagundu nahi zaio herritarren kontzentrazio handieneko ingurune eta egunetan bete beharreko COVID neurriak hedatzen. Lanbideren programaren bidez kontratatutako 4 pertsona horiek ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduekin jarriko dira harremanetan, horri buruzko informazioa emateko.

Interesatuek Ekonomia Sustatzeko Zerbitzua-Getxolanekin harremanetan jar daitezke: getxolan@getxo.eus posta elektronikoz edo 94 466 01 40 telefonoz.

Abian dauden laguntzak

Orain arte, eta Enpresen Kontsulta Foroaren esparruan egindako ostalaritzako eta jatetxeetako mahaietan aurkeztutako proposamenak aintzat hartuta, Getxoko Udalak hainbat laguntza onartu ditu osasun-krisiak sektorean izan dituen ondorioak arintzeko.

Zerga-arloan, 2020. urteari dagokionez, Udalak espazio publikoa okupatzeagatiko tasaren zati proportzionala itzuliko die ostalariei, terrazak instalatu ezin izan diren hilabeteei dagokiena hain zuzen eta, 2021era begira, Osoko Bilkuran onartuta, %50eko beherapena aurreikusten da terrazak urte osoan instalatzeagatik (Udalak ez ditu jasoko 45.000€ horiek) eta 2021eko bigarren hiruhilekoari dagokion zaborren tasan %95eko hobaria ematea proposatzen da (37.300 €).

Halaber, Ekonomia Sustapen eta Enplegu Zerbitzuaren bidez, ostalaritzako eta jatetxeetako profesionalei honako hauek eskaintzen zaizkie: negozioei buruzko banakako aholkularitza, erakundeek eskaintzen dituzten laguntzen eskaerak izapidetzen laguntzea, Eusko Jaurlaritzak ostalaritzarako eta etorkizunerako eskaini ditzakeen beste batzuetarako ematen dituen laguntzen eskaerak izapidetzen laguntzea, take away (establezimenduan jasotzea) eta delivery (etxez etxeko janaria ematea) zerbitzuen eskaintzaren web-orria zabaltzea eta terrazak instalatzeko eskaerak izapidetzen laguntzeko zerbitzua (bai berrientzat, bai dagoeneko eginda daudenentzat), COVID-19k eragindako salbuespenezko egoerak irauten duen bitartean.     

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +