2024/7/26
Gaur egin den ezohiko osoko bilkuran behin-behinean onetsi da Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren dokumentua; udal-gobernuak (EAJ/PNVk eta PSE-EEk) eta PPk aldeko botoa eman dute, eta kontrako botoa eman dute EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos-EP alderdiek. Aipatutako azken bi alderdiek osoko zuzenketa bana aurkeztu dute, baina ezetsi dituzte.
Behin-behinean onetsitako dokumentu berriak (behin betiko onespena aurrerago egingo da), osorik edo zati batean, 588 alegazio hartu ditu barne (guztira 2.100 aurkeztu ziren) eta plana aberasten dute; halaxe esan du udal-gobernuak (EAJ/PNV-PSE-EE): “parte hartzeko hainbat fase izan zituen planak; espekulazioa galaraziko du eta lau esparru hartuko ditu barne: ikuspegi fisikoa, soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa”. Zentzu horretan:
- Getxoko unean uneko errealitate demografikora egokituko da hazkuntza, helburu nagusia biztanleria mantentzea izanik: aurreikusi da lurzoru urbanizagarriko sektoreak egikaritzeko kontrol-mekanismoa ezartzea; hala, eraldaketa soilik gauzatuko da baldin eta egiaztatzen bada dagoen eskaerak bermatuko duela etxebizitza eskuratzeko eskubidea eta espazio publikoak hobetuko badira.
- Babes publikoko etxebizitzak eskainiko dira eta hiri-ingurune integratzailea diseinatuko da gizarte-beharrizanak asetzeko eta herritarren desberdintasunak murrizteko. Aurreikusitakoaren arabera, 4.471 etxebizitza berri eskaintzea planifikatuko da, herritar gazteek dituzten etxebizitza-premiei erantzuteko: horietatik, 3.044 etxebizitza babestuak izango dira, hau da, hirutik bi, legeak ezarritakoa baino gehiago, baina betiere modu jasangarrian. Genero-ikuspegia txertatuko da hiri- eta landa-ingurunean; hala, puntu beltzak kenduko dira eta irisgarritasun unibertsala bermatuko da. Halaber, auzo guztietako zerbitzu publikoei dagokienez oreka berrezarriko da.
- Parke nahiz ekipamendu berriak eta hurbileko zerbitzuak sortzea 191.600 m2-ko espazio libreetan sortze proposatu da: aktiborik handiena eta oraingo nahiz etorkizuneko belaunaldietarako legatua babestuko da, udalerriko birika berdeak, urdinak eta naturaguneak oro har. Horiek horrela, balio erantsi handiko jarduera ekonomikoen sektorea izango dugu Martiturrin, zeinaren bidez enpresen eskaerei erantzungo baitzaie eta gazteei kalitatezko lan-aukerak eskainiko baitzaizkie; horrez gain, etxebizitza turistikoak arautuko dira eta hurbileko merkataritzako jarduerak malgutuko dira, hiriguneak suspertze aldera.
- Garapen ekonomiko estrategikoaren aldeko apustua egingo da; horretarako, balio erantsi handiko ekoizpen-sarea ezarriko da eta gure gazteei lana bermatuko dizkieten erabilerak gauzatuko dira. Hirigintzako eraldaketatik babestuko dira 2 milioi m2 Azkorrin baina horrek ez du eragingo ez herritarrak galtzea, ez etxebizitza-premiei erantzuteko konponbideak murriztea; are gehiago, korridore berdeak zehaztuko dira eta hezeguneak txertatuko dira. Ildo beretik, hiri-irisgarritasun eta -mugikortasun jasangarria bermatuko da bidegorrien sarea nahiz oinezkoentzako ibilbideak sortuz, garraio publikoko sistemak konektatuz eta mugikortasun elektrikoa udalerri osoan txertatuz. Gainera, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko prestatuko da Getxo, eraikinak, espazio publikoak, uholde-eremuak eta abar prestatuz.
Hauxe adierazi du udal-gobernua: “gure etorkizun komuna zehazteko ekarpenak egin nahi izan dituztenekin adostu dugu; gaurko hirigintza-planak ez ditu arriskuan jarriko etorkizuneko belaunaldien beharrizanak eta ahal den legaturik onena utziko dugu, guztiontzako hobea den Getxo udalerria izan dezagun”.
Alderdi Popularrak honako hau esan du: “alderdiak izugarrizko lana egin du plan hau lortzeko, bai herritarrekin bai gobernuko alderdiekin, eta zenbait proposamen onartu dituzte, hala nola Aita Trinitarioei lursaila ez desjabetzea eta jabetza horiek mantentzea eta Argia Fundazioa mantentzea. Bidenabar, HAPO berriak etxebizitzak zatitzea ahalbidetuko du; Salsidu auzoan mantenduko dira aureikusitakoaren arabera eraitsiko ziren 108 etxebizitzak; eta Salsidualden, gune horretako herritarrekin lotutako akordioa dela bide, altuera gutxiagoko etxebizitzak eraikitzea adostu da. Martiturrin etxebizitzak errespetatuko dira eta ibilgailu elektrikoentzako kargagunea jarriko da orain dagoen gasolina-zerbitzugunean; bestalde, aipatzekoa da Andra Mari Gure Lurra elkartearekin hartutako konpromisoa”, adierazi du, besteak beste.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek kritikatu dute “osoko bilkura egiteko aukeratutako data, jaietan bete-betean murgilduta gaudenean eta parte-hartzea bultzatu barik”. Lehenengoa ez dago ados “HAPOa idazteko jarraitutako prozedurarekin eta gidalerroekin; inprobisazioari erantzuten dion plana da, iraungita dagoen eredua duena, auzoak suspertzen ez dituena eta higiezinen espekulazioa nahiz eraikuntza masiboa bultzatzen dituena. Hainbat hirigintza-pilotakada ahalbidetuko ditu, luxuzko etxebizitzak eraikiko dira hiriguneetan, gizarte-laguntzako etxebizitzak aldenduko dira zerbitzu nagusietatik, zenbait baserri eta eraikin historiko eraitsiko dira, eta ez da klima-larrialdiari aurre egiteko neurririk hartuko, ezta lo-hiria izateari uzteko neurririk planteatu ere”.
Bestalde, Elkarrekin Podemos taldeak honela kalifikatu du HAPOa: “akats historiko berria, 2001eko HAPOa bezala; hirigintzako pilotakadaren plana da, besteak beste barne hartzen baitu Ibaigane eta Basagotiko Telefónica enpresaren lursailetan etxebizitza libreak egitea; landa- eta natura-lurzoru izugarriak galduko dira Andra Marin; ez da Azkorri babesteko planik egin, eta Getxoko % 6,5 urbanizatzea proposatu da, batere jasangarria ez den neurria. Horrez gain, ez du etxebizitza eskuratzeko arazoa konpontzeko neurririk eskaini: etxebizitza libreen eskaintza areagotuko da baina ez da irisgarria izango prezioak direla-eta; etxebizitza babestuak ere ugarituko dira, baina eraikitzaileen eskura geratuko dira. Gazteak eta gizarte-klase behartsuenak baztertzen dituen etxebizitza-eredua bermatuko da, etab.”.
Udal-gobernuak honela erantzun du: “aurkako botoa ematea da akatsa. Aurkako botoa emateak Getxoren etorkizuneko aukerak bahitzea dakar, eta bestela indarrean jarraituko luke 1998an idatzitako plan orokorrak, 30 urteko irizpideekin. Aurkako botoa emateak esan nahi du etxebizitzen espekulazioaren eta Getxon etxebizitza publiko gehiago ez eraikitzearen aldeko botoa ematen dela; alabaina, etxebizitza horiek oraingo merkatua aldatzea ahalbidetuko dute eta etxebizitza eskuratzea erraztuko dute”.
Puntua bozkatu ondoren, Amaia Aguirre alkateak hauxe nabarmendu du. “adostasun zabala lortu ondoren, etorkizuneko Getxo udalerria diseinatzeko aurrerapauso garrantzitsua eman dugu gaur: nortasuna duen Getxo udalerria nahi dugu, non biztanleak aktiboak eta parte-hartzaileak baitira. Lidergoa, inplikazioa, erronkak, kalitatezko zerbitzuak, azpiegitura modernoak eta herritarrenganako laguntza eskaintzeko apustua egingo dugu. Berton bizi, hazi eta lan egiteko inspirazio-iturri gara”.
Herritarren galde-eskeen txandan, lau pertsonak hartu dute parte onartutako HAPOren inguruko jarrerak adierazteko eta haien interesak defendatzeko.