Berriak

Gizarte Larrialdietarako laguntzak

2021/04/21

GLLak eskatzeko epea zabalik azaroaren 11ra arte

Aste honetan zabaldu da GLL, Gizarte Larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea, Tokiko Gobernu batzarrak 2021ean banaketa arautuko duten irizpideak onartu berri ondoren. Laguntza horiek gastu arrunt eta ezohikoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonentzat dira, gizarte bazterkeriako egoerak prebenitzeko, ekiditeko edo arintzeko, eta pandemiaren ondorioei aurre egiten laguntzeko abian jarritako Getxo Ekinez planaren jardueren artean kokatzen dira. Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza dira diru-laguntza horiek, eta aurten Getxo udalerrirako 1.132.715€ zuzenduko ditu eta, urtero bezala, Udalak, beharrezkoa izatekotan, gainontzeko dirua ipiniko du eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko. Udal Gizarte Zerbitzuek laguntzak bideratu, gestionatu eta ordaintzeko ardura dute. Aurten GLLak eskatzeko epea datorren azaroaren 11ra arte egongo da irekita eta beharrezkoa da aurretiko zita telefonoz eskatzea (dagokion bulegora), ondoren tramiteak egitera aurrez aurre joateko.

GLLak ohiko bizilekua edo etxebizitza erabiltzeko eta mantentzeko gastuak ordaintzeko zuzentzen dira, ondoko hauek barne: alokairua, kredituaren amortizazioa eta interesak, etxe-asegurua, EIT-Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa, etxearen konponketa eta egokitzapena, eta energia, ura, zaborra eta estolderia, OHZ, galdarak mantentzea, oinarrizko ekipamendua, oinarrizko beharrizanak (elikadura, janzkera, heziketa eta Osakidetzak estali gabeko osasun-arreta) eta zorpetzea.

Eskatzaileek aurreko urteotan jasotako GLLen justifikazioak egunean eduki beharko dituzte. Emandako laguntzak justifikatu beharko dira gastuak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuz. Gastuen justifikazioak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 28an amaituko da.

Aurretiko hitzordua telefonoz eskatzeko zenbakiak dira 944660153 Romo-Areetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzurako, 944660101 Algorta-Negurirako, eta 944660130 Getxo-Andra Marirako.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +