2023/2/20
Getxoko Emakumeen Etxea barrutik egokitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko lanak abian jarri dira, Algortako Altube, 5-7/Benturillena kaleko 17 zenbakian lekututako udal egoitza batean. Aurrekontua 491.935 eurokoa da, eta hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusita dago. Egoitzaren beharren zehaztapena Getxoko Udalak bultzatutako lankidetza-prozesu baten emaitza da. Prozesu horretan udalerriko 50 emakume baino gehiagok parte hartu dute, topaketa, hitzaldi eta eztabaida-talde batzuen bidez. Prozesu horretan beharrak, nahiak eta iritziak identifikatu dituzte parte hartzaileek, eta etorkizuneko Emakumeen Etxearen diseinua, balioak eta helburuak ere zehaztu dituzte. Horren ondorioz, balio anitzeko espazioak proposatu dira, eta bertan berdintasunaren eta udal-zerbitzuen alde lan egiten duten pertsonak antolatuko dira, indarrak batzeko eta sinergiak sortzeko gunea izango delako.
"Getxoko Emakumeen Etxea aspaldidanik eskatzen den proiektu komunitarioa da, eta azkenean argia ikusiko du. Getxoko emakume guztiek eta guztientzat eraikitako gunea, elkar banatzeko, elkartzeko, laguntzeko eta elkarrekin hausnartzeko gunea. Emakumeentzako erreferentziazko eta ahalduntzeko leku bat, sareak eta aliantzak ehuntzeko eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egitea ahalbidetuko diguten sinergiak sortzeko", nabarmendu du Carmen Diaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Banaketa
Etxeak elkarbizitzarako gune bat izango du, egongela eta sukaldearekin, liburutegi bat eta funtzio anitzeko areto batzuk, non Jabekuntza Eskolako jarduerak izango diren, baita tailerrak, hitzaldiak, jardunaldiak, topaketak eta askotariko jarduerak ere. Haurtzaindegi gune bat ere izango da, eta bere bulegoetan Berdintasunerako Udal Zerbitzua izango da.