2024/2/13
Beste behin, hegaztiak begiratzeko beste jarduera bat egingo da La Bola hondartza ondoko pasealekuan, larunbat honetan, otsailak 17, Udalak antolatuta eta “Getxonatura, ezagutu eta zaindu” goiburuko ekimenaren barruan. Helburua da jendeari erakustea zer hegazti espeziak baliatzen duten Abra babesteko, elikatzeko eta migrazioan atseden hartzeko leku gisa.
Jardueraren ordutegia 10:00etatik 14:00era izango da. Aipatutako tokitik eta material optikoa erabiliz, hala nola teleskopio eta prismatikoak, baita landa-gidak ere, ahalik eta espezie gehien ikusteko ahalegina egingo da, interesa duten pertsonei Getxoko kostalde tarte honetako hegaztien aberastasuna erakusteko. Halaber, hegaztien balioak eta natura-inguruneari egiten dioten ekarpena transmititzeko saiakera egingo da, haiek behatuz, gozatuz eta identifikatuz.
Mota horretako bi jardunaldi egiten dira urtean, otsailean eta azaroan, eremu horretan ikus daitezkeen espezieen maila handiena hartzen saiatzeko: sedentarioak, negutarrak eta eztei ondoko eta/edo eztei aurreko migrazioan gelditzen direnak. Orain, otsailean, negutarrak eta ugaltze-lekuetara migratzen ari diren beste batzuk ikus ditzakegu: kaioak, lertxunak, hainbat limikola, ubarroiak, murgilak eta txilinportak, eta ingurutik dabilen hain arrunta ez den espezieren bat.
Joan den azaroko jardunaldira joan ziren pertsonek Abran ikus daitezkeen hegazti-espezieen aldakuntza konparatu ahal izango dute eta horretaz jabetu ahal izango dira, migrazioaren hainbat unetan.
Doako jarduera honetarako ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, eta edozein pertsona pasa daiteke La Bola hondartza ingurutik aipatutako egun eta ordutegian.