2025/6/30

Getxoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenerako egindako Ingurumen-Adierazpen Estrategikoa aldeko jarrerarekin jaso du. Hori funtsezko urratsa da etorkizuneko ikuspegiarekin, ingurumen-konpromisoarekin eta erantzukizun kolektiboarekin diseinatutako hiri-eredua behin betiko onartzeko eta indarrean sartzeko.
HAPO berri hau ez da soilik tresna tekniko bat, baizik eta balio kolektiboko erabaki bat, hau da, aldez aurretik eta sentsibilitatez planifikatzea egungo eta biharko erronkei aurre egiteko. Eraginkortasunean eta ekitatean oinarrituta, Planak udalerriak zeharkatzen dituen trantsizio demografiko, sozial eta ekologikoei erantzuten die, eta inklusioaren, iraunkortasunaren eta lurralde-orekaren ikuspegitik egiten du.
Ildo estrategiko nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
• Aurreko HAPOn aurreikusitako lurzoru urbanizagarriaren % 70 baino gehiago desklasifikatzea eta horrek esan nahi du hazkundea mugatzearen eta ingurune naturala babestearen aldeko apustu handia egitea.
• Dagoeneko urbanizatuta dagoen lurzorua oneratzearen eta eraginkortasunez erabiltzearen aldeko apustua, sakabanatzea saihestuz eta eskuragarri dagoen espazioa zentzuz erabiltzeari lehentasuna emanez.
• Ingurumen-irizpide aurreratuak integratzea, habitat naturaletan, airearen kalitatean, mugikortasun iraunkorrean eta klima-aldaketara egokitzean arreta berezia jarriz.
• Espazio publikoa eta mugikortasun iraunkorra hobetzea, ingurune irisgarriagoak, osasungarriagoak eta erresilienteagoak sustatuz.
• Balio handiko etxebizitza-estrategia eta jarduera ekonomikoa garatzea, errealitate demografikoari, eta bizitzeko, ekoizteko eta elkarrekin bizitzeko modu berriei egokituta.
Amaia Aguirre Getxoko alkateak oso positibotzat jo du ebazpena. "HAPO honekin, Getxok pertsonengan, gaur egun duen ongizatean eta biharko uzten dugun ondarean pentsatzen duen udalerria izatea aukeratzen du. Planak hiria zorroztasunez, erantzukizunez eta anbiziozeraikitzen du, hemen bizi, lan egin eta gozatu ahal izatearen ziurtasunarekin, garenari eta izan nahi dugunari uko egin gabe". Alkateak gogoratu duenez, “HAPO etorkizunerako begirako orainaldiko ituna da, lurraldea modu koherentean antolatzen duena, natura- eta kultura-ondarea zaintzen duena, eta bizileku- eta ekonomia-beharrei erantzuten diena, hurbiltasun-, oreka- eta pertenentzia-logikaren arabera".
Gainera, ebazpenak azpimarratzen du jarraitutako prozedura zehatza eta parte-hartzailea izan dela, administrazioei, gizarte-kolektiboei eta herritarrei egindako kontsultak barneratuz, baita azken proposamenean alegazio eta hobekuntza tekniko ugari ere.
Aldeko Ingurumen-Adierazpen Estrategiko honekin, Getxok aurrera egiten du hiri-plangintza aitzindaria behin betiko onartzeko, getxotarren zaintzarekin, ongizatearekin eta etorkizunarekin konprometitua.