2022/9/21
#WantedGetxo programaren bitartez gazteek garatutako proiektuak martxan jartzen lagundu nahi dugu; hain zuzen, orientazio, aholkularitza tekniko edo finantzaketa faltagatik aurrera egiteko zailtasunak dituzten proiektu horiek. 18 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta horiek urteko edozein unetan aurkez dezakete beren proiektua. Oso erraza da parte hartzea: jar zaitez harremanetan Gazteria Zerbitzuarekin gazteria@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez eta eskatu hitzordua zure proiektua azaltzeko. Zehatz-mehatz azalduko dizugu programa.
Irailaren 17an egin genuen 2022ko #WantedGetxo tailerra. Tailerraren funtsezko helburua aurkeztutako proiektuak aberastea izan zen (zazpi aurkeztu ziren deialdira). Horretarako, pertsona talde heterogeneo bat deitu zen.
Alde batetik, proiektua aurkeztu zuten gazteek parte hartu zuten. Saioan, askotariko alorretako proiektuak aurkeztu zituzten, eta honako gai hauek jorratu zituzten: artea, kultura urbanoa, dantza, hezkuntza, literatura, ikus-entzunezkoak eta beste jakintza arlo batzuk. Halaber, askotariko garapen proposamenak aurkeztu zituzten: bideoak grabatzea, ekitaldiak nahiz erakusketak egitea, artelanak egitea eta film laburren postprodukzioa eta banaketa egitea.
#WantedGetxon proiektu bat jasotzen dugun bakoitzean, proiektuaren gaian esperientzia duen aditu baten bila hasten gara, horri buruzko aholkuen txosten bat egin dezan eta proiektuko sustatzaileekin bildu dadin ekarpenak egiteko. Aditu horietako askok ere parte hartu zuten saio horretan. Hala, ekitaldi nahiz erakusketen antolakuntzan, artean, diseinu grafikoan, psikologian eta ekintzailetzan adituak daude, bai eta Gazteria eta Ekonomia Sustapen arloetako udal langileak ere.
Saioan hainbat dinamika izan ziren, guztiak helburu bakarrera bideratuta: proiektuak ezagutzea eta horiei ekarpenak egitea hainbat ikuspuntutatik. Bukatzeko, erronda bat egin zen honako galdera honi erantzuteko: “zer jaso duzu saio honengandik?” Honako erantzun hauek gehien errepikatu zirenak izan ziren: energia eta ideia berriak.
Orain proiektuei buelta bat ematea dagokie, urriaren 7a baino lehenago berriro aurkezteko. Zorte on!