2025/7/17
Getxoko Udalak jai jendetsuenetarako (Algorta, Romo, Portu Zaharra eta Areeta) eta Aixerrotarako Paelletarako segurtasun-dispositibo berezia eman du ezagutzera gaur. Helburua da pertsona guztiek giro alai, seguru eta errespetuzkoan gozatzea. Ekitaldian Amaia Aguirre alkateak, Keltse Eiguren Udaleko Segurtasuneko arloko zinegotziak, eta Tomás Santin eta Joseba Andoni Expósito, Getxoko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako komisarioek, hurrenez hurren, hartu dute parte.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-operatibo bateratua ezarriko dute eta hurrengo neurriak azpimarra daitezke:
- Erdiguneko karpa bat jartzea, jai-eremu bakoitzean identifikatzeko modukoa, laguntza eta informazio puntu azkar eta eraginkorra eskaintzeko.
-Arma zurien kontrolak egitea puntu estrategiko eta ordu desberdinetan, eta berehala jardutea edozein borroka edo liskarren ondorioz.
-Adingabeei alkoholaren salmenta eta kontsumoa kontrolatzea.
-Alkoholemia-kontrolak hainbat ordutan eta udalerriko hainbat kaletan.
-Jai-esparru bakoitzean segurtasun “burbuila” bat ezarriko da, eta horren helburua izango da hiritarrengandik gertu egotea, behar badu edo edozein motatako informazio garrantzitsua helarazi nahi badu.
-2024an bezala, bideo-zaintza kamerak instalatuko dira jai esparru guztietan.
-Kalez kaleko salmenta eta dagokien baimenik gabeko elikagaien salmenta kontrolatuko dira.
-Lokalen eta ekitaldien ordutegiak/itxierak kontrolatuko dira.
-“Gune more”ekin harremanetan egongo da, indarkeria matxistaren biktimak hasieratik babesteko eta egileak berehala atxilotzeko.
-Jai bakoitzean behar diren trafiko-mozketak eta desbideratzeak egingo dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzen saiatuz, baina esparru guztiak pertsona guztientzat seguruak izan daitezen helburuarekin.
Era berean, Babes Zibilak ekitaldi guztietako segurtasuna zainduko du, azpiegiturak behar bezala instalatzen direla bermatuz, eta jaietako programetan sartutako jarduera bakoitzari beharrezkoak diren auto babes-baliabideak emanez: osasun-zerbitzuak (anbulantziak, osasun-langileak, etab.), ebakuazio-bideak, larrialdietako ibilgailuetarako sarbideak, suteen aurkako babes-bitartekoak, etab. Auto babeserako Plana ezarriko da paellen kasuan, bai eta gainerako jaietan beharrezkoak diren segurtasun, dokumentazio eta higiene-neurriak ere.
Amaia Aguirre alkateak gogoratu du, "udako jaiak dira Getxon gehien espero direnak. Batzen gaituzten jaiak, hunkitzen gaituztenak eta talde baten parte garela sentiarazten gaituztenak. Pozik eta errespetuz bizi nahi dugu. Eta, horretarako, segurtasun-dispositibo sendo bat prestatu dugu, guztiak zaintzeko pentsatua, ondo antolatutako baliabideekin eta eraginkortasunez jarduteko prest dauden profesionalekin. Baina segurtasuna ez da erakundeetatik bakarrik eraikitzen. Denok gara herriaren parte, denon artean eraikitzen dugu herria. Denok daukagu zerbait eskaintzeko. Horregatik, jaietan parte hartzen dutenen errespetua, herritartasuna eta lankidetza eskatzen ditugu. Keinu bakoitzak balioa du. Jai herrikoiak nahi ditugu, erasorik gabekoak, garrantzitsuena ondo pasatzea baita, gure kulturaz, musikaz eta topaketez gozatzea. Ez dugu istilurik nahi. Getxoren ezaugarri direnangatik gogoratu eta bizi nahi ditugu jaiak: pozagatik, bizikidetzagatik, elkarrekiko errespetuagatik eta guztiok batera gozatzeko askatasuna izateagatik”.
Getxoko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako komisarioek nabarmendu dutenez, “helburua da jai lasaiak bermatzea. Ondo dimentsionatutako dispositibo fidagarri bat zabaldu dugu, gerta daitezkeen gorabeherei aurrea hartzeko eta, beharrezkoa izanez gero, azkar jarduteko. Baina baliabide teknikoak edo pertsonalak bezain garrantzitsuak dira pertsona guztien jarrerak. Errespetua, lankidetza eta sen ona funtsezkoak dira dena normaltasunez igaro dadin. Iaz, gertakari nabarmenik gabe ospatu ziren jaiak, eta espero dugu aurten ere modu berean gertatzea”.