Prentsa-oharra

Erromon eta Areetan lurpeko aparkalekuak egiteko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak

2021/11/25

EAJ/PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta PP, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemosen abstentzioekin, gaur 1.800.000 euroko kreditu gehigarria onartu da, ohiko osoko bilkuran, Geltoki plaza birmoldatzeko eta Areetako Kale Nagusia (Santa Ana etorbidea eta plazaren artean) zati batean oinezkoentzako bihurtzeko.

EAJ/PNV eta PSE-EE alderdiek gogoratu dute Areetako Geltoki plaza herritarrek hartutako aukera betez birmoldatuko dela, parte-hartze prozesu zabal bat egin ostean. Bestalde, Kale Nagusia berritu eta zati batean oinezkoentzako bihurtuko da; bidegorri zati berri bat egingo da, Negubideko bidegorriarekin lotuko duena, eta hiriguneak berreskuratuko dira, hiritarrak ingurune bizigarriago, atseginago eta osasungarriago batean bizi daitezen. Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziaren esanetan: “Areetako erdigunean berdeguneak irabaziko ditugu eta pertsonak oinez ibiltzeko espazioak handituko dira. Beraz, lur gaineko aparkaleku batzuei uko egin beharko zaie. Udal Gobernuaren konpromisoa da lurpeko aparkalekuak egitea, bai egoiliarrentzat, bai txandakakoak, Erromon eta Areetan. Eta horiek izango dira Getxoko hiri-mugikortasun jasangarria hobetzeko prozesuan eman beharreko hurrengo urratsak”. 

Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aurreratu du honako jarduera hauek egingo direla: bizikleta-mugikortasun bereizia; zamalanak dituzten jarduerei arreta jartzea; irisgarritasuna hobetzea, kalean dauden desnibelak kenduta eta espazio guztia mailarik gabe utzita; gaur egun dauden edukiontzien geralekuak zati batean lurperatzea; altzari irisgarriak, estalitako eremuak, jolas-eremu handiagoak. Kentzen diren aparkaleku-partzelei dagokienez, inguruko bideren bat berrantolatzeko lanean ari gara, 20 plaza inguru berreskuratzeko asmoz.

PP, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien ustez: “plaza birmoldatzeko egindako prozesu parte-hartzailea aitzakia bat izan da, udal gobernuak lehendik zuen eta aurrekontua finkatuta zuen proiektu zehatz bati zuzendutako prozesu bat izan da”. Kale Nagusiaren zati bat oinezkoentzat bihurtzeari dagokionez, PPk adierazi du, besteak beste, ezkutatu egiten dela 100 aparkaleku kenduko direla; EH-Bilduk, aldiz, adierazi du:“ez dakiela proiektuak bizikleta eta oinezkoa benetan lehen mailan jarriko dituen ala ez”, nahiz eta alderdiak hori esan. Elkarrekin Podemos jarduera berde baten alde agertu da, baina bulebarra izatea nahi du kale osoan.

TAOren behin betiko ordenantza

SER-TAOren ordenantzaren aldaketa behin betiko onartzeari oniritzia eman zaio, eta aurkeztutako bi alegazio bakarrak ezetsi dira, biak zentzu berean:  Algortako Villaondoeta kaleko atarietako bat zerbitzuaren eremu arautuan sartzea egoiliarraren txartelera sartu ahal izateko. Gobernuak adierazi du eremu berri bakoitzean atariak sartzeko ezarritako irizpidea dela atariaren sarbidea erregulatutako eremuaren aurrealdetik izatea, eta atari horrek ez du baldintza tekniko hori betetzen.

Ordenantza Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta udaleko webgunean argitaratuko da.                                                                               

Kontuak ematea

Bozeramaileen Batzordeak Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunari buruz eta Migraziorako Euskal Itun Sozialari buruz hartutako erabakien berri eman da Osoko bilkura honetan. Azken kasu horretan, alderdi politiko guztietako ordezkariek, PPk izan ezik, Amaia Agirre alkatea buru zutela, talde-argazki bat atera dute udaletxeko eskaileretan, osoko bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago. Horrela egin dute, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak eskatu zuelako itunari atxiki zaizkion tokiko korporazio guztien argazkia bidaltzeko, horma-irudi bat egin nahi delako. Horma-irudia udalekin batera egingo den ekitaldi publiko batean erakutsiko da, hilaren 18an, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunean.

Onetsitako mozioak

Lekukotza gisa, bi mozio onartu dira. Lehenengoak, EH-Bilduk aurkeztutakoak, eskatzen du, besteak beste, Getxolanek aztertzea erretiroek zer eragin duten Getxoko merkataritzan eta egitura ekonomikoan, batez ere azken bost urteetan, hurrengo bost urteetan izan daitezkeen erretiroak identifikatu ahal izateko. Era berean, proposatu du Getxolanek enpresak eta dendak eskualdatzeko estrategia propioa diseinatzea, kontuan hartuta CECOBIk eta Foru Aldundiak eta Getxoko eragile sozioekonomikoek egindako ekarpenak eta esperientzia.

Onartutako beste mozioak, EH-Bilduk ere abiatuta, eta EAJ/PNV eta PSE-EE alderdiek transakzionatuta, Algortako Ludoteka bat egiteko proiektua berreskuratzeko konpromisoa jasotzen du, baita leku egokiak bilatzea, eta proiektuaren bideragarritasuna eta aurrera eraman ahal izateko hainbat eredu aztertzeko konpromisoa aztertzea ere.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +