Prentsa Oharrak

Ospakizunak San Juan gaua dela eta

2019/06/20

San Juan gaua dela eta, familientzako jaia ospatuko da igandean,  ekainak 23, Algortako San Nikolasplazan, Bizarra Lepoan, Egizu, Getxo Euskaldun eta Gorrondatxe Kultur Elkarteek; Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioak eta Yala etorkinen harrera plataformak (Harribide proiektuaren barruan); Itxartuk eta ALBEk antolatuta, Getxoko Udalaren laguntzarekin. 

Jaia 18:30ean hasiko da diskofesta batekin;   ondoren, 19:00etan aurpegia margozteko tailerra; 19:30ean bertsolariak; 20:30an txokolatada eta munduko postreak dastatzeko aukera izango da eta 21:00etan antzezpen txiki bat suaren inguruan.  

Gainera, San Juan gaua Malakaten ospatuko dute Itxas Argia elkartearen eskutik, eta Zubiletan ere, jai egitarauaren barruan. 

Segurtasuna, prebentzioa eta garbiketa

Bestalde,  igande arratsaldean eta gauean, Udaltzaingoak baimenik gabeko suteak ez egotea zelatatuko du eta suteen erretzea zainduko du, istripuak ekiditeko. Gainera, Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin,  prebentzio zerbitzua jarriko du abian hondartzetatik gertuen dauden tokietan, gerta daitezkeen istiluak eta herritarrentzako arazorik ekiditeko. Beste behin ere gogoratzen da egokia dela hondartzara balioko ezer edota sakelako telefonorik ez eramatea; eta eramatekotan, banakako segurtasun neurri pasiboak areagotu behar direla, eramandako gauzak uneoro kontrolpean edukitzeko. 

Era berean, udaltzainek lan egingo dute adin gabeek alkohola ez edateko eta eraso sexistarik gabeko jaia gozatu ahal izateko ere. 

Ohi bezala, Udalak aparteko garbiketa-zerbitzua jarriko du abian, hondartzak eta ospakizunen inguruko kaleak garbitzeko.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +