2023/9/28
Alderdi politiko guztiek (PPk izan ezik, aurkako botoa eman baitu) ontzat eman dute gaur goizean, iraileko Osoko Bilkuran, EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako bi mozio, zeinak udal-gobernuak (EAJ/PNVk eta PSE-EEk) transakzionatu baititu, Getxo tentsio handiko bizitegi-eremu deklaratzeari buruzkoa (etxebizitzen alokairuaren prezioa izugarri altu dutenak).
Alde bozkatu duten taldeek aipatutako aldeak deklaratzeko urratsak emateko akordioak adosteagatik beren poztasuna agertu dute, etxebizitzen tokiko eskaintza merkeago egingo duten politika bereziak gauzatze aldera.
Mozioan onetsitako testuak hauxe planteatzen du: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lankidetzan aritzeko ereduaren aldeko apustua mantentzea, alokairuko etxebizitza publikoa eta birgaikuntza sustatzeko; bere eskumeneko neurriak ezartzea, Biziguneren bidez etxebizitza hutsak alokairuan jartzea sustatzeko; eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskatzea, Etxebizitzari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legean ezarritako izapideak betez, tentsio handiko bizitegi-eremuak deklaratzeko udalerrian lege horretako baldintzak betetzen dituzten zonak, aurretiaz azterketa egin ondoren.
Beste mozio batzuk
Gainera, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoekin, ontzat eman da bi taldeek aurkeztutako mozio bat, zeinaren bidez eskatu baitute Udalak gaitzetsi dezala emakume migratzailea eta Getxoko herritarra den Silviaren aurka Ertzaintzak izandako jarduketa: “atxilotu zuten eta udalerri honetako polizia-etxera eraman zuten, eta auto judizialean neurrigabekotzat eta gehiegizkotzat jo da polizia-jarduketa”. Hauxe adierazi dute taldeek: “Horren aurretik, Silviak atxiloketa irregularra jasan zuen supermerkatuaren atean, poliziak jazarritako etxegabe bat defendatu zuenean”. Udal-gobernua (EAJ/PNV eta PSE-EE) abstenitu egin da eta PP kontra agertu da bozketan. Mozioak, besteak beste, hauxe planteatu du: “torturaren eta polizia-jarduketa arrazisten aurkako udalerri izendatzea Getxo, Udalak elkartasuna adieraztea aipatutako herritarrari, beraren aurkako prozesu judiziala etetea eta akordioa Eusko Legebiltzarrera, Lehendakaritzara eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailera bidaltzea, besteak beste”.
EAJ/PNVk eta PSE-EEk adierazi dute “mozio honetan eskatu da iritzia emateko polizia-jarduketa jakin bati buruz, Ertzaintzako agente bati buruz eta erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua egotzi zaion pertsona baten gaineko auzipetzeari buruz. Bi jarduketak sub iudice daude, hau da, epaitzen ari dira eta epai judiziala emateko zain daude. Alderdi humanista gara eta, hortaz, pertsona guztion giza eskubideak defendatzen ditugu”.
PPek ere adierazi du giza eskubideen urraketa gaitzesten duela, baina epaiketaren zain dagoela.
Mesedetako aparkalekua handitzea
Bestalde, udal-gobernua (EAJ/PNV eta PSE-EE) legegintzaldi honetan hasiko da aztertzen Romo-Areetan aparkaleku gehiago jartzeko proposamena, Mesedeetako kalean dagoen aparkalekua handitzeari buruzkoa. Hala adierazi dute bi alderdiek PPk egindako mozio bati erantzutean; mozio horren bidez, taldeak eskatu du gaur egun epaitegien gunean dagoen lurgaineko aparkalekuan lurpeko aparkalekua egin dadila eta gunea urbanizatu dadila, berdegunea sortzeko. Mozioa ez da aurrera atera.
Jeltzale eta sozialistek aurreratu dute lan egingo dutela kokapen berriak aurkitzeko, Getxoko auzoetan mugikortasuna eta aparkalekuak hobetze aldera. Halaber, irisgarritasuna eta jasangarritasuna sustatzeko hainbat jarduketa jorratuko dituzte, hala nola Areetako Mesedeetako kalearen zati bat oinezkoentzat egiteko bigarren fasea.
Haien mozioa defendatzeko, PPk esan du aparkalekua dela getxoztarren ardurarik handiena eta behar hori asetzeko betebeharra duela gobernuak; bestalde, EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek jakinarazi dute aparkalekuak eraikitzea barne hartzen ez duen mugikortasun-politikaren alde daudela (autobus publikoen edo bizikleten hiri-sarea, esate baterako).
Horrez gain, ekainetik gaur egunera arte onetsitako lau adierazpen instituzional jakinarazi dira osoko bilkura honetan: LGTBIQ+ kolektiboaren harrotasunaren eta sexu-askapenaren nazioarteko eguneko adierazpen bat eta sexu-erasoa gaitzesteko hiru adierazpen.