2024/5/13
Amaia Agirre alkateak harrera egin die gaur goizean udalbatza aretoan 2024ko Ibilaldia, Bizkaiko Jaien aldeko aurtengo edizioaren antolakuntzaz arduratzen ari den San Nikolas ikastolako Unai Arzubiaga presidenteari eta Gaizka Arrizabalaga zuzendariari. Ekitaldian aipatutako ordezkariek maiatzaren 26an, igandean Txonbo! leloarekin izango den Ibilaldirako gonbidapen ofiziala eta kamiseta bat eman dizkiote alkateari.
Bestalde, jaiaren helburuak Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoak euskararen erabilera sustatzeari lotuta jasotzen duenaren barruan daudenez, aurreikusita dago bihar Tokiko Gobernu Batzarraren asteko saioan Euskara eta Euskal Kultura sustatzeko Ibilaldia elkartearekin sinatuko den hitzarmena onestea. Horren arabera, elkarteak 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du Getxon 2024ko Ibilaldia dela eta antolatuko diren kontzertu eta ikuskizunetako gastuetan laguntzeko. Gainera, Udalak hainbat jarduera egiteko tokiak eta egiturak lagatzen ere kolaboratzen du.