2024/10/23
Iparraldeko kultur errealitatea hurbilduko du Getxora Iparra Galdu Gabe Jardunaldien XI.edizioak azaroan, publiko guztientzat pentsatutako jarduerekin. Beste behin ere, gozatu ahal izango da hitzen bidezko kultura, euskara duen kultura, euskara bera eta errealitatearekin, hainbat musika, antzerki, literatura eta zine adierazpenen bidez, horien artean Errobiren 50. urteurreneko kontzertua. “Beste aukera bat izango da, iman baten antzera bi aldeak hurbiltzeko, Euskadiko bi puntetan, iparraldean eta hegoaldean dauden herrien arteko zubiak ezartzeko eta elkarrekin lan egiteko interesatzen eta kezkatzen gaituzten gaien alde. Gure ustez, oso interesgarria da gure hiriarentzat ekimen hau bultzatzen jarraitzea, duela 20 urte baino gehiago Getxoko Udalaren eta Euskal Kultur Erakundearen artean antolatzen hasi ginena, beti ere udalerriko hainbat elkarteren laguntzarekin”, azaldu du Amaia Aguirre alkateak.
Izan ere, aurreko edizioetan bezala, ekimena Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatu dute, udalerriko hainbat eragilerekin (Egizu, ALBE, Hiruka, Azebarri, Hezetasun Jai Batzordea…). elkarlanean. “Getxoko hiria Iparraldeko kulturaren ezinbesteko erakusleihoa bilakatu egin da. Gure lurraldeko eragileentzat aukera paregabe bat da, euren lanak eta sorkuntzak Getxoko biztanleekin partekatzeko eta hori beti toki eta baldintza bikainetan. Horretarako, Getxoren arteko partaidetza aberatsa horrekin segitzeko prest gaude, aurtengo programak erakusten duen bezala, Beraz, Getxorekin ez dezagun Iparra galdu!”, aipatu du Fran Suarez Euskal Kultur Elkarteko proiektu arduradunak.
Egitaraua
Hiru emazte kantari gogoan kontzertuak hasiera ipiniko dio aurtengo edizioari, azaroaren 8an, 20:30ean Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan (Euskal Herria kalea 14, Algorta). Bertan Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Robles kantariek omenaldia eskainiko diete euskal musikan aintzindariak izan ziren Estibaliz Robles “Estitxu”, Maite Idirin eta Lurdes Iriondori. Azebarri elkartearekin eta Hezetasun Jai Batzordearekin elkarlanean antolatutako jarduerarako sarrera doakoa izango da.
Hurrengo egunean, azaroak 9, Naia Roblesek eta Oihan Delavignek Papogorri ipuin musikatua eskainiko dute, 17:00etan eta 18:30ean, Fadura Kiroldegiko areto nagusian, SENDI egitasmoarekin eta Hezetasuneko jai Batzordearekin elkarlanean. Bestalde, egun horretan, 13:00etan Noraezean, Jon Gorospe argazkilariaren erakusketaren inaugurazioa izango da Benta egoitzan, eta bertan hilaren 24ra arte ikusi ahal izango da.
Bizkarsoro dokumentala ikusi ahal izango da azaroaren 12an Romo Kultur Etxean 09:30ean, eta 13an Muxikebarrin, 09:30ean eta 18:30ean. Solasaldiak izango dira Josu Martinez zuzendariarekin. Egizurekin elkarlanean antolatuta, sarrera doakoa izango da.
Azaroaren 15ean, 19:00etan, Bernat Etxepareren olerkiak abesti bihurtuta entzun ahal izango dira, Itxaro Bordaren eta Ibon RGeren eskutik, Iaquin Vahu saioan, Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan, berak eta Egizuk antolatuta. Egun horretan, toki berean, baina 20:30ean, Bihotza Gazte bertsolarien saioa izango da, Haira Aizpurua, Xabal Illarregi, Xabier Arriaga eta Josu Landetarekin. ALBEren eksutik, gai-jartzailea Jone Uria izango da.
Eneko Bidegain Bichta éder liburuari solasaldia eskainiko du azaroaren 28an, 19:30ean, Villamonteko Kultur Etxean, Egizuk antolatuta.
Azkenik, Kultur Etxearen eskutik helduko da Errobi 50. urteurreneko kontzertua azaroaren 30ean, larunbatean, Muxikebarrin, 20:00etan, 20 euroko sarrerarekin (ohiko salmenta puntuetan). Taldeak eskainiko duen bakanetako kontzertu horren aurretik, hilaren 27an, 19:00etan, Anje Duhalde, Mixel Ducau eta Daniel Landart protagonistek mende erdiaren ibilbidea errepasatuko dute Muxikebarrin eskainiko duten solasaldian. Horri lotuta, Getxoko 400 ikaslek parte hartuko dute Gure lekukotasuna eta Perttoli abestien bideo-grabazioan, euskal kulturaren transmisioa sustatzen laguntzeko.
Informazio gehiago: https://www.getxo.eus/eu/euskara/euskera-getxo/iparra-galdu-gabe