2024/7/24
Udalbatzak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa zehatza onetsi du gaur eta, ondorioz, hirigintza-arauetako hiru artikulu aldatuko dira; horren bidez, mugatuko dira Portu Zaharreko etxebizitza turistiko berriak (ondare historikoa babesteko, Europako jurisprudentziari jarraikiz) eta Getxoko gainerako tokietan arautuko dira. Puntu hori aurrera atera da, EAJ/PNV, PSE-EE eta EH Bildu alderdien aldeko botoekin eta PP eta Elkarrekin Podemos-EP alderdien abstentzioekin. EH-Bilduk bi zuzenketa aurkeztu ditu eta horietako bat onartu da eraikin jakin batean etxebizitza turistikoak hartzen duen metro karratuen erabilera-ehunekoa gehienez ere % 38koa izan dadin. Bestalde, EPk beste zuzenketa bat aurkeztu du, baina ezetsi dute.
Onetsitako aldaketak etxebizitza turistikoak eta horien askotariko modalitateak hartzen ditu barne, hotel-erabilera emateko kategorian. Ildo horretatik, etxebizitza turistikoetan ematen diren zerbitzuek nahitaez bete beharko dituzte erabiltzaileen baldintzak eta bermeak, baita honako hauetan jasotakoak ere: erabilera turistikoko etxebizitzei eta etxebizitza partikularretako logelei buruzko Eusko Jaurlaritzaren araudia; Euskadiko Enpresen eta Turismo Jardueren Erregistroa; eta etxebizitza turistikoen araudia eguneratuko duen dekretu berria (izapidetzen hasi da). EAJ/PNVk hauxe nabarmendu du: “aldaketaren bidez herritarron interesa eta higiezin horien jabeena orekatu nahi da. Merkataritzarako erabiltzen ez diren guneetan beheko solairuak erabiltzea nahi dugu, erabiltzen ez diren lokal hutsak izan ez daitezen eta hiriko segurtasuna areagotu dadin. Halaber, goiko solairuetako etxebizitza turistikoek baldintza proportzionalak betetzea nahi dugu, bizikidetzari lotutako arazorik egon ez dadin; hortaz, aparteko sarbideak izango dituzte eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzak beteko dituzte, gainerako hotel-erabileretan bezala. Baldintza bereziak aplikatuko zaizkie Portu Zaharreko higiezinei, ondare historikoa babesteko asmoz”. Bere gobernukidea den PSE-EEk adierazi du funtsezkoa dela oraingo HAPOa aldatzea; izan ere, “turismoak Getxori eskaintzen dion onura ekonomikoa gorabehera, onartezina da trabarik ez egotea espekulazioa egiteari eta etxebizitzen alokairua igotzeari dagokienez. Mugak jarri behar ditugu”.
PP ez dator bat etorkizuneko HAPOko agirian proposatutako mugei beste batzuk gehitzearekin. “Ez gaude ados EH-Bilduk eta EPk egindako proposamenekin, ezta Portu Zaharrean etxebizitza turistikoak debekatzearekin ere, gaur egun ez dutelako arazorik sortzen; are gehiago, etxebizitza turistiko horien turismoak ez du aipatutako gunea eragozten”.
EH-Bilduk hauxe esan du: “hizpide dugun aldaketa berandu dator, araudia zorrotzagoa izan liteke eta Portu Zaharreko gune gehiago babestu”. Onartutako zuzenketaz gain, aipatutako taldeak beste bat proposatu du, etxebizitza turistikoen artean gutxienez 150 metroko distantzia egon dadin, baina ezetsi egin dute.
Bestalde, EPk beste zuzenketa bat proposatu du, zeina ezetsi baitute; horren bidez, proposatu du Portu Zaharrean etxebizitza turistikoak debekatzeaz gain eraikin bakoitzean etxebizitza turistiko bakarra baimentzea, beheko solairuan eta lehenengo solairuan (azpian etxebizitzarik izan gabe eta aparteko sarbidearekin), eta gehienez ere etxebizitza turistikoak gune jakin bateko etxebizitza guztien % 5 izatea. Honako hau adierazi du taldeak, besteak beste: “Gobernuaren proposamenak ez du aurreikusten inbertitzaile jakin batek eraikin oso bat erosi nahi izatea, eta horrek alokairuko etxebizitzak galtzea eragingo luke”.
2022ko Kontu Orokorra onetsi du Udalbatzak.
Horrez gain, 2023ko Kontu Orokorra onetsi da gaurko osoko bilkuran. Ignacio Uriarte Diruzaintzako zinegotziak nabarmendu duenez, ondare garbia % 2,86 igo zen, 386,74 milioi eurora; zorra zero eurotan mantendu da, aurrezki garbia 9,7 milioi eurokoa izan zen, udaleko diru-sarrera propioak guztien % 46,59 izan ziren eta gerakina 38,93 milioi eurokoa izan zen, zeina ia osorik erabili baita udal-inbertsioak finantzatzeko. “Funtsean, kontuak argi eta zergarik gabe daude. Getxok bere horretan mantentzen du inbertitzeko ahalegin nabarmenari aurre egiteko gaitasuna; gure gain hartu ditugu inflazioaren ondoriozko kostuak gehitzeagatiko eraginak, herritarrei helarazi barik, eta, gainera, neurriak hartzen gabiltza, aurreikuspenez eta zuhurtziaz, kaudimenarekin aurre egin ahal izateko goranzko joera duen ziklo ekonomikoaren amaierari, beti heltzen baita, oraindik ikusten ez bada ere”, esan du Uriartek.
Beste gai batzuk
Aipatzekoa da ere gaurko osoko bilkuran 75.000 euroko kreditu gehigarria onartu dela Euskaraldia ekimenerako (herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekitaldi soziala) eta kreditu-transferentzia bat egin dela Argia Fundazioari 40.000 euroko dirulaguntza emateko, gaixotasun mentalaren diagnostiko baten pean bizi diren pertsonen bizi-kalitatea eta irudi publikoa hobetzen laguntzen duen fundazioa den aldetik.
Beste ildo batetik, 2024. urterako % 2ko ordainsari-gehikuntza onetsi da udaleko funtzionarioentzat eta langile lan-kontratudunentzat.
Mozioak
Bi mozio aurkeztu dira osoko bilkura honetan eta testigantza-izaerarekin onetsi dira, baina ez egikaritzeko izaerarekin. Lehenengoa PPrena izan da eta horren bidez eskatu dute udalak webgunean argitaratu ditzala legegintzaldian aurkeztutako mozioak, bai eta kontratatutako zuzendaritzako kideei buruzko informazioa ere; horrez gain, hobekuntza-mekanismoak ezartzeko eskatu dute, kontratatzailearen profileko ataletan arinago egin daitezen bilaketak. Udal-gobernuak gogorarazi du “bideo-akten, prentsa-oharren eta Getxoberriren bidez ematen dela mozioen berri; hortaz, uste du ez duela ezertarako balio eta nahasmendua eragin dezakeela inolako testuingururik gabe mozioak igotzeak, emandako erantzunak edo defentsak adierazi barik”. Gainera, jakinarazi du udalak betetzen dituela gardentasunari eta informazioa eskuratzeari buruz indarrean dauden araudi guztiak.
Halaber, EPk aurkeztutako mozioa onartu da; horren bitartez, eskatu dute Getxoko Udal Araudi Organikoaren artikulu bat berrikusteko eta murrizteko herritarrek erabaki-, jarduketa- edo proiektu-proposamenak aurkeztuz parte hartu dezaten eskatzen den sinadura-kopurua, betiere irizpide jakin batzuen arabera, “beste erakunde batuetako arauei jarraikiz”. Gobernuak esan du 2019an aldatu zela Udal Araudi Organikoa, % 68ko aldeko botoekin, eta horrek ahalbidetu zuela herritarrek informazio-batzordeetan parte hartu ahal izatea galdera eta eskaerak aurkeztuz (osoko bilkuran bazegoen aukera hori), bai eta osoko bilkuran mozioak aurkeztuz ere. Era berean, aipatu du parte hartzeko dauden askotariko foroak eta xede horretarako gaitutako beste bideak (kontseiluak; programak; parte-hartze izaerako prozesuak; oharren, kexen eta iradokizunen sistema, etab.), eta gogorarazi du inoiz ez duela inolako elkarterik, kolektiborik edo erakunderik eskatu Udal Araudi Organikoa aldatzeko.