2025/1/30
Udal-gobernuaren (EAJ/PNV eta PSE-EE) aldeko botoekin, eta PP, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemosen abstentzioekin, gaur, ohiko osoko bilkuran, Algortako udal-merkatuaren administrazio-emakidaren kontratua aldatzea onetsi da, Kantxa Kirol Moda dendaren lokalean Algortako GauEgun gaztelekua jarriko baita; gaur egun Urgull kalean dago eta lekualdatuko da.
Gobernu-taldeak hau nabarmendu du: “erretiroagatik hutsik dagoen espazio berriak abantailak ekarriko ditu, gazteen beharrei erantzuteko pentsatuta eta diseinatuta baitago. Lokala aldatuko da gazteei espazio duinak, erakargarriak, irisgarriak, handiagoak eta diseinu modernoagokoak emateko beharra dagoelako; hainbat jarduera garatu ahal izateko”.
EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beren “harridura” agertu dute "udal-gobernuaren asmo hori ezagutzen ez dutelako, eta horrek eztabaida demokratikoa mugatzen du", eta gardentasun gutxi izatea leporatu diote. PPk hau dio: “lokal horretan saltoki bat jarri behar zen, udal-merkatuan dago-eta, eta udalak ahalegina egin behar zuen enpresa-transmisioa ona eta egokia izan zedin lehenesteko”. EAJ/PNVk eta PSE-EEk erabaki horretara iritsi arte emandako pausoen berri eman dute eta hau gogorarazi dute: “beti defendatuko dugu udal merkatuaren eta bere merkataritza jardueraren jarraipena, baina lokala hutsik dagoela eta, azkenean, enpresa ekimen pribatuak ez duela aurrera egin kontuan hartuta, aukera ontzat jo da”.
Beste kontu eta mozio batzuk
Era berean, Alkatetza Arloari atxikitako Lanpostuen Zerrendan lanaldiaren %100 izango duen aholkulari bat edo lanaldiaren %50 izango duten bi aholkulari sartzea erabaki da. EH-Bilduk eta Podemosek hau esan dute: “erabaki hori neurrigabea da, Alkatetzak aholkulari nahikoak baititu bere lana egiteko; batez ere, hirigintzako teknikari gehiago behar direnean. Aholkulari batek ezin du teknikari baten lana egin”. Bestalde, Gobernuak gogorarazi duenez, “txertatze hori dagoeneko 2025eko indarrean dagoen aurrekontuan islatuta eta iragarrita zegoen; beraz, joan den abenduaren 19ko ezohiko osoko bilkuran erabakitakoa betearaztea da helburua. HAPO berria berehala behin betiko onartzeko beharrezkoa da, hura hobeto gauzatzen eta garatzen laguntzeko. Hirigintza egikaritzearekin zerikusia duen guztia ezagutzen duen pertsona da. Ez dago obskurantismorik, ezta antzekorik ere”.
Mozioen kapituluan, hiru onetsi dira. Aho batez, PPtik abiatu den eta EAJ/PNVk eta PSE-EEk trantsakzionatu duten bati oniritzia eman zaio, "Gobernu-taldeak konpromisoa har dezan bidegorrien seinaleak berrikusten jarraitzeko, behar den lekuan hobetzeko, batez ere puntu gatazkatsu eta arriskutsuenetan, eta herritar guztientzako prestakuntza- eta sentsibilizazio-kanpainak sustatzen jarraitzeko, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriko Planaren estrategiarekin bat etorriz".
Testigantza-izaerarekin, EH-Bilduren beste bi mozio ere onetsi dira. Lehenengoak eserleku iskiatikoak (hiri-altzarien elementuak, aldakaren behealdea bertan jarriz zutik etzateko) espazio publikoetan jartzea eta inbertsioa eta leku estrategikoetan (adineko pertsonak edo mugikortasun-premia bereziak dituzten pertsonak biltzen diren lekuetan...) instalatzeko plana bere gain hartzea eskatzen du. Aldiz, bigarrenak planteatzen du gobernu-taldea hondakinen murrizketari, prebentzioari eta kudeaketari buruzko eta ekonomia zirkular baterako ordenantza eta dagokion prozesu parte-hartzailea egiten hastea. Era berean, zaborrak bildu, garraiatu eta tratatzeko tasa egokitzeko prozesua abian jartzea, eta udal-hondakinak kudeatzeko, prebenitzeko eta murrizteko plan zuzentzaile bat egitea, herritarren, gizarte-eragileen eta alderdi politikoen parte-hartzearekin.
Osoko bilkura berezia
Ohiko osoko bilkuraren aurretik, beste ezohiko bat egin da, EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, Getxoko Instrukzioko 2. zenbakiko Epaitegiaren aurretiazko eginbideetan Udalak herri-akusazioa egin dezan, Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian dagoen eraikina eraisteari dagokionez. Eraikin horretan 12 etxebizitza eraiki behar zituzten. Proposamena atzera bota dute EAJ/PNV eta PSE-EEren aurkako botoekin eta PPren abstentzioarekin.
Gogoratu behar da promotore batek abuztuan eraitsi zuela eraikin hori. Eta hasieran aurkeztutako proiektuarekin bat ez zetorrenez, eraikina mantentzearen alde egiten baitzuen, eraispen horrek urratu egin zuen aldez aurreko lizentzia, eta Udalak hainbat ekintza hasi zituen legezkotasuna berrezartzeko.
Bai EH-Bilduren bai Podemosen ustez (alderdi politikoen adostasunez abokatu bat eta prokuradore bat hautatzea proposatu dute akusazioa egiteko), “Udal Gobernuak oztopoak jartzen ditu, 27 galdera uzten ditu gai honi buruz erantzun gabe, eta ilunzalea da, gardentasunez jokatu beharrean; hori larria da, eraikin babestu bati buruz hitz egiten ari garelako eta gure ondarea defendatu eta zaindu behar dugulako, modurik onena izanik herri ekintza gisa pertsonatuz”.
Bestalde, Udal Gobernuak (EAJ/PNV eta PSE-EE) adierazi duenez, “epaitegiek eta auzitegiek argudiatutakoaren arabera, administrazio publikoek herri-akusazioa egitea ez da bidezkoa interes orokorra defendatzeko, Ministerio Fiskala baita hori egiteko eskumena duen organoa. Gainera, ez ditu Getxoren interes orokorrak bermatzen”. Gobernuak ekintza politikoaren legitimazioa aldarrikatu du, osoko bilkura agertoki mediatiko gisa erabiltzearen aurrean. “Bi alderdiek badakite Udalak zer ekintza egin dituen, administrazio-arloko zehapen-eskumenak erabiltzen ari dela eta bi zehapen-prozedura daudela abian, eta Fiskaltzari gertaeren berri emateko aukera dagoela, delitu izan daitezkeela uste badu. EH-Bilduren eta Podemosen proposamenak udal zerbitzu juridikoen profesionaltasuna gutxiesten du, ez ditu prozesu judizialak errespetatzen eta maniobra demagogikoa baino ez da, udal gobernua ahuldu eta lan instituzionalari zilegitasuna kendu nahi diona”.
PP abstenitu egin da, zeren eta “gobernuaren ekintza negargarria izan den arren, ez gaude ados abokatua eta prokuradorea izendatzearekin, udalean zerbitzu juridiko bat dagoenean, eta zerbitzu hori arduratu egin daiteke. EH-Bildu eta Podemos inprobisazioan eta planifikazioan erori dira, eta akatsa izan zen fiskaltzara datu osatugabeekin joatea. Guk kasua ikertzen eta aztertzen jarraitzen dugu, eta delitu zantzurik badago, akusazio partikular gisa aurkeztuko gara ”.