2024/11/29
Udalak, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dela eta, berak eta udalerriko elkarteek antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko deia egin die herritar getxotarrei. Horrela, "Udalak argi eta garbi adierazi nahi du hizkuntzaren aldeko adostasun sozialean sakontzeko konpromisoa eta prestasun irmoa duela, eguneroko bizitzako jarduera guztietan hizkuntzaren erabileraren alde lan egiten jarraitzeko asmoarekin batera, hala nola, familian, lanean, aisialdian, heziketan, merkataritzarekin eta ostalaritzarekin harremanetan, eta edozein jarduera publikotan eta pribatuan", adierazi du Amaia Aguirre alkateak.
Bat egin Getxoko Euskararen Egunarekin lelopean, Udalak egun hauetan izango diren mota guztietako jardueren (kulturalak, euskara sustatzeko, kirol alorrekoak, musikakoak...) egutegia prestatu du eta kartel batean ateratako QR kode baten bidez ezagut daiteke.