2024/10/31
DANAren ondorioz Valentzian eta Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetan egondako biktimak oroitzeko minutu bateko isilunea egin ostean, urriko Ohiko Osoko Bilkura hasi da gaur, osteguna, udaletxean. Bilkura honetan, EAJ/PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoekin, EH-Bilduren aurkako botoarekin eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin, ontzat eman da Musika Eskolaren eta Kultur Etxearen xurgapen bidezko bat-egitearen hasierako onespena, zeina 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko baita. Horrenbestez, bi erakunde autonomoetatik bakarra sortuko da, Getxo Kultura deituko dena.
Erakunde horren estatutu berriak direla-eta aurkeztutako zuzenketei dagokienez, onartu dira Kultur Etxearen Zuzendaritza Batzordean PPk aurkeztutako guztiak, eta baztertu dira bai EH-Bilduren sei zuzenketak, bai Podemosen hiruak. Aipatutako lehenengoa pozik agertu da bere zuzenketak onartu izanagatik, besteak beste Artezkaritza Kontseiluak (eta ez Presidentetzak) izendatu dezan zuzendari kudeatzailea eta kontseilu horrek urtean gutxienez hamaika bilera izan ditzan, bai eta ordezkari politikoen gutxieneko kopuru bat ere. EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek uste dute estatutu berrien bidez eskumenak kenduko zaizkiola Artezkaritza Kontseiluari, Presidentetzaren alde, eta biek proposatu dute herritarren parte-hartzea handitzea. Bestalde, Kultur Etxeko presidenteak adierazi du elkarteek Artezkaritza Kontseiluan hartu dezaketela parte, baita herritarrek oro har ere, galde-eskeak egiteko txandan. Ildo beretik, esan du estatutuen 20. artikuluan argi eta garbi jaso dela herritarrek parte hartzeko foroak bultzatuko direla.
Udal-gobernuaren ustez, bat-egitea, besteak beste, “aukera historikoa da udalerriko kultura- eta hezkuntza-eskaintza sendotzeko, baliabideak optimizatzeko eta Bizkaiko kultur erreferente gisa nahiz EAEren abangoardian kokatzeko Getxo. Hauexek dira ekarriko dituen hobekuntzak: Getxoko kultura- eta musika-politika sendotuko dira; bi erakunde autonomo horien nortasuna eta idiosinkrasia bermatuko du; sinergiak sortuko ditu bai sormen- nahiz kultura-prozesuan, bai gaur eguneko nahiz etorkizuneko artista getxoztarren prestakuntzan eta profesionalizazioan; baliabide arruntak optimizatzea bultzatuko du; plangintza nahiz kudeaketa hobetuko ditu; eta alderdi ekonomikoan ere sinergiak sortuko ditu; izan ere, aurrekontu gehiago bideratu ahalko zaio prestakuntza, sorkuntza eta erakusketa artistikoaren zikloari, haren alderdi guztietan, eta bereziki musika-alderdiari dagokionez”.
Beste kontu eta mozio batzuk
Horrez gain, osoko bilkura honetan jakinarazi da 250.000 euroko kreditu gehigarria bideratu dela Algortako Felix de la Virgen Aitaren kaleko 2B eta 4 zenbakietako beheko solairuan dauden lokalak birgaitzeari, ludoteka berria egiteko, horixe adostu baitzuen Gobernuak PP taldearekin aurtengo aurrekonturako.
Mozioen atalean, bost onartu dira. Aho batez atera da aurrera Elkarrekin Podemosek planteatutakoa, hau da, udal-hilerrian haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta jaioberrientzako dolu-gune bat prestatzea eskatzeko, hain zuzen ere, erlijio-konnotaziorik gabeko gune bat, maite duten pertsona bat galdu duten familientzako topaleku bihurtuko dena; gunea arlo horretan lan egiten duten elkarteekin lankidetzan diseinatzeko, eta 2025eko aurrekontuko partida bat bideratzeko espazio hori behar duten lanei ekiteko.
Gainera, testigantza-izaerako beste lau mozio onetsi dira. Lehenengoa PPk aurkeztu du, San Nikolas kaleko 11. zenbakiko eraikinaren obrari lotuta ikerketa-batzorde berezia eratzeari dagokionez. Bigarrena, PPrena ere, adinekoentzako eguneko zentro berri bat sortzeko. Gobernuak adierazi duenez, hori ez da Udalaren eskumena, Foru Aldundiarena baizik. EH-Bilduk planteatutako hirugarrenak eskatu du Udalak konpromisoa hartzea behar diren urratsak emateko, ahalik eta lasterren Berdintasun Teknikariaren bigarren plaza bat sortzeko eta 2025eko aurrekontuan partida bat jartzeko; eta laugarrenak, Podemosek proposatutakoak, Udalak, Uribe Kostako mankomunitatearekin duen koordinazioan, neguko aterpetxea jardunean dagoen bitartean egunero irekitzea proposatzeko.
Herritarren galde-eskeen txandan, lau pertsonak hartu dute hitza: batek, Portu Zaharreko jaietako sokamuturra kentzea eta Getxo animaliarik gabeko jaietako udalerri izendatzea eskatzeko bizilagunen izenean, eta beste hiruk, udal garbiketa zerbitzuari eta bere lan errebindikazioei dagokienez.