2025/1/21
Udalak Mayor kalea erdi oinezkoentzat bihurtzeko 2. faseko obrak hasi ditu, bai eta Maximo Agirre kalean Bulebar berdea sortzekoak ere, biak Areetan. Eduardo Coste kalean Getxo eta Bilbo bizikletaz lotzeko laster zabalduko den bidegorriko lanei gehitzen zaizkie. Ekonomia suspertzeko Europako “NextGenerationEU” funtsetatik jasotako 3.053.640 euroen bidez finantzatutako hiru obrekin, Getxok aurrera egingo du mugikortasun jasangarria sustatzeko eta oinez eta bizikletaz egindako joan-etorriak sustatzeko.
“Jarduketa hauek mugikortasun jasangarriarekin eta hiri ingurune gizatiarrago, seguruago eta irisgarriago bat sortzearekin dugun konpromisoa erakusten dute. Funtsezko urratsak dira pertsonak, espazio publikoaren kalitatea eta ingurumenarekiko errespetua lehenesten dituen hiri-eredua izateko. Lan hauekin, Eduardo Coste kalean ia bukatuta dagoen bidegorriarekin batera (laster lotuko du Getxo Bilborekin), Areetan oinezkoentzako eta txirrindularientzako lekua berreskuratzen jarraitzen dugu, klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera eginda. Hemen bizi garenoi mesede egiteaz gain, jarduketa hauek Getxo erreferente gisa kokatzen dute klima-aldaketaren aurkako borrokan eta hiri-eredu jasangarriago baterako trantsizioan”, Getxoko alkate Amaia Aguirrek nabarmendu duenez.
Bestalde, Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Janire Ociok adierazi duenez, “abiatzen diren bi obrek irisgarritasuna eta ibilgailuak eta oinezkoak batera egoteko plataforma bakarra errazten dituzte, baina azken horiek, oinezkoak, lehenesten dituzte argi eta garbi; trafikoa baretzen dute bi eremuetan, eta horrek segurtasuna ematen die oinezkoei; bidegorrien sarea zabaltzen dute; hiriko ingurumenaren kalitatea hobetzearen eta garraiobide jasangarrien alde egiten dute, eta, gainera, aurrera egiten dute Emisio Txikiko Eremuaren konfigurazioan eta deskarbonizazioan”.
Obrek dirauten bitartean, Mayor eta Máximo Aguirre kaleetan bi informazio-modulu izango dira (bigarren kalekoa laster ipiniko da). Horietan, pertsonek nahi dituzten kontsultak egin ahal izango dituzte: trafikoaren eraginak, proiektuaren xehetasunak…, goizez eta arratsaldez.
Mayor kalea
Obra Areetako Etorbidea-Bizkaia Zubia plazatik Santa Ana kalearekiko elkarguneraino doan zatian egingo da, eta Santa Ana kalea eta Areetako Geltokia plazaren artean 1. Fasean egindako lanen jarraipena izango da, inguruko oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko eta bidegorriaren jarraipena errazteko.
Horrela, oinezkoentzako lehentasunezko eremu hori osatuko da, zirkulazio barearekin batera, eta kalea erdi oinezkoentzat bihurtzeko lehen fasean ez bezala, bigarren faseko tarte horretan ibilgailuz zirkulatu ahal izango da, plataforma bakarrean.
Lanek 5 hilabeteko iraupena izango dute, eta esleipen-aurrekontua 978.033 eurokoa izango da, %90ean Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatuta, hirien ingurumen-kalitatea hobetzeko eta hirietako mugikortasun jasangarria sendotzeko.
Proiektuak lineako aparkaleku bat izango du ezkerreko ertzean, eta bateriako aparkaleku bat eskuineko ertzean, kalearen hasieran, taxi-geltokiaz eta bere lineako aparkalekuaz gain. 7 aparkaleku galduko diren arren (54tik 47ra murriztuko dira), horiek Eduardo Costen irabaziko direnekin konpentsatuko dira. Zona osoan aparkaleku-plaza bat irabaziko da.
Trafikoari eragitea
Obrak direla eta, ibilgailuen zirkulazioa eten egin da Eduardo Coste eta Barria kaleen arteko zatian hilabete eta erdiz, eta, beraz, ibilgailuak Mayor kalera sartu beharko dira Barriatik barrena. Ildo horretan, autobusak errazago igaro/biratu ahal izateko, kale horretako aparkaleku batzuk kenduko dira, Paulino Mendibil biribilgunearen eta Mayor kalearen artean. Era berean, jarduketa-eremuan eta inguruko kaleetan aparkaleku-plaza gehiago okupatuko dira; lanek eragindako baldintzen arabera murriztuko dira aparkalekuak.
Era berean, garajeetarako sarbideak murriztu ahal izango dira, eta, ondorioz, une batzuetan 48 orduz itxita egongo dira. Itxiera horiek dagokien garaian jakinaraziko zaizkie eragindako komunitateei.
Bestalde, Maximo Agirre kaleko trafikoaren gaineko eraginak aurrerago jakinaraziko dira.
Máximo Aguirreko bulebarra
Obrak hartuko duen eremua da Eduardo Coste kalearekiko elkargunetik Santa Ana ermita dagoen plazaraino, eta ermitatik Ibaigane kaleraino. 1.645.363 euroko lizitazio aurrekontua du, eta 6 hilabete inguruko exekuzio-epea.
Jarduketa horrek jarraipena emango dio dagoeneko Getxon hasitako beste lan batzuei, erdigunean oinezkoentzat eta txirrindularientzat atseginagoa izango den gune bat sortzeko helburua dutenak, non oinezkoak eta trafiko barea plataforma bakar batean batera existituko diren; izan ere, oinezkoek lehentasuna izango dute, baina ibilgailuek ere zirkulatu ahal izango dute. Jarduketaren barruan sartuko dira bi aparkaleku-ilara egiteko lanak, eta zuhaitzak eta berdeguneak berriz jartzea. Aparkaleku-plaza bakarra galduko da (125etik 124ra murriztuko da).
Bihar asteazkenetik aurrera, kalean berrurbanizazio lanak hasiko dira. Hasteko, galtzadaren zabaleraren zati batean lan-eremu bat mugatuko da, drainatze sarea egiteko. Ezkerraldeko aparkalekua okupatuko da, M. Aguirre eta Jolastokieta artean. Obrek aurrera egin ahala, inguruan trafiko-murrizketak egon daitezke, seinaleztatuta egongo direnak, baina lan-eremuetan garraio publikoaren zirkulazioa eta tarte bakoitzeko pasabideetarako sarbidea mantenduko dira. Adi seinaleztapenarekin, mesedez.
Bi jarduketa horiek, gainera, lehenago Areetan arrakastaz egindako beste batzuei gehitzen zaizkie: hala nola Geltokia plaza gune berdeago eta hainbat belaunaldiren topaleku bihurtzeko jarduketa, kultura-, gizarte- eta beste ekintza batzuk egiteko alderdia galdu gabe eta herritarren partaidetza-prozesua izan zuena; Zugatzarte eta Areetako etorbideak ere zirkulazio lasaia duten bideetan bihurtzeko eta bizikletaz Getxo eta Bilbo denbora gutxian lotuko dituen bidegorria egiteko lanak.