2024/11/4
Abenduaren 31ra arte egongo da zabalik epea 2024an enplegua sortzea sustatzeko Getxoko enpresei zuzendutako laguntzak eskatzeko. Laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegua sustatzeko tokiko ekintzetara bideratutako laguntzen deialdiaren barruan daude. Dirulaguntza eskaera aurkezten den hurrenkeraren arabera emango da, betiere behar bezala beteta badaude eta espedientea osatuta badago, aurrekontu-kredituaren mugaraino: 134.195 euro.
Dirulaguntza hauek Getxon erroldatuta dauden eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak kontratatu dituzten tokiko enpresei zuzenduta daude. Kontratu horiek 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean hasitakoak izan beharko dute, eta mugagabeak, lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan beharko dute, lanaldiaren %50arekin gutxienez. Gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izango da lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko. Diruz lagunduko dira lanaldi partzialeko kontratuak ere, gutxienez lanaldiaren %50ekoak. Laguntza 10.000 eurora arte igoko da DSBE/GGIren titular edo onuradun diren pertsonen, 35 urtetik beherakoen, iraupen luzeko langabeen eta 55 urtetik gorakoen kolektiboetako pertsonak kontratatzen badira.
Aurten ere diruz lagunduko dira artisten eta ikuskizun publikoetako teknikarien eta laguntzaileen iraupen jakineko kontratuak (horien gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izango da, eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, gutxienez lanaldiaren % 50ekoak). Kasu honetan, gehieneko laguntza 6.000 eurokoa izango da 6 hilabeteko edo gehiagoko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko (3.000 €, 3 hilabeteko kontratuetarako). Eta laguntza 7.500 eurora arte igoko da 6 hilabeteko edo gehiagoko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, baldin eta DSBEren titular edo onuradunen, 35 urtetik beherako pertsonen, iraupen luzeko langabeen eta 55 urtetik gorako pertsonen kolektiboetako pertsonak kontratatzen badira.
%50etik gorako edo 3 eta 6 hilabete arteko lanaldi partzialeko kontratazioei dagokienez, dirulaguntza (laguntzaren gehieneko muga), edozein kasutan, lanaldiaren eta/edo lan egindako denboraren proportzionala izango da. Bestalde, kontratuak emakumeei egiten zaizkienean, dirulaguntzaren zenbatekoa %10 handituko da. Laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du gainditu kontratatutako pertsonaren urteko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen %75 (kolektiboaren kasuan, %100).
Gainera, kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute berekin, diruz lagundutako kontratuaren xede diren pertsonak enpresan sartu aurreko 6 hilabeteetan enpresan dagoen batez besteko plantilla osoaren gainean. Kanpoan geratzen dira aurreko deialdietan enpresa berean pertsona berak kontratatu izanagatik laguntza jaso duten lan-kontratazioak.
Dirulaguntza eskaera aurkeztu den hurrenkeraren arabera emango da, betiere behar bezala beteta badaude eta espedientea osatuta badago, aurrekontu-kredituaren mugaraino.