Berriak

Punta Begoñan historiaurreko aztarnategia aurkituta

2019/04/10

Punta Begoñan egindako kanpaina arkeologikoak ezusteko aurkikuntza bat ekarri du; hain zuzen, historiaurreko aztarnategi baten arrastoak azaldu dira. Horri esker, datu gehiago izan ahalko ditugu Euskadiko historiako garai ezezagunenetariko bati buruz. “Horrelako ezaugarriak dituen aurkikuntza baten aurrean zuhurtzia izan behar da, eta ikerketa lanak zorroztasunez egin behar dira. Bada, horrek laborategiko lan intentsua eskatu du, aurtengo ekainera arte iraungo duena; hain zuzen, indusketak berrabiarazten direnera arte”, adierazi du María Peraitak, zaharberrikuntzan eta ondare-kudeaketan espezializatutako arkitektoak. Peraita Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko (OEIT) eta Kultur Paisaiak eta Ondarearen UNESCO Katedrako kidea da, biak ala biak EHUko erakundeak. Aurkitutako aztarnekin orain arte egindako ikerketen artean, karbono-14 eta termolumineszentzia analisiek Neolitoaren azken etaparen eta Kalkolitoko hasieraren artean kokatzen dute aztarnategia; hau da, duela 5.000 urte. Hondakinak (silex eta zeramika zati txikiak eta egur-ikatz arrastoak) modu egokian mantenduko direla bermatzeko beharrezkoa izan da aztarnategia estali eta babestea, harik eta eguraldiak berme osoz lan egitea ahalbidetzen duen arte. Aurkikuntza herritarrei zabaltzeko indusketa kanpaina bat eta dibulgazio- eta heziketa-jarduerak egingo dira.

Informazio gehiago

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +