Prentsa Oharrak

Muxikebarriko areto nagusia estreinatuko dute aste honetan Getxoko dantza akademiek eta abesbatzek

2019/06/11

Getxoko dantza zentroak eta abesbatzak dira asteburu honetan Muxikebarri Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentro berriko Ereaga aretoa erabiliko duten lehenengo kultur taldeak. Nahiz eta Andrés Isasi Musika Eskolako ikasleek bihar, asteazkena, probatuko duten aretoa ikasturte amaierako entzunaldi bat eskainiz. Ereaga aretoak 782 pertsonako edukiera du eta baliabide tekniko aurreratuak izango ditu.  Bertan, Getxotar Dantza Eguna ospatuko da ostiral eta larunbatean, hilak 14 eta 15, eta igandean, ekainak 16, Getxotar Abesbatzen Eguna izango da, udaleko kultura-egituraren jarduera ikusgai jartzen duten bi ekimen, hain zuzen ere. Horiez gain, ekainean zehar beste musika-saio batzuk ere izango dira aretoan.

Getxotar Dantza Egunaren 16. ekitaldia izango da aurten eta, bi egunez, bertoko dantza eskoletako ikasleak bildu ditu ikasturtean zehar eginiko lana erakusteko. Ostiralean, hilak 14, Dantzarte akademiak zabalduko du saioa 20:00etan eta, biharamunean, larunbatean, beste hiru saio izango dira: 12:30ean, Ana Lararen Dantza Estudioa; 18:00etan Areetako Flamenko Eskola; eta 20:45ean, Carmen Veraren Romoko Dantza Estudioa. Ohi denez, adin askotariko dantzarik estilo anitzeko koreografiak egingo dituzte.

Igandean, ekainak 16, Getxotar Abesbatzen Eguna ospatuko da 18:00etan. 12 taldek parte hartuko dute eta ahots baxu, misto eta emakumezkoak entzuteko aukera izango dute zaleek. Koral bakoitzak bi kanta abestuko ditu eta, besteak beste, Jesus Guridi, Jim Papoulis, Pier Paul Berzaitzen eta herri-kantak interpretatuko dituzte.

Ekainaren 21ean, ostiralean, “Irriband” kontzertuaren txanda izango da, 19:00etatik aurrera. Saio horretan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak elkarlanean arituko dira Andrés Isasi Musikalia banda eta bertoko Biotz Alai Txiki, Lilura eta Kimez haur-abesbatzekin eta hirukotearen kanta ezagunenak interpretatuko dituzte. Hilaren 29an Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) arituko da 19:00etan. Euskal musika eskola eta kontserbatoriotako 80 ikaslek osatzen dute taldea eta Txaber Fernandez zuzenduta Sibelius eta Griegen piezak joko dituzte. Azkenik, ekainaren 30ean 3. Txiki Kanta izango da, Getxoko haur abesbatzen jaialdia, sei talde bilduko dituena.

Ereaga aretoa

Muxikebarri zentroko areto nagusia 782 pertsonako edukiera du, hiru solairutan banatuta eta formatu ertain eta handiko ekimenak hartuko ditu. Puntako baliabide teknikoz hornitu da eta horien artean  aipatzekoak dira 1.200 metro kubikoko maskor akustikoa eta agertoki motorduna. Gainera, orkestra-pezoia, 55 musikari hartu ditzakena, automatikoki igo daiteke agertokiaren mailara, horren azalera handitzeko.

 

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +