2024/12/19
Gaur egin den ezohiko osoko bilkuran hasiera batean onetsi da 2025. urterako Getxoko Aurrekontu Orokorraren Proiektua, 137.182.112 milioi eurokoa (aurreko urtekoa baino % 6 handiagoa); udal-gobernuak (EAJ/PNV eta PSE-EE) aldeko botoa eman du, PP abstenitu da, eta kontrako botoa eman dute EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Iaz bezala, PPren abstentzioak aurrekontuaren onespena ahalbidetu du; zehazki, udal-gobernuak eta alderdi horrek lortutako akordioaren ondoriozkoa izan da abstentzioa, adostu baitzuten tasak eta zergak ez gehitzea eta itundutako 35 ekintza gauzatzea 2025eko aurrekontuari egindako hamazazpi zuzenketaren bidez, guztira 4 milioi eurokoak (inbertsioen guztizkoa 13 milioikoa da).
Udal-gobernuak espero du 2025ean behin betiko onestea HAPO berria, eta horrekin batera Etxebizitza Plan berria. Horrexegatik, aurrekontu honek 3.150.000 euro gehitzea aurreikusi du, finantzaketa babesten joateko asmoz. “Halaber, beste dirulaguntza-ildo bat sortuko da etxebizitzen arloan, alokairua sustatzeko. Hala, emantzipaziorako laguntzetarako lehendik dagoen ildoarekin batera, 400.000 euro bideratuko dira xede horretarako. Hau da, % 60 gehituko da aurrekontua”, azaldu du Ogasuneko zinegotzi den Ignacio Uriartek.
Hona hemen inbertsio nagusietako batzuk: 1.000.000 euro Salsiduko bederatzi arrapalak hobetzeko eta 610.000 euro Bidezabaleko bi arrapaletarako; 750.000 euro eguneko Iturribarri udal-lurzatian eguneko arreta emateko eraikin bat edo etxebizitza komunitario bat eraikitzeko; 1.585.000 euro udal osoaren eta bere erakunde autonomoen eraldaketa digitalerako (7 milioi euroko guztizkotik); 450.000 euro Arreetako Andres Isasi Musika Eskolan aerotermia-sistema instalatzeko; eta osoko bilkurako mozioren batean onetsitakoak, hala nola 140.000 euroko aurreikuspena Bihotz Alai plaza estetikoki egokitzeko; 1.200.000 euro poligono gorrian beste kultura- nahiz gizarte-zentro bat irekitzeko, non Herritarren Arretarako Bulegoko zerbitzu batzuk emango baitira (aurreikusitakoaren arabera, 2026an hasiko litzateke eta 2028an amaitu); 90.000 euroko gehikuntza Getxoko merkataritzako dirulaguntzetarako; 745.000 euro ikastetxe publiko guztietako instalazioak hobetzeko eta bertan askotariko mantentze-lanak egiteko; 222.000 euroko gehikuntza ezohiko gizarte-dirulaguntzetarako; 7.500.000 euro Faduran atletismo, belodromo eta errugbiko harmailen eraikin berria blokeka finantzatzeko; horrez gain, aurrera jarraituko dute hiri-autobusaren zerbitzua abian jartzeko nahiz Mesedeetako kalean beste aparkaleku bat eraikitzeko ekintzek, eta konpromisoa hartu da Etxeko Laguntza Zerbitzua nahiz Atseden Zerbitzua berrikusteko.
Udalaren eta erakunde autonomoen aurrekontua
Zuzenketak
EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bi osoko zuzenketa aurkeztu dituzte, zeinak baztertu baitira; gauza bera gertatu da EH-Bilduren 52 zuzenketa partzialekin eta Elkarrekin Podemosen 36 zuzenketa partzialekin.
Onartu dira PPk aurkeztutako 17 zuzenketa partzial, besteak beste honako helburu hauei lotutakoak: Iturribarri udal-lurzatian eguneko arreta emateko eraikin bat edo etxebizitza komunitario bat eraikitzea; elkarte solidarioei emandako dirulaguntzak gehitzea; poligono gorrian beste kultura- nahiz gizarte-zentro bat irekitzea; Ereaga ingurua, Arriluze eta Txomintxuko biribilguneen artean, eraberritzeko proiektua egitea; kalean bost aparkaleku-plaza jartzea ibilgailu elektrikoentzako kargagunearekin; armairuak jartzea Ereaga hondartzan; Portu Zaharreko landan maskor akustikoa duen agertokia jartzea; Algortako geltoki-plazan beste komun publiko bat jartzea; Galean 15-20 plazako autokarabanetarako aparkalekuaren proba pilotua egitea; parkour egiteko gunea gaitzea; eta Getxoko ikastetxeetan dauden elikagai-soberakinei buruzko azterlana egitea.
EH-Bilduren proposamenak baztertu dira baina, besteak beste, honako gai hauek aipatu dituzte: udal-lursailetan gizarte-laguntzako etxebizitzak eraikitzea eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko nahiz horiei kanona aplikatzeko plana egitea; auzo-taxi zerbitzua mugikortasun urria duten pertsonentzat eta Getxobusa; ikastetxeen inguruetako kale guztiak oinezkoentzat egitea; Aldapan eta Andra Marin zentro komunitarioak egitea; Mimenagako ibarra berreskuratzea; merkataritza bultzatzea; Andra Mariko kiroldegia berritzea; Errotatxun abentura-zentro bat egitea; Algortan beste liburutegi nagusi bat egitea; etxeko laguntza-zerbitzua zuzenean kudeatzea; kultura-, kirol- nahiz gizarte-taldeentzako dirulaguntzak % 10 handitzea; eta Palestinari laguntza ematea.
Bestalde, Elkarrekin Podemosen proposamenek honako gai hauek zituzten hizpide, besteak beste: Sarrikobasoko etxebizitzetarako konponbidea (lurzatiak erostea); hutsik dauden etxebizitzetarako kanona eta Getxon tentsio handiko eremuak deklaratzeko azterlana; ikastetxeetan inbertsio gehiago egitea eta beste haur-eskola bat egitea Aldapan eta Andra Marin; bidegorri gehiago egitea; eta etxerik ez dutenen egoera hobetzea nahiz harrera-plana hobetzea.
Balorazioa eta eztabaida
EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeen ustetan, Getxok aurrekontu kontinuistak izango ditu beste behin, gobernu-taldearen eta PPren arteko akordioaren ondorioz. Aipatutako lehenengoak hauxe adierazi du: “ez da egon negoziazioaren aldeko girorik”; bigarrenak, berriz, hauxe esan du zuzenean:”aurten ez da negoziaziorik egon”. Bi taldeek iritzi hau dute onetsitako aurrekontuari buruz: “ez die Getxoko beharrizanei erantzuten; ez dauka ez etxebizitza-planik, ez hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko planik; hezkuntza publikoa ahultzen du; eta ez du planteatzen energia-trantsizioa bultzatzeko edo klima-aldaketa murrizteko ekintzarik”, besteak beste.
PPk hauxe esan du: “batzen gaituena lortu nahi du alderdi honek eta, iaz bezala, aurrekontu-akordioak berekin dakar herritarren beharrizanei erantzutea tasak eta zergak handitu barik; izan ere, honako beharrizan hauek jorratuko dira: Foru Kalean arrapala berriak egiteko eta lehendik daudenak berritzeko azterlana egitea, Algortako ludoteka, Areetako aparkalekua, San Nikolas aparkalekuko plazak, Udaltzaingoko plantilla handitzea, Getxo osoan metroa lurperatzeko adierazpena egitea, udal-autobusa jartzea, eta merkataritzara diru gehiago bideratzea. Funtsean, Getxok aurrera egin ahalko du gure akordioari eta gure proposamenei esker”.
Bestalde, gobernu-taldeak (EAJ/PNV eta PSE-EE) hauxe nabarmendu dute: “udal-korporazioaren % 72k sinatu du akordio hau, eta honen bidez erantzungo zaie bai herritarren eskaera nagusiei, bai legegintzaldi-planean jada jasotako inbertsio estrategikoei. Orain arte Getxon egon den aurrekonturik handiena da eta ekimen garrantzitsuak lehenetsiko dira: irisgarritasunaren alorrean, arrapalei eta igogailuei dagokienez; mugikortasuna hobetuko da hiri-autobusarekin eta Areetako aparkaleku publikoarekin; gazteentzako etxebizitza bultzatuko da; mendekotasuna duten adinekoen arreta hobetuko da, plaza gehiago eskainiko baitira etxebizitza komunitarioetan eta eguneko arreta-zerbitzuan; ikastetxe publiko guztietako instalazioak hobetuko dira; eta zaurgarritasun-egoeran daudenei lagunduko zaie, besteak beste. Aurrekontu honen bitartez, babesa emango zaio Getxoko elkarte-sare zabalari".