2024/2/27
Getxo Itsas Hub-ek, Kirol Portuan dagoen itsas eta irristaketa-industrietarako ekintzailetza-zentroak, lehenengo “Getxo Itsas Talks” hitzaldiak antolatuko ditu martxoaren 5ean.
“Getxo Itsas Talks” hitzaldiak itsas eta irristaketa-industrietan diharduten enpresei zuzendutako saioak izango dira, zeinetan ezagutza, inspirazioa eta partekatutako esperientzia jorratuko baitira.
GETXO ITSAS TALKS
Hurrengo saioa: martxoak 5, asteartea / 13:00 / Getxo Itsas Hub:
KGUARD: Zentro teknologikoetara hurbiltzea eta nazioartekotzea.
Jon Santacolomak, sortu berri den Bizkaiko KGUARD markaren arduradunak, honako hauek partekatuko ditu Getxo Itsas Hub-eko ekosistemarekin: bere produktuen garapenei lotuta Tecnalia zentro teknologikora egindako hurbilketaren gaineko esperientzia, giltzarriak nahiz emaitzak, eta SPRIko Basque Trade & Investment programan nazioartekotze-gaietan duen esperientzia.
Bertatik bertara eta itsasoko eta irristaketako ekosisteman dagoen enpresa baten bidez ikasiko duzu nola hurbildu zentro teknologiko batera nahiz SPRIko nazioartekotzeko programa jakin batera.
KGUARD
Nola gorde dezakezu kotxeko giltza segurtasunez aire zabalean itsas kirol bat egiten duzunean? Jon Santacolomak galdera hori egin zion bere buruari 2018an, merkatuan ez baitzuen fidagarria eta erosoa zen produkturik aurkitu. Hutsune hori betetzeko asmoz, lehenengo prototipoak egin zituen, probak eta saiakuntzak eginez. Bi urte igaro ondoren, 2020an, produktua patentatu eta ziurtatu ondoren, lehenengo produktua jarri zen salgai: Kguard (Kguard Bag). Gaur egun bederatzi produktu ditu jada, horiek guztiak aire zabaleko itsas kirolera zuzendutakoak, eta presente dago jada AEBn, Erresuma Batuan, Europar Batasunean, Australian, Japonian, Ekialde Hurbilean eta Latinoamerikan. Horrez gain, azken egunotan iF Design Award sari ospetsuetako finalista hautatu dute. https://www.kguard.es/
Izen-emateak: getxoitsashub@getxo.eus
Edukiera mugatua