2023/9/18
Getxoko Udala hasi da instalatzen Bizkaiko Foru Aldundiaren bizikleta elektrikoak mailegatzeko BizkaiBizi zerbitzuaren geltoki berriak.
Foru zerbitzuaren kokapen berriak egongo dira orain arte GetxoBizi Udal zerbitzukoak egon diren lekuetan. Kasu gehienetan, bi geltokiak (Forukoa eta Udalekoa) elkarrekin egongo dira, bata bestearen ondoan, ilaran, jarraian aipatzen diren kasuetan izan ezik, horietan Udal zerbitzua metro batzuk lekualdatzen baita:
- Udaletik Epaitegietara
- Bidezabaletik Osasun Zentroko arkupeetara
- Gobela kiroldegian igerilekuen sarreratik hurbilen dagoen gunera
- Ereagatik La Terraza jatetxearen aurrealdera eta
- Bizkaia Zubitik plazako eskaileren beste aldera.
BizkaiBiziko bizikleta elektrikoek itsasadarraren eskuineko eta ezkerreko ertzak hiriburuarekin lotuko dituzte. Gaur egun, inplikatutako udalerrietako udaletan geltoki horietako instalazioak daude, baina ez dago zerbitzurik. GetxoBiziko bizikletek udal zerbitzuko geltokietan aparkatzen jarraitu behar dute.
Herritarrei Foru Aldundiak BizkaiBizi zerbitzua martxan jarriko duela jakinaraziko zaie, baita erabilera-baldintzak, tarifak eta bestelako baldintzak ere.