2023/11/15
Beste urte batez, datorren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Getxoko Udalak argi eta garbi adierazi nahi du hizkuntzarekiko konpromisoa eta kontsentsu sozialean sakontzearen alde egiteko jarrera irmoa, Euskara, jalgi hadi digitalera lelopean. Horretarako Udalak eta herriko entitate batzuek datozen egunotarako mota ugariko jarduerak antolatu dituzte adin guztientzat. “Euskararen Nazioarteko eguna dela eta Udalak argi eta garbi adierazi nahi du bere konpromiso irmoa. Hau dela eta, datozen egunotan hainbat jarduera antolatu dira; kontzertuak, dantza, bertso edota topaguneak. Aurten erronka berri bat dugu; guztion artean adimen artifizialari euskaraz hitz egiten irakastea Gaitu programaren bitartez. Hala, getxotar guztiei Gaitu-n parte hartzera gonbidatzen zaituztet. Batu ditzagun gure ahotsak euskararen alde”, zehaztu du Amaia Aguirre alkateak.
Jarduerak
Antolatutako jardueren artean, Udalak Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak antolatutako Gaitu egitasmoa zabaltzera lagundu nahi du. Horregatik, Udalak getxotarrak animatzen ditu https://gaitu.eus/ webgunean sartzeko eta ahotsa uzteko, horrela makinek eta baliabide digitalek euskaraz egitera laguntzeko. Ekimen horrekin batera, igandean, azaroaren 19an Bizilagunak bazkariak ospatuko dira; hilaren 22an Gehitu Kirola egitasmoaren hitzarmenen sinadura ekitaldia izango da Faduran; azaroaren 25ean eta 26an, Eko-jostailuak eta Bolueko Esploratzaileak jarduerak, hurrenez hurren, Ingurumen aretoan, eta abenduaren 4an, ohiko Trikikantu gosaria eta trikimerienda 4an, Muxikebarrin. Gainera, Kultur Etxearen eskutik, Su Ta Gar taldearen kontzertua izango da abenduaren 2an, eta Go!azen 10.0 ikuskizuna, abenduaren 10ean, Muxikebarrin.
Entitateek antolatutakoen artean, berritasuna izango da 24 ordu igerian euskararen alde, abenduaren 2an, Faduran, Swim Camp elkarteak sustatuta. Horrekin batera, azaroaren 20an, Bertsolari Gazteen BBK sariketa izango da Getxo Elkartegian; azaroaren 23an, Egizuk antolatutako Iratxe Ormazaren Printzak begietan literatura solasaldia Villamonteko Kultur Etxean; azaroaren 26an, Kantu kalejira Itxarturekin, Algortan zehar; abenduaren 1ean, Pettiren kontzertua Azebarrin kultur elkartean; abenduaren 3an, dantzaldia Algortan zehar, eta abenduaren 10ean, ALBE gala eta Balendin Enbeita Bertsopaper sariketa La Ola jatetxean. Eta, datorren otsailaren 20ra arte zabalik izango dela Ramiro Pinilla, eleberri laburren lehiaketarako lanak aurkezteko epea.
Udalak kaleratutako karteletan agertzen den QR kodean ikus daiteke jardueren egutegia