2023/3/30
Udalak adinekoen etxeetan suteak prebenitzeko 226 ke-detektagailu jarri ditu bakarrik edo 65 urtetik gorako pertsona batekin bizi diren 1942an jaiotakoen 217 etxebizitzatan, burututako azken fasean. Horrela, udalerrian, orain, guztira, 2.100 etxe babestuta daude, 2.499 detektagailurekin.
Carmen Díazek, Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez, “helburua da etxeetan suteak prebenitzea eta, aldi berean, segurtasuna ematea adinekoei beren ingurunean modu seguruan bizitzen jarraitu ahal izateko. Bisitetara teknikariak joaten dira, kasu bakoitza eta egon daitezkeen beharrak balioesten dituzten gizarte-laneko profesionalek lagunduta. Horrela, Gizarte Zerbitzuetara hurbiltzea errazten diete, pertsona batzuek ez baitituzte beren prestazioak ezagutzen”. Ildo horretan, zinegotziak gehitu du “pozgarria da guretzat jakitea adinekoek oso ondo baloratzen duten zerbitzua dela”.
Detektagailua doan instalatzen den aparatu txiki bat da, etxean obrarik egin beharrik gabe, eta alarma-funtzioa beteko du suteren bat gertatzen bada edo ke arriskutsua pilatzen bada. Gainera, etxea bisitatzen duen teknikariak etxebizitzaren krokis bat egingo du, beharrezkoa izatekoan ebakuazioa egiten laguntzeko eta bisitatutako pertsonaren egoera pertsonalari eta egunerokoari buruzko galdetegi labur bat ere (boluntarioa).
Datorren ekainean aurtengo errebisioak egiten hasiko dira eta 1943an jaiotako pertsonen etxeetan dispositiboak jartzen hasiko dira. Detektagailuak jarri aurretik, Udalak eskutitz bat bidaltzen die bisitatu beharrekoei jardueraren, zerbitzuaren eta bere funtzionamenduaren berri emateko. Ondoren, aipatutako pertsonek telefono deia jasoko dute detektagailua jartzeko hitzordua adosteko. Deia zein bisita ondo identifikatutako teknikariek egingo dute.