Berriak

Aiboako igogailuak

2020/02/10

Abian dira Aiboako metroaren geltokia eta Neguri-Algortako goiko aldea lotzen dituzten igogailuak

Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Keltse Eiguren Bihotz Sakratuaren Udal Egoitzako presidenteak, beste udal ordezkari batzuekin, aipatutako zentroko egoiliarrekin eta Fekoor-Gutxitasun fisikoa edo/ta organikoa duten Bizkaiko pertsonen Federazio Koordinatzaileko kideekin batera, Aiboako metroaren geltokia eta Algortako goiko aldea lotzen dituzten bi igogailuak inauguratu dituzte gaur goizean. Jarduera honen bidez, oro har konexio irisgarria emango da, Neguritik (Txakursoloren igogailuekin) Aiboara eta Alangora.

Ekipamendu hori esparru horretako irisgarritasuna hobetzeko beste urrats bat da Ekipamendu horrek irisgarritasuna emango dio Aiboako goiko aldeari eta Los Fueros kaleari (Miguel Beascoa kalearen bidez, kale hori irekitzen denean); alderdi horretan daude, besteak beste, udalaren Jesusen Bihotzaren Zaharren Egoitza, udaletxea, epaitegiak, San Inazio ikastetxea, Foru Ogasunaren bulegoa eta Alango anbulatorioa. Bestalde, zaharren egoitzaren erabiltzaileek erreklamatzen zuten ekipamendua da (proiektua haiekin partekatu zen) eta 2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan eskatu zen.

Amaia Agirre alkateak azpimarratu duenez, “jarduketa hau 2018ko parte hartzeko aurrekontuen barruan dago eta, hortaz, hiritar getxotarrek egindako ekarpen eta eskarien emaitza da, bereziki Jesusen Bihotza Udal Zaharren egoitzako erabiltzaileenak.

Bi igogailu eta bi geraleku

Gauzatutako proiektuari dagokionez, lehenengo igogailua, Aiboako metro geltokitik ateratzen da (geltokiko sarbideren paretik, egungo tunela amaitzen den tokian) eta bi geraleku ditu: bat trenbide ondotik paraleloan doan espaloiaren mailan, eta bestea gorago, eraiki berri den oinezkoentzako ibilbidearen parean, bigarren igogailura daramana. Bigarren ekipamendu hori Miguel Beascoa kaleraino igotzen da, eta bi sarbide ditu; bata, Jesusen Bihotza zahar etxean eta bere Eguneko Zentroan zuzen sartzeko eta bigarrena, Miguel Beascoa kalean bertan dagoena. Hortaz, bi igogailuen erdian geraleku bat dago sortutako oinezkoentzako ibilbidean; Marqués del Real Socorro eta Arkotxa kaleetan egun dauden ibilbideei segida ematen die ibilbide berriak, egun dagoen plazaren bitartez. Horrela, kaleak Aiboa-Alangon egindako jarduketa berriarekin lotzen dira eta Algortako erdigunerantz jarraipena ematen da.

Guztira, 25 m-ko desnibela gainditzen da. Jarduketaren ondorioz, basoetan ez da modu gogorrean esku hartu eta garraio-aleak, eukaliptoak kasu, oinezkoentzako ibilbide berri horiekin bateragarri egin ditu; lanek eragindako zuhaitzak birlandatu dira, dauden espazioak galdu gabe.

Esparru orokorra

Igogailuak bertikalak dira, panoramikoak, eta kristalezko kabina daukate; bidaia bakoitzean gehienez 16 lagun garraiatzeko gaitasuna dute eta Alango eta Villamonteko igogailuen ordutegi berean funtzionatzen dute, 05:45etik 24:00etara.

Bi igogailu berriak, honako lan hauei gehitu behar zaizkie: gaur egun Alango-Aiboa aldean oinezkoen ibilbideak hobetu eta finkatzeko egiten ari direnei; Alangoko laugarren igogailua eraikitzekoei; Euskal Herria eta Txakursolo eta Euskal Herria eta Fueros kaleetako elkarguneetan dauden biribilgune berriei; Juan Bautista Uribarri kaleko irekierari; eta Iturribarri parkeko oinezkoen ibilbideei. Agirrek gogoratu du, aipatutakoaz gain, igogailu hauek “urrats berri bat dira Aiboa-Alango-Arenen esparru publikoa egokitzeko Plan integrala gauzatzeko bidean. Honako premisa hauek ditu plan horrek: irisgarritasun unibertsalaren, aisialdiaren eta jolas-eremuen hobetze mekanikoa eta zirkulazioaren lasaitzea. Alderdi honetako lan guzti hauek Neguri eta Algorta arteko lotura berria ekarriko dute, irisgarria, herritarren aisialdirako, erabilerarako eta gozamenerako parke berri baten bitartez, paseatzeko, egoteko eta modu erosoan leku batetik bestera joateko”.

Aiboa-Alango-Arene-Itrurribarri aldeko esparru publikoak egokitzeko plan integralak 3 miloi euroko inbertsioa eta 11 jarduketa aurreikusten ditu; horietatik zortzi eginda daude edo egiten ari dira. Egiteke daude Alango kalearen egokitzea, bertan babes ofizialeko (BOE) etxebizitza gehiago eraikitzea ahalbidetzeko, Iturribarri parkearen urbanizazioa eta Aiboako baso-eremuaren egokitzea, neurri batean hasita dagoena.

2005ean Ereagan lehenengo igogailua inauguratu zenez geroztik, Villamonteko biak egin dira, 2010eko martxoan; Txakursolo-Aiboakoa, urte bereko maiatzean; Alangon dauden laurak, (2011tik 2019ra); eta Portu Zaharrekoa, iazko uztailean. Halaber, irisgarritasuna hobetzeko, arrapala mekanikoak eraiki ziren Bidezabalen, 2006an, eta Salsidun, 2008an. Genaratxu eta Usategi lotuko dituen igogailua eraikitzea geratzen da, baita Arene-Areneazpiko bosgarren igogailua. Azken horrek Iparbideko ardatza amaituko du Alangoraino, Fadurako Udal Kirol Hirira eta Alango-Aiboa-Arkotxa aisialdirako hiri-eremu berrira iristeko ibilbide seguruak eginez.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +