2024/9/26
Udalbatzak behin betiko onetsi du gaur Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa zehatza eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu. Ondorioz, hirigintza-arauetako hiru artikulu aldatuko dira; horren bidez, mugatuko dira Portu Zaharreko etxebizitza turistiko berriak (ondare historikoa babesteko, Europako jurisprudentziari jarraituz) eta Getxoko gainerako tokietan arautuko dira. Puntu hori hasiera batean onetsi zen uztailean eta boto berdinekin atera da aurrera, hau da, EAJ/PNV, PSE-EE eta EH Bildu alderdien aldeko botoekin eta PP eta Elkarrekin Podemos alderdien abstentzioekin.
EAJ/PNV eta PSE-EE alderdiek nabarmendu dutenez, “helburua Portu Zaharra eta jabeen komunitateen bizikidetza babestea da”. PPk ez du uztailean emandako iritzia errepikatu nahi izan, orduantxe esan baitzuen ez datorrela bat Portu Zaharreko etxebizitza turistikoak mugatzearekin, ez baitu uste gaur egun arazoa direnik. Bestalde, EH-Bilduk, uztailean bezala, hauxe adierazi du: "hizpide dugun aldaketa berandu dator, araudia zorrotzagoa izan liteke eta Portu Zaharraz gain Getxoko beste gune batzuk babestu”; hala ere, aldeko botoa eman du bere zuzenketa bat onartu zelako, eraikin jakin batean etxebizitza turistikoak hartzen duen metro karratuen erabilera-ehunekoa gehienez ere % 38koa izateari buruzkoa. Azkenik, Elkarrekin Podemosek honako hau esan du: “onetsitako proposamenak ez ditu nahikoa neurri ezartzen herritarrek etxebizitza turistikoei dagokienez dituzten arazoak hobetu daitezen”.
12 plaza gehiago plantillan eta diru laguntza Real Club Jolasetarentzat
Halaber, 2024ko aurrekontuetarako udal-gobernuak (EAJ/PNV eta PSE-EE) eta PPk lortutako akordioaren ondorioz, udal-plantilla handituko da hamabi plaza hauek betetzeko: hamar udaltzain, gizarte-langile bat, eta Esku-hartze Komunitarioko teknikari bat. Gobernuaren ustez, “sindikatuek babesten duten akordioa da eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko premiari erantzungo dio”; horren harira, PPk hauxe esan du: “Udaltzaingoa handitzeak herritarrak aberastu eta lasaituko ditu, eta beste arlo batzuk indartuko dira, hala nola Gizarte Kohesioa eta Diruzaintza, herritarrei arreta hobea eskaintze aldera”. EH-Bilduk esan duenez “euskalduntze-prozesuaren aurkako erasoa da, udaltzainen hamar plazatako bostek derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna baitute”; halaber, Podemosen ustez, “Getxon segurtasun-falta areagotu izanari buruzko PPren diskurtso alarmistaren aurrean makurtu da gobernua, Udaltzaingoaren Memoriak ere ukatu duelako hori”.
Besalde, osoko bilkura honetan 17.500 euroko diru laguntza onetsi da Real Club Jolaseta klubaren alde, klubari laguntzeko Hockey Plus Espainiako Txapelketa antolatzen, zeina desgaitasun fisikoak eta intelektualak dituztenei zuzenduta baitago. Asteburu honetan egingo da, Real Club Jolaseta eta Fadurako kirol-instalazioetan.
Mozioak
Mozioen kapituluan, ez da onartu aurkeztutakoetatik bakar bat ere, baina eztabaida EH-Bilduk planteatutakoan oinarritu da, "Udalak Fiskaltzari bidaltzeko Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakiko eraikina legez kanpo eraisteari buruz bildutako informazio guztia, eta egokitzat jotzekotan dagokion salaketa aurkez dezan", besteak beste.
Gogoan izan, Udalak zehapen-espedientea ireki diola eraikin horretako 12 etxebizitzen enpresa promotoreari, hasieran aurkeztutako proiektuarekin bat ez etortzeagatik. Proiektu horrek eraikinaren zati bat mantentzea erabaki zuen, eta horregatik urratu egin du aldez aurretik emandako lizentzia. Espedientearen instruktore bat ere izendatu da, eta hark akzio penalak ikusten baditu, Fiskaltzari jakinarazi beharko dizkio.
Oposizioko alderdiek irregulartasun posibleak antzeman dituzte prozesu horretan; Udal Gobernuak, berriz, bere jardueren legezkotasuna defendatzen du eta oposizioari leporatu dio eragindako "zarata mediatikoa" eta aldez aurretik epaia hartu izana.
Azkenik, aipatzekoa da EAJ/PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoekin eta EH-Bilduren abstentzioarekin ez direla onartu aurkeztutako premiazko mozioak; horietako bat PPk aurkeztu du, aipatutako eraikinaren eraispena ikertzeko batzordea eratu dadin, eta bestea Elkarrekin Podemosek, beharrezkoak diren ezohiko lurralde-batzordeak deitu daitezen, aipatutako eraispena eta Hirigintza Arloaren funtzionamendua ikertzeko.
Jendearen galde-eskeen txandan, bi pertsonak hartu dute parte, bata Zubilleta ikastetxeko guraso-elkartekoa, patioan karpa bat aldarrikatzen duena, Eusko Jaurlaritzaren eskumena dena, eta bestea Tosu baserria mantentzearen aldekoa.