2024/4/2
Apirilaren 3tik 19ra Algortako Sarrikobason babes ofizialeko 68 etxebizitza (erregimen orokorra) errentamendu-erregimenean esleitzeko prozeduran parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahal izango dira.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu denez, 68 etxebizitzetatik 3 bi logelatakoak dira, 90 m2 inguruko azalera dute eta mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Gainerako 65 etxebizitzetatik, 6 logela bakarrekoak dira eta 50 eta 55 m2 artekoak; 48 etxebizitza, bi logelakoak eta 55 eta 65 m2 artekoak, eta 11 hiru logelakoak eta 78 eta 88 m2 artekoak.
Baldintzak
Etxebizitza horiek eskuratu ahal dituzten pertsonek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Getxon edo Bilbo Metropolitarreko eremu funtzionaleko udalerriren batean.
b) Titularretako batek behintzat etenik gabeko urtebeteko antzinatasuneko errolda izan behar du Getxon ala azken bost urteetan hiru urteko antzinatasuna, erroldan etenak izanez gero.
c) 2022. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 43.753,71 euro baino handiagoak. Eskakizuna egiaztatzeko, inskripzioko titular guztien diru-sarreren batura hartuko da aintzat.
d) Bizikidetza unitatea ezin da 6 kide baino gehiagokoa izan.
e) Bizikidetza-unitateko pertsona guztiek ezin izango dute etxebizitzarik eduki jabetzan, azalera-eskubidean edo usufruktuan apirilaren 2an.
Ezarritako baldintza horietako batzuk betetzeko salbuespenak aurreikusten dira.
Kupoak eta baremazio-irizpideak
Esleitu beharreko etxebizitza guztietatik, honako kupo hauek gordeko dira:
a) Mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako 3 etxebizitza.
b) 65, gainerako eskatzaileentzat. Kupo hauetan banatuko dira:
-26 (sustapenaren %40), titularretako batek gutxienez 36 urte baino gutxiago dituen bizikidetza-unitateentzat.
-5 (sustapenaren % 7,69), apirilaren 2an etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortuta duten eskatzaileentzat.
-19 (sustapenaren %29,23), etxebizitza-premia berezia dutela egiaztatzen duten pertsonentzat eta
-15 etxebizitza (sustapenaren %23,07), kupo orokorrari atxikitako pertsonentzat.
Eskabideak honako irizpide hauen arabera barematuko dira: diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.
Non aurkeztu Etxebideren eskaerak
– Telematikoki: https://www.etxebide.euskadi.eus/inskripzioa-esleipena/
– Zuzenean (hitzordua eskatuta), Kale Nagusia 85, behea. 48011-Bilbo.
– Postaz: Etxebizitzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011-Bilbo. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da.
– Herritarrei Arreta emateko Torreneko (Algorta) eta Las Mercedeseko (Areeta) Bulegoetan. Aurretiko hitzordurik behar ez den arren, arreta hobea izateko, Call Centerren (010) edo udalaren webgunean (https://www.getxo.eus/eu/atencion-ciudadana/) eskatzea gomendatzen da.
Informazio guztia hemen: apirilaren 2ko EHAAn (64 zk.) eta udalaren webgunean:
Getxo - Hirigintza-garapen iraunkorra - Ondarea eta Etxebizitza - Promozioak