2025/9/18

Bihartik aurrera, irailak 19, ostirala, Getxok GetxoBono 2025 kanpainaren bigarren aldia jarriko du abian, bonuak trukatu aurreko aktibazio faseari eutsiz. Lehen edizioan bezala, GetxoBonoez gozatu ahal izateko, aldez aurretik aktibatu beharko da GetxoBonorako eskubidea, irailaren 19tik urriaren 8ra bitartean egindako 20 euroko edo gehiagoko erosketa baten bidez, atxikitako 215 establezimenduetako edozeinetan — aurreko aldian baino 17 gehiago —. 16 urtetik gorako pertsona guztiek aktibatu ahal izango dituzte, NAN, AIZ edo pasaporteaz nortasuna egiaztatuz.
Getxolan-Ekonomia Sustapena Arloko zinegotziak, Juanma Gonzálezek, adierazi duen bezala, “oso ekimen positiboa da Getxorentzat, hurbileko merkataritzan berehalako kontsumoa aktibatzen duelako eta, gainera, fidelizazioa sortzen duelako, herritarrak bi aldiz erlazionatzen direlako negozioarekin, bonua aktibatzean eta trukatzean, merkataritza txikia eta tokiko ehunarekiko konfiantza indartuz”.
Oraingoan, GetxoBonoek paper nabarmena izango dute Aukeren Merkatuan, hori ere udalerrira itzuliko da irailaren 24tik 27ra, eta eguraldiak laguntzen ez badu luzatzeko aukera dago 29ra eta 30era arte, astelehena eta asteartea. Egun horietan, tokiko 53 saltokik kalera aterako dituzte beren produktuak, beren eskaintza jendeari hurbiltzeko eta udalerriko kontsumoa dinamizatzeko helburuaz.
Establezimenduek bezeroei deskontuak, promozio bereziak eta GetxoBonoak aktibatzeko aukera eskainiko diete, ondoren urriaren 10etik azaroaren 21era arte gozatzeko.
Bi ekimen horiek Udaleko Ekonomia Sustapena Arloak sustatzen ditu, eta tokiko merkataritza txikia suspertzera eta udalerriko merkataritza eta zerbitzu establezimenduetan kontsumoa sustatzera bideratuta daude.