2023/9/18
Areetako Andrés Larrazabal eta Paulino Mendivil kaleen elkargunean kokatuko da eraso matxisten biktimentzako arreta zuzeneko gune morea Mesedetako jaietan, Getxoko Udalak Indarkeria matxistarik gabeko egunak eta gauak lelopeko kanpainaren barruan antolatuta.
Gainontzeko jaietan bezala, karpa baten azpian, toki seguru eta lasaia izango da, erasoa jasan duen emakumeari edo LGTBIQ+ pertsonari laguntzeko, emakume profesionalek artatu eta aholka diezaioten. Zerbitzuaren ordutegia irailaren 22 eta 23ko gauetan izango da, ostiralean, 21:30etik hurrengo eguneko 03:00etara eta larunbatean 22:30etik hurrengo eguneko 04:00etara. Arreta-gune moreak artatzen dituzten profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango da, 678 940 243 telefono-zenbakira deituta ere.
Segurtasun neurriak
Bestalde, Udaltzaingoak, beste urte batez, operatibo bat jarriko du martxan, ahal den neurrian, istilurik gerta ez dadin eta adin gabekoei alkohola ematea ekiditeko. Operatiboaren barruan polizia taldeak jai eremutik eta inguruetatik ibiliko dira, Ertzaintzaren partaidetzarekin ere.
Ostiral arratsaldetik, hilak 22etik, igandera arte, hilak 24era arte, adingabeei alkohola ez saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko zaintza berezia jarriko dute kalez eta uniformez jantzitako poliziek. Horretarako, eta baita beste era batzuetako istiluak ekiditeko ere, gaueko txandak indartuko dituzte. Alkoholemia prebenitzeko kontrolak ere egingo dituzte Bide Segurtasun alorrean eta horregatik udalerriko sarrera eta irteeratan horiek egiteko polizia egongo da.
Herritarren Segurtasunerako Arloak gogorarazi du adingabeei alkohola saltzea debekatuta dagoela, eta, horregatik, horiei hori saltzen dieten ostalaritzako lokal, supermerkatu edota adin nagusiko pertsona guztiei ezarriko zaie zehapena.
Gainera, jai eremuetan saltzaile ibiltariak egotea eragozteko zainduko du Udaltzaingoak, legez kanpoko jarduera izateaz gain, tokiko merkataritzarako eragin negatiboa izan daitekeelako.
Karpa bat jarriko da
Era berean, Udaltzaingoak berehalako arreta emateko karpa jarriko du larunbatean, hilak 23, 19:00etan, Nagusi eta Andres Larrazabal kaleen artekoan, herritarrak joan ahal izateko, liskar, lapurretak gertatzekotan edo laguntza behar izatekotan. Hori indarrean izango da ingandeko, hilaren 24ko goizeko 05:00ak arte.
Tabernak ixteko ordutegia zabalduta
Bestalde, Udalerriko ostalaritzaren alde egiteko eta aldi berean herritarren atsedena zaintzeko bermatzeko oreka zaintzeko, jaietan Areetako ostalaritzako establezimenduek, jaietan ohitura denez, ordu bat terdiz geroago itxi ahal izango dute irailaren 22an eta 23ean, ostiralean eta larunbatean.