Prentsa Oharrak

Bi igogailu ezartzeko proiektua onartu da, Aiboako metro geltokia eta Neguri-Algortako goialdea lotzeko

2018/11/22

Udal Gobernu Batzordeak bi igogailu berri eraikitzeko lanak esleitu ditu, Aiboako metro geltokia eta Neguri-Algortako goialdea (“Jesusen Bihotza” Udal Zaharren egoitza eta Miguel Beascoa eta Konporte kaleak) lotzeko. Gaur aurkeztu dute proiektua prentsaurrekoan eta 1.036.942€-ko aurrekontua du, zeinetatik 900.000 euro 2018ko partaidetza bidezko aurrekontuetatik atera diren. Lanak gauzatzeko epea sei hilabetekoa da, obra hasten denetik (gabonak ondoren), eta horregatik uste da igogailuak datorren udan erabili ahalko direla. Igogailuak bertikalak izango dira, panoramikoak, eta kristalezko kabina edukiko dute; gehienez, bidaia bakoitzean 16 lagun batera garraiatzeko gaitasuna izango dute eta Alango eta Villamonteko igogailuen ordutegi berbera izango dute: 05:45etik 24:00etara.

Imanol Landa alkateak azpimarratu duenez, “jarduketa hau 2018ko parte hartzeko aurrekontuen barruan dago eta, hortaz, hiritar getxotarrek egindako ekarpen eta eskarien emaitza da, bereziki Jesusen Bihotza Udal Zaharren egoitzako erabiltzaileenak; horientzat albiste handia da.  

Proiektuaren arabera, bi igogailu eraikiko dira: lehenengoa, Aiboako metro geltokitik aterako da (geltokiko sarbideren paretik, egungo tunela amaitzen den tokian) eta bi geraleku izango ditu: bat trenbide ondotik paraleloan doan espaloiaren mailan, eta bestea gorago, sortuko den oinezkoentzako ibilbide berri baten parean, bigarren igogailura eramango duena. Bigarren ekipamendu horrek Miguel Beascoa kaleraino igoko da, eta bi sarbide izango ditu, bata zuzena Jesusen Bihotza Zahar-egoitzarako eta bertako Eguneko Zentrorako eta bigarrena Miguel Beascoa kale bertakoa. Hortaz, bi igogailuen erdian geraleku bat izango da, sortuko den oinezkoentzako ibilbide berrian, Marqués del Real Socorro eta Arkotxa kaleetan egun dauden ibilbideei segida emango diena, egungo plazaren bitartez. Egingo den bide berriaren amaieran oinezkoen pasabide bat hasiko da, Ormetxerekin lotuko dena. 25 metro igoko dira bien artean eta jarduketak ez du ukituko baso-eremua; lanek erasan zitzaketen zuhaitzak aldatu egingo dira, dauden espazioak galdu gabe, eta zuhaitz berriak landatuko dira.

Igogailu bikoitz berria eraikitzeko lanak alderdi horretako beste batzuei gehituko zaie: batetik, gaur egun Alango-Aiboa aldean oinezkoen ibilbideak hobetu eta finkatzeko egiten ari diren lanei, eta, bestetik, Alangoko 4. Igogailua eraikitzekoei; baita Euskal Herria eta Txakursolo eta Euskal Herria eta Fueros kaleetako elkarguneetan dagoeneko amaituta dauden bi biribilguneei; Juan Bautista Uribarri kaleako irekierari; eta Iturribarri parkeko oinezkoen ibilbideei. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aipatu duenez, obra berria igogailu beretik haratago doan jarduketa integral baten barruan dago, “eguneroko bizitzan hain oinarrizkoak diren zerbitzuetara, -hala nola metroa, udal Zahar-egoitza eta Udaletxea bera-, mugikortasun urriko pertsonen eta gure udalerrira datozen gainontzeko lagunen irisgarritasuna bermatzeaz gainera, urrats berri bat ere egingo baitugu aurrera, Aiboa-Alango-Arene esparru publikoa egokitzeko Plan integrala gauzatzeko bidean; honako premisa hauek dituen egitasmoa: irisgarritasun unibertsalaren, aisialdiaren eta jolas-eremuen hobetze mekanikoa eta zirkulazioaren lasaitzea. Alderdi honetan egingo ditugun lan guzti hauek Neguri eta Algorta arteko lotura berria ekarriko dute herritarren aisialdirako, erabilerarako eta gozamenerako parke berri baten bitartez, paseatzeko, egoteko eta modu erosoan leku batetik bestera joateko”, azpimarratu du alkateak. Aiboa, Alango, Arene eta Itrurribarriko esparru publikoak egokitzeko plan integralak 3 miloi euroko inbertsioa eta hamaika jarduketa aurreikusten ditu; horietatik zortzi eginda daude edo egiten ari dira. Bakarrik egiteke daude Alango kalearen egokitzea, zona horretan BOE etxebizitza gehiago eraikitzea ahalbidetzeko, Iturribarri parkearen urbanizazioa eta Aiboako baso-eremuaren egokitzea.

2005ean Ereagan lehenengo igogailua inauguratu zenez geroztik, Villamonteko biak egin dira, 2010eko martxoan; Txakursolo-Aiboakoa, urte bereko maiatzean; Alangon dauden hiruak, 2011ko maiatzean; eta Portu Zaharrekoa, aurtengo uztailean. Halaber, irisgarritasuna hobetzeko, arrapala mekanikoak ere eraiki dira, Bidezabalgoak 2006an, eta Salsidukoak 2008an. Orain Aiboa eta Neguriko goialdea/Algorta arteko konexiori ekingo diogu eta Genaratxutik Usategira arteko igogailua eraikitzea geratzen zaigu.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +