2023/11/13
Getxoko Udal Gobernuak (EAJ-PNV eta PSE-EE) 2024rako udal aurrekontu proiektuaren dokumentazio osoa eman die gaur udal talde politikoei. Aurreko urtearen aldean, %7,52 igo da aurrekontua eta 129.410.634 eurora iritsi da. Hori da orain arte lortu den kopururik handiena.
Astelehen honetan, azaroaren 13a, Udalaren 2024ko Udal Aurrekontu Orokorraren tramitazioari hasiera emateko ezohiko antolaketa eta kontu batzordea deitu da. Batzorde hori datorren ostegunean, hilak 16, egingo da; egun horretatik aurrera hasiko da zuzenketak egiteko epea. Azkenik, udalbatzak aurrekontu proiektua eztabaidatu eta bozkatu beharko du abenduaren 22an egingo den osoko bilkura berezian.
Udal tasak eta zergak ez dira aldatu 2023tik. “Hala ere, ekonomiaren eta herritarren dinamismoak erraztu egiten du, tasei eta zergei eutsita, diru-sarreren aurreikuspenak gora egitea”, udal-gobernutik adierazten dutenez. Aurreikusitako hazkunderik handiena Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko udalen izenean egiten duen diru-bilketa, Udalkutxa udal-finantzaketarako fondoa, hobetzetik dator, 60.418.340€-koa baita, eta udal-sarrera guztien %46,7 hartzen baitu. “Halaber, herritarrek gehiago erabiltzeagatik eta gehiago gozatzeagatik diru-sarrerak handitzea aurreikusten da (azken ekitaldietan ikusten den joerari jarraiki), kirolarekin, kultura fisikoarekin eta abarrekin lotuta”, gobernuaren arabera. Aitzitik, zuzeneko zergak, hala nola OHZ edo Ibilgailuena, ia ez dira aldatuko 2023koari dagokionez, eta 25.771.557€tan mantentzen dira (%0,9ko aldakuntza).
Udal-gastuko partidei dagokienez, portzentajezko hazkunderik handiena inbertsioetan izan da, %13,33 igo baitira eta 12.054.000€-ra iritsi baitira. Aurrekontu-proiektuak, gainera, 1.500.000€-ko partida bat jasotzen du, helburu jakinik gabea, eta tarte gehigarri bat ematen du oposizioko alderdiekiko negoziazioa eta akordioak errazteko. Joan den hilean bilera-sorta bat hasi zen, eta aurrekontuaren zirriborroaren jarduera-ildo nagusiak jakinarazi zitzaizkien udaleko talde politikoei.
Ekintza batzuk
Aurtengo irailean herritarrei entzuteko prozesu bat egin zen, Ikerfel enpresak telefono bidez egindako 500 inkestarekin, getxotarrek Udalaren ekintzari dagokionez zituzten lehentasunak zehazteko. Horren ondorioz, udal-gobernuak oposizioarekin partekatu duen proiektuak herritarrek adierazitakoari erantzun nahi dioten ekintzak biltzen ditu, besteak beste:
- Aparkatzeko aukerak hobetzea, aparkaleku publiko berri bat eraikiz, batez ere Areeta-Romo inguruan. Hori lortzeko, hainbat aukera tekniko aztertzen ari dira. Helburua da oposizioarekin ahalik eta aukerarik onena zehaztea eta adostea, 2024an gauzatzen hasteko.
- Oposizioarekin negoziatu ondoren, proba pilotu bat zehaztea, hiriko udal-autobus zerbitzu berri bat ezartzeko.
- Udalerriko garbiketa eta hondakinen bilketa hobetzea. Herritarrek zerbitzu horiekiko duten gogobetetasuna nabarmena bada ere, hobetzeko ere eskatu dute. Aurrekontuak aurreikusten du 2024an kontratu berria esleitzea, bi zerbitzuak hobetu eta indartzeko, eta, horrez gain, Getxon sortzen diren hondakinen bereizketaren eta tratamendu espezializatuaren emaitzak hobetzea lortzeko. Zehazki, bideak garbitzeko zerbitzua 6,5 milioi eurokoa izango da urtean, eta %5 handituko da.
- Portzentajezko hazkunderik handiena jasoko duen udal-arloa Etxebizitza izan da: 2,2 milioi euroko inbertsioa izango du, eta Getxoko gazteen emantzipaziorako diru-laguntza berberak izango dira, hots, 250.000 euro.
- Herritarren segurtasunari dagokionez, aurrekontuak aurreikusten du 2024an Udalak, gutxienez, %5 (6 agente gehiago) handitu ahal izango duela gure udalerria patruilatzen duten udaltzainen kopurua.
- Herritarren arreta eta udalaren hurbiltasuna hobetzeak, eta udal izapideetan erraztasun handiagoa izateak ere, 2,93 milioi euroko inbertsio handia dute Eraldaketa Digitalean, 2024an hastekoa dena.
- Halaber, udal-lokal eta -eraikinetan inbertsioak egitea aurreikusten da, haiek erabiltzeko eta gozatzeko herritarrei uzteko aukerak handitzeko eta hobetzeko, besteak beste:
-Areetako Andrés Isasi Musika Eskola egokitzeko obrak, entseguetarako eta herritarren erabilerarako: 799.650€.
-Ludoteka berria Algortan, Pedro Felix de la Virgen kaleko udal lonjan: 381.000€.
-Errekaganen pabiloi berrien proiektua eta aurretiazko azterlanak idaztea, herritarrek erabil ditzaten: 50.000€.
-Romoko Haur Eskola berriaren proiektua idaztea: 40.000€.
Aipatutakoak Fadurako, Gobelako eta Andra Mariko kirol-instalazioak eraldatzeko eta hobetzeko aurreikusitakoei gehituko zaizkie. Horiek 2023-2027 legegintzaldi honetan zehar zehaztuko dira.
Herritarrek proiektu batzuk lehenetsi ahal izango dituzte Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez, eta, ohi bezala, 1.000.000 euro bideratuko dira horietara.
Azken batean, “udal kudeaketako 11 alorrek, 4 erakunde autonomoek eta Punta Begoña Fundazioak kudeatzen duten aurrekontua hobetu ahal izango dute 2024an. Hori guztia, udalaren presio fiskala handitu gabe eta zorra 0 eurotan mantenduz (inbertsio batzuk bizkortu beharko balira ere, zorrera jo ahal izatea aurreikusita dago, 6 milioi euroko mugarekin)”, udal gobernuak ondorioztatu duenez.