2023/11/29
“Oparitu Getxo-Regálate Getxo” lemapean, Udalak eta elkarlanean aritzen diren hainbat erakundek antolatutako jarduera egitarau zabalaz gozatu ahal izango dugu Gabon hauetan. Duela urte batzuetako helburu berari eusten zaio: kaleak, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzea, eta egun horietan mota guztietako publikoaz gozatzen laguntzea, batez ere haur eta gazteez. Horretarako, hainbat emanaldi eskainiko dira (txistulariak, batukada, fanfarreak, magoak, trikitixa, kale antzerkia...) Getxoko merkataritza guneetan (Algorta, Areeta, Romo eta Andra Mari).
Gabonetako kanpaina honetan, merkataritza-establezimenduek errekonozimenduzko keinu bat izango dute Aspertxu Elkartearekin (Asperger nahasmendua duten pertsonen elkartea eta Bizkaiko AEN). Elkarte horrek Getxon du egoitza. Hain zuzen, lau katilu diseinatuko dituzte establezimenduek, Getxoko hainbat ilustraziorekin. Katilu horiek, guztira 4.000 ale, 30 eurotik gorako erosketekin entregatuko dira kanpainari atxikitako saltokietan. “Ekimenak helburu bikoitza betetzen du: tokiko saltokiak eta ostalaritzaren industria babestea, eta, aldi berean, Getxoko elkarte-sare aberatsa ikusaraztea, bereziki Aspertxu Elkartea, Gabonetako argiak pizteko ekitaldi ofizialean egongo dena, ostiral honetan, abenduaren 1ean, Romoko Santa Eugenia plazan. Era berean, Udaleko arloen eta udalerriko elkarte eta kluben arteko lankidetza publiko-soziala nabarmendu nahi dut, adin eta gustu guztietarako aisialdiko, musikako, kulturako eta kiroleko jardueren programarik onena eskaintzeko, bereziki udalerriko txikienei zuzenduta”, Amaia Aguirre alkateak adierazi duenez.
Gabonetako argiak piztuko dira kaleetan eta merkataritza sustatzeko kanpaina
Ostiral honetan, abenduak 1, Gabonetako argiak piztuko dira Romoko Santa Eugenia plazan, 18:30ean. Bertan izango dira Amaia Aguirre alkatea eta alderdi politikoetako, merkataritzako eta ostalaritzako ordezkariak Aspertxu Elkartearekin batera (Asperger nahasmendua duten pertsonen elkartea eta Bizkaiko AEN). Berantzagi dantza taldeak, Ondarreta abesbatzak, Lo Glo Circoko hankaluzeek eta Utopian Arte Zentroko aktoreek ere animatuko dute ekitaldia, opariak banatzeaz gain.
Gainera, tokiko merkataritza ikusarazteko eta sustatzeko kanpainak honako jarduera hauek aurreikusten ditu: kale antzerkia, abenduaren 15ean, ostirala, Algortako Geltokia plazan, 17:30etik 19:30era, oparien banaketa eta krispetentzako txartela Utopian zentroarekin; fanfarria eta oparien banaketa hilaren 16an, 11:30etik 13:30era, Romoko merkataritza gunean (Ibaiondon hasiera); magia, oparien banaketa eta musika hilaren 22an, 17:30etik 19:30era, Areetako (Bizkaia Zubiaren plazan hasiera) eta Romoko (Ibaiondon hasiera) merkataritza guneetan; hilaren 29an, KM Kantu eta oparien banaketa, Andra Mariko merkataritza gunean (Borobia parkean hasiera) eta batukada eta opariak Algortan (Geltokia plazan hasiera), bi kasuetan, 17:30etik 19:30era. Eta, azkenik, hilaren 30ean, trikitixa eta opari-banaketa Romoko merkataritza-gunean (hasiera Ibaiondon) eta musika ibiltaria eta opariak Areetan (hasiera Bizkaia Zubiaren plazan), ekitaldi biak 11:30etik 13:30era.
GetxoEnpresaren XXXII. Erakusleiho Lehiaketa
Lehiaketak, ohi bezala, erakusleiho fisikoaren eta erakusleiho birtualaren modalitateak aurreikusten ditu, eta horietan eman ahal izango da izena, Getxo Enpresara deituz edo bere webgunearen bidez.
Profesionalek osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu proposamenak, eta sariak irabaziko dituzten 40 establezimendu inguru aukeratuko ditu. Horien artean, “Erakusleiho Iraunkorrena” eta, berrikuntza gisa, “Erakusleiho Birtuala, bezeroak ondoen erakartzen eta konektatzen dituena” sari bereziak banatuko dira. Abenduaren 8tik aurrera, Getxo Enpresaren webgunearen mapa interaktibo batek erakusleiho fisiko parte-hartzaileak erakutsiko ditu, horiek bisitatzeko ibilbideen proposamenarekin. Eta abenduaren 19an sariak emango dira. www.getxoenpresa.com
Romo Bizirik
Iaz bezala, Romo Bizirik elkarteak, Romo eta Pinuetako 80 negozio baino gehiago biltzen dituenak, 1.500 eurotik gorako balioa duen produktu-sorta handi baten zozketarako txartelak oparituko dizkie bezeroei. Kanpaina honi atxikitako negozioetan egindako erosketa bakoitzeko, zozketa horretarako txartel bat oparituko da. Txartelak abenduaren 21era arte edo agortu arte banatuko dira. Lote osoa txartel irabazle bakar batentzat izango da, eta horren zenbakiak bat etorri beharko du abenduaren 22ko Gabonetako zozketa bereziaren lehen sariaren azken lau zenbakiekin.
Gainera, elkarteak lehiaketa bat egingo du Gabonetako dekorazio onena duen establezimendua bozkatzeko. Bozketa sare sozialen bidez egin ahal izango da abenduaren 11tik 30era bitartean. Egun horretan bertan, hilaren 30ean, establezimendu irabazlean, bozketan parte hartu duten pertsona guztien artean zozkatuko dira atxikitako establezimenduetan trukatzeko bonuak.
Kaleak suspertzeko beste jarduera batzuk ere antolatu dituzte, animazio taldeen eskutik, Gabonen aurreko asteburuetan (musika, antzerkia, ipuin kontalariak, gabon kantak…). Eta zozketa bat atxikitako establezimenduetako kontsumitzaileen artean. Saria Olentzerok eta Mari Domingik euren etxeetan 10 umeri egindako bisita izango da, eta opari bat emango diete.
Algortako Dendak
Algortako elkarteak urteak daramatza Gabonetan erosketak animatzen, eta aurten Gabonetako zozketa tradizionala berreskuratu nahi du, kanpainan parte hartu nahi duten negozio guztietako bezeroek erosketez goza dezaten eta, aldi berean, sari bat eskuratzeko aukera izan dezaten. Abenduaren 13tik 27ra bitartean banatuko dira kupoiak eta zozketa publikoa, musika emanaldi txiki bat barne, hasiera batean, abenduaren 28rako, ostegunerako, aurreikusita dago, Algortako merkatuan. Sariak, 2.000 eurotik gorakoak, hilaren 30ean banatuko dira. Ekimen honetan 50 establezimenduk baino gehiagok parte hartuko dute.
Oparitu euskaraz
2023ko Euskarazko Produktuen Katalogoak, urtero bezala, euskarazko eskaintzari buruzko informazio osatua jasotzen du, hainbat ataletan banatuta: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailuak eta jolasak, komikiak eta gurasoei zuzendutako produktuak. Katalogoak bi atal ditu: bata 12 urtera arteko haurrei zuzendutakoa, eta bestea 12 eta 16 urte arteko gazteentzat. Udalak katalogoaren 1.000 ale banatu ditu, eta ikastetxeetara ohar informatiboak igorri ditu, familien artean zabaltzeko normalean erabiltzen dituzten kanalen bidez (WhatsApp…), DBHko ikasleei zuzendutako 3.000 orrialde-markatzailerekin batera. Interneteko bertsioak, www.katalogoa.eus, 8.000 produktu baino gehiagori buruzko informazioa biltzen du. Udalerriko 7 liburu-dendek ekimenarekin bat egiten dute eta produktuak dituzte salgai. Informazioa: www.katalogoa.eus. Getxoko liburu-denda kolaboratzaileak: www.getxo.eus/euskara.
Getxolandia
Getxolandiak, Getxoko Umeen Gabonetako Parkeak, hainbat atrakzio ekarriko dizkie haurrei abenduaren 21etik urtarrilaren 7ra arte, Areetako Geltoki plazan. Parkeak, Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartearen (AFADE) hainbat atrakzio izango ditu. Getxolandiako ordutegia 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara izango da. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean parkea itxita egongo da.
Olentzeroren kalejira eta Erregeen desfilea
Olentzero antolatzeko batzordeek eta dantza taldeek zenbait jarduera egingo dituzte abenduaren 23an eta 24an, auzo bakoitzaren arabera. Kalejiren ibilbideak eta beste jarduera batzuk ezagutzeko udal webgunea begiratu ahal da: www.getxo.eus/euskera.
Horrez gain, Erregeen desfileak Getxo zeharkatuko du urtarrilaren 5ean, bi ibilbiderekin. Lehenengoa, Andra Maritik eta Algortatik igaroko da, eta 17:30ean abiatuko da. Bigarrena, Romo-Areetan egingo da, 19:30etik aurrera, eta aurreko edizioen kontrako noranzkoan egingo da (ibilbidea behar bezala iragarriko da). Etapa bakoitza amaitzean, Errege Magoen harrera egingo da Algortako Andres Isasi Musika Eskolan (Muxikebarriko sarrera Obispo Etxeandia kaletik) eta Romo Kultur Etxean, hurrenez hurren.
Antzerkia, musika eta dantzak, Muxikebarrin
Muxikebarriko Gabonetako eskaintzak antzerki, musika eta dantza ikuskizun ugari biltzen ditu. Abenduaren 10ean, berriz ere Getxora itzuliko da “Go! Azen” gazteentzako musikal ezaguna, oraingoan hamargarren edizioan. 16:30ean eta 19:00etan izango dira saioak. Hilaren 17an, 19:00etan, Ismael Serrano kantautorea Getxora iritsiko da bere ibilbidean funtsezkoak izanb diren artisten omenezko biraren barruan, “La canción de nuestra vida”. Ostiralean, hilak 22, Tartean Teatroak euskarazko “Kortxoaren dilema” muntaia aurkeztuko du, 19:30ean; eta hurrengo egunean, abenduak 23, Biotz Alai Abesbatzak bere ohiko Gabonetako kontzertua eskainiko du, 19:00etan. Abenduko proposamena osatuko dute “Mag Lari Live” magia ikuskizunak, abenduaren 28an, 19:30ean, eta "Retorno al hogar" antzezlanak, abenduaren 29an, ordu berean. Miguel Rellán beteranoa buru duen antzezlana da.
Urtarrilaren 4an, Goiko Gela taldeak "Gospel klasikoak" kontzertua eskainiko du, gospel kantutegiko abesti ezagunenetako batzuen euskarazko bertsioak abestuz. Bestalde, hilaren 7an, igandea, Ana Lara Dantza Eskola, Dantzarte, Estudio Porté, Allegro Ballet Studio eta Carmen Vera Ballet Estudioak Tchaikovskyren ballet-lan ezagunenetako baten bertsioa eskainiko dute, “Intxaur-hauskailua”.
“Gabonetan” zikloa familiarentzat
Eskolako oporrak direla eta, RKE-Romo Kultur Etxeak “Gabonetan” zikloa hartuko du, familientzako eta haurrentzako ikuskizunak. 12:00etan izango dira. Abenduaren 26an "La casa por el tejado" antzezlana eskainiko da eta, hurrengo egunean, asteazkena 27, “Irribarreak barra-barra” pailazoen ikuskizuna. Abenduaren 28an, “Eolo”, zirku muntaiaren txanda izango da, eta abenduko eskaintza osatzeko, “Isiltasunaren magia” magia saioa, Niala Magoaren eskutik, eta “Mari Domingi eta altxor sekretua” antzezlana, hilaren 29an eta 30ean, hurrenez hurren.
Urtarrilean, “Olentzeroren kondaira” (urtarrilak 2), “Viaje al centro del cuerpo humano” (urtarrilak 3) eta “El mundo lirondo” (urtarrilak 4) antzezlanekin jarraituko du zikloak. Ikuskizun bakoitzerako sarrerak 5 euroko prezioa izango du (hiru ikuskizunetarako sarrerak erosiz gero, 12 euroko prezio murriztua).
Andres Isasi Musika Eskolako jarduerak
Areetan, abenduaren 16an, larunbata, Andres Isasi Musika Eskolan kontzertu solidarioa eskainiko du Gospel Bilbaok Espetxe Pastoraltzako Bidesariren alde.
Hilaren 23an, Alea Trio taldearen emanaldia izango da eta Ana Bejeranoren omenezko kontzertuarekin itxiko da urtea, abenduaren 30ean. Ikasleen entzunaldiei dagokienez, abenduaren 5ean saxofoiaren txanda izango da (Areetako eskolan) eta 12an eta 14an pianoarena (Areetako eskolan eta Muxikebarriko Areeta aretoan, hurrenez hurren).
Abenduaren 15ean, Andres Isasi auditorioan, sustrai tradizionaleko instrumentuen kontzertu didaktikoa egingo da. Gainera, abenduaren 18an eta 21ean, ikasleen neguko kontzertuak izango dira Areetako Andres Isasi auditorioan eta Muxikebarriko Areeta aretoan, hurrenez hurren. Hilaren 25ean, goizean, txistu ikasleek kalejira batekin girotuko dituzte Algortako kaleak.
Gabonak Kukupraka ludotekan eta GauEgun eta GureGune gaztelekuetan
Udal ludotekako jarduerak Romo Ikastetxean egingo dira, eta bertan 5 eta 11 urte arteko haurrentzako aisialdiko hainbat jarduera izango dira: tailerrak, jolas kooperatiboak, hainbat motatako dinamikak eta abar. Aurten bi txanda ezarri dira: lehena, abenduaren 26tik 29ra, eta bigarrena, urtarrilaren 2tik 5era. Jardueren ordutegia 10:30etik 13:30era izango da. Inskripzio epea dagoeneko bukatu da. Horrez gain, Romoko GureGune Gaztelekuak eta Algortako Gauegun Gaztelekuak Gabonetako jarduerak egingo dituzte abenduko zenbait egunetan; batzuk komunean, hala nola Bilboko izotz pistara eta txirristara irteera bat abenduaren 16an, larunbatean, eta Bilboko UGPra (Umeen Gabonetako Parkea) ohiko irteera, 29an, ostiralean.
Beste jarduera batzuk, Udalaren babesarekin
Abenduaren 1ean, 21:00etan, Petti abeslariaren kontzertua hartuko du Azebarrik. Sarrera doakoa izango da. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Itxartu dantza taldeak Algortako erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu kalejira batekin. Abenduaren 4an “Trikikantu gosaria” eta Etxebarria aita-semea trikitilari ospetsuekin “Trikimerienda” musika-saioez gozatzeko aukera izango dugu; musika, kantuak eta giro ona Muxikebarrin goizeko 9:00etatik 12:00etara eta arratsaldean 17:30etatik 19:00etara. Abenduaren 10ean, Bertso Eskolak antolatuta, ALBE Gala eta Balendin Enbeita bertso-paper lehiaketa ospatuko dira. La Ola jatetxean Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bilduko dira Eskolako bertsolariekin batera (www.albe.eus). Sendi-Egizuk antolatuta, familiek bi jardueraz gozatzeko aukera izango dute: hilaren 12an, 17:30ean, Villamonteko Kultura Aretoan, “Liburujaleak”, familiarentzako irakurketa-solasaldia, eta 16an, Aldai Patronatuan, 10:00etan eta 11:30ean, Gabonetako apaingarrien tailerrak. Gainera, hilaren 14an, Egizu elkartearen Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak antolatuta, Mikel Alvarez idazlearekin solasaldi literarioa izango da. Villamonten, “Euskalia” bere liburuaz arituko da (www.egizu.eus).
Azkenik, abenduaren 22an, “Neguburua” goiburu pean, 17:00etan Azebarrin, 4 eta 12 urte bitarteko haurren familiek neguko solstizioaren mitoak ezagutzeko aukera izango dute Maddalen Cuñado eta Jon Etxebarria ipuin-kontalarien eskutik, Olentzeroren enborra apaintzeaz, txokolatea dastatzeaz eta abarrez gain.
Bapiruke negulekuak
Bizarra Lepoan elkarteak, Udalarekin lankidetzan, Bapiruke euskarazko negulekuak antolatu ditu berriz ere, 5 eta 12 urte arteko gaztetxoentzat (2011-2018). Jarduerak, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era egingo dira, 09:00etatik 13:30era, eta 09:00etatik 17:00etara txango egunetan. Inskripzio epea dagoeneko itxi da. Informazio gehiago hemen: 94 491 03 87, info@bizarralepoan.eus eta www.bizarralepoan.eus.
Kirol jarduerak
Kirol eremuan, Getxon honako ekitaldi hauetaz gozatu ahal izango da:
- “24 ordu euskararen alde”. 2023/12/2. 12:00etan, eta Getxoko SwimCamp taldeak antolatuta, 24 orduz euskararen alde igeri eginez ekimenari hasiera emango zaio. Izen-emateak: SwimCampGetxo.com
- El Gallo Estropada. 2023/12/16. 70 belaontzi inguru igaroko dira eguerdian Bizkaia Zubiaren azpitik Abrako uretarantz, 10 milia inguruko ibilbidea egiteko. R. Club Marítimo del Abra-R.S.C. elkarteak antolatuta.
- Itziar Lopez de Uralde Memoriala 2023/12/17. Hogeita hemeretzigarren edizioa Getxoko kaleetan zehar, haurrentzako ibilbidearekin ere. Irteera eta helmuga, ohi bezala, Faduran izango da. Informazioa: getxoatletismoa@gmail.com
- Getxoko Gabonetako Itsas Zeharkaldia 2023/12/24. Ereagako hondartza eta Portu Zaharra lotuko ditu berriro ere. 400 metroko distantzia izango da eta Gabonetako giroa izango da bai irteeran bai helmugan. Informazioa: info@getxoiw.com
- Andra Mariko Krosa. 2023/12/31. Urteko azken igandean egiten den ekitaldi klasikoa da; Andra Mariko kiroldegian hasi eta amaituko da. Informazioa: www.itxas-argia.com
- San Silvestre. 2023/12/31. Getxoko San Silvestre lasterketarekin amaituko da urteko kirol jarduna, Bizkaia Zubiaren inguruan egingo den ibilbidearekin. Informazioa: info@trirunners.com
-Kirol campusak Faduran, Gobelan eta Andra Marin. Aurten 16 campus antolatu dira: gimnasia, igeriketa, atletismoa, futbola, irristaketa, xakea, kirol egokitua, saskibaloia, eskubaloia, karatea eta arrauna. Egunak, adinak eta bestelakoak kontsultatzeko Getxoberriko aste honetako ediziora eta Getxo Kirolakeko web orrialdera (getxokirolak.getxo.eus) jo behar da.