2023/2/7
Lehen Hezkuntzako 8 urtetik gorako ikasleen %55 oinez joaten da Getxoko bere ikastetxera, baina gehienak heldu batekin joaten dira; %25ek autoz egiten dute ibilbidea; %15ek eskola-autobusa erabiltzen dute, eta %2k baino ez bizikleta, Eskola Bidea proiektuaren lehen fasean egindako diagnostikoaren emaitzek erakusten dutenez. Udalak bultzatutako ekimena da hori. Udalerriko 13 ikastetxeek parte hartzen dute bertan, eta erronka da Lehen Hezkuntzako ikasleak beren ikaskideekin eskolara joan daitezen lortzea. Horri esker, mugikortasun iraunkorreko jarraibideak hartu ahal izango dituzte eta beren segurtasunaz arduratzen ikasi ahal izango dute, familia kontziliazioa bultzatzen den aldi berean.
Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek, AMPA guraso-elkarteek eta irakasleek diagnostiko hori egiteko aukera eman dute, ikasleen eta haien familien mugikortasun-ohiturei eta gure kaleen segurtasunari eta irisgarritasunari dagokienez udalerriaren hasierako egoera ezagutzeko.
“Diagnostikoaren datuek erakusten dutenez, bide seguruak sortzeak konfiantza eta lasaitasuna areagotzen die familia askori seme-alabei bakarrik edo ikaskideekin ikastetxera joaten uzteko erabakian; izan ere, adingabeen %90i gustatuko litzaioke eskolara lagunekin joan ahal izatea. Getxon beste urrats bat eman nahi dugu eskola-bide seguruak sortzeko, gure seme-alabak ikastetxera oinez iritsi ahal izan daitezen; horrela, haien autonomia, ohitura osasungarriak eta mugikortasun jasangarrikoak garatu nahi ditugu, bai eta haien irudimena ere, lagunekin batera”, adierazi du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.
Azterlanaren beste ondorio batzuk
Diagnostikoan islatzen den bezala, ikastetxe bakoitzaren errealitatea oso aldakorra da ikasleen jatorriari, mugikortasun-ohiturei eta beste alderdi batzuei dagokienez. Ikasleen %52 ikastetxetik kilometro batera baino gutxiagora bizi dira, eta distantzia hori oinez egiteko modukoa da. %16k 5 minutu baino gutxiago behar dituzte zentrorako bidea egiteko; %29k 5-10 minutu eta %54k 10 minutu baino gehiago. Urrutien bizi dena gune baztertuetan dauden zentroetan ikasten duena da. Familiakoei eta ikasleei egindako inkesten arabera, %79 pertsona heldu batekin joaten da ikastetxera, eta gainerako %21a bakarrik edo lagunekin joaten da. Seme-alabei eskolara bakarrik joaten ez uzteko arrazoi nagusia adina da: familia askok uste dute 10-12 urtera arte seme-alabek ez dutela autonomia nahikorik edo ez dela behar bezain segurua haientzat. Bideak seguruak balira, familien %42k uste du semea edo alaba bakarrik joan litekeela eskolara. Ikasleen iritziari dagokionez, gehienek bakarrik edo lagunekin joan nahiko lukete eskolara. %43ri oinez joatea gustatuko litzaieke; %29ri, bizikletan edo patinetean, eta laurden bat baino gutxiagori, ibilgailu motordunetan (autoa edo eskola-autobusa).
Irisgarritasunari dagokionez, erdiguneetan kokatutako ikastetxeak, oro har, espazio eskuragarrietan daude, kale zabalekin, igarotzea zailtzen duten oztopo gutxirekin eta ezintasun funtzionala duten pertsonentzako egokitutako oinezkoentzako pasabideekin.
Segurtasunari dagokionez, familiak eta ikasleak gehien kezkatzen dituzten puntu beltzak errepidearekin eta trafikoarekin lotutakoak dira: bidegurutzeak, oinezkoentzako pasabideak, garajeetarako sarbideak, ibilgailuen gehiegizko abiadura, zebrabideak errespetatzen ez dituzten gidariak, eta familien eta haien autoen pilaketa ikastetxeetako guneen inguruan, besteak beste. Hala ere, eskola-inguruneetan istripuen intzidentzia oso txikia da, Udaltzaingoak dituen datuen arabera. Azkenik, familien iritziz, bideak, zentroak eta haien ingurunea seguruagoak izango lirateke horietan poliziaren presentzia handiagoa izango balitz.
Proiektuaren II. Fasea hasiko da laster: herritarrentzako Jardunaldi Irekia
Laster hasiko da proiektu honen bigarren fasea, hau da, ekintza-plana abiaraziko duena. Hainbat lantalderen bidez ikasleak eskolara joateko bide seguruak diseinatuko dira. Lantalde horietan ikasleek, familiek eta irakasleek ez ezik, interesa duen edonork ere parte hartu ahal izango du. “Bideak diseinatzerakoan, diagnostikoan antzemandako puntu gatazkatsuei buruz, batez ere ibilgailuen trafikoarekin zerikusia dutenei buruz jasotako informazioa funtsezkoa izango da ibilbide horietan segurtasuna handitzeko beharrezkoak diren hobekuntza-jarduketak zehazteko”, Arregik aurreratu duenez.
Getxoko Eskola Bidea egitasmoaren arrakasta auzokideen konplizitatearen araberakoa da. Horregatik, udal Ingurumen Sailak herritar guztiak gonbidatzen ditu ostegunean, hilak 16, 17:30ean Algortako Kultur Aretoan (Villamonte) egingo den jardunaldi irekian parte hartzera. Jardunaldi horretan Eskola Bidea proiektua aurkeztuko da eta orain arte horren inguruan egindako lana azalduko da. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Bileren egutegia
ZONALDEA |
LEKUA |
ORDUAK |
DATAK |
Romo Madre del Divino Pastor |
Getxo Elkartegia |
17:00 |
Otsailak 21 eta Martxoak 6 |
Gobela Ikastola San Ignacio Larrañazubi |
Fadura Kiroldegia |
17:30 |
Otsailak 22 eta Martxoak 8 |
Juan Bautista Zabala Santísima Trinidad San Nikolas Ikastola Zubileta |
Villamonteko Kultur Aretoa |
17:30 |
Otsailak 23 eta Martxoak 7 |
Geroa Ikastola Nuestra Señora de Europa Andra Mari Azkorri |
Andra Mari Kiroldegia |
17:30 |
Otsailak 27 eta Martxoak 9 |
Azken jardunaldi ba-teratua |
Villamonteko Kultur Aretoa |
17:30 |
Martxoak 14 |