2022/12/5
Fadurako gizarte eta kirol zentro berria eraikitzeko lanak hasi dira dagoeneko, garagardotegi zaharraren inguruan. Zentro berriak 850 m2-ko azalera erabilgarria izango du eta beste 2.100 m2-ko azalera eraikinaren kanpoaldean. Bertan, kirol-kluben jarduera soziala egiteaz gain, kirolaren sektorean berrikuntzarekin zerikusia duten enpresentzako berrikuntza-poloa egongo da.
Getxo Kirolak udal erakundeak 2,2 milioi euro pasatxo zuzenduko ditu eraikin berria egiteko. Herriko elkarteek ere parte hartu dute zentroaren diseinuan, eta aurreikusita dago eraikuntza-lanak 18 hilabeteko epean egitea.
Proiektuak garagardotegi zaharraren izpiritu sozialari eusten dio; garagardotegian egiten ziren kirol-erakundeen eta Getxoko beste eragile sozial batzuen bilerak eta ospakizunak. Hori dela eta, funtzio anitzeko ekipamendua egitea pentsatu da, hiru giro izango ditu, bereizita egongo direnak: areto handi bat, itxia eta girotua (bigarren solairu batekin berrikuntza-polorako), eta beste bi espazio, jarduera bakoitzaren premietara egokitzeko, estalitako eta erdi estalitako eremu eta guzti.
Eraikin berriaren ezaugarriak garagardotegi zaharra erabiltzen zuten erakundeekin batera diseinatu dira, eta obra Thinking Fadura egitasmoaren testuinguruan kokatzen da; hau da, Fadura esparru publiko berri bilakatzeko proiektua. Espazio horretan, sarrera libreko parke bat eta Getxo Kirolak-eko abonatuek kirola praktikatzeko instalazioak egongo dira.
Thinking Faduraren lehen proiektu handia
Lanak uholde-arriskuko eremu batean egingo direnez, obra egiteko baimenak lortzeko beharrezko aldia gainditu behar izan da, eta pandemiaren ondorioek eragindako atzerapen eta guzti, Fadurako gizarte-zentro berria, eraikiko den lehen ekipamendu handia izango da, 2.000 pertsona ingururen parte-hartzearekin osatutako proiektuaren ondorioz. Aldi berean, Getxo Kirolak lehentasuna duten hurrengo proiektuak lantzen ari da. Horien artean, pilotalekuen eraikinaren egitura indartzeko lanak daude, ondoren barrutik berritzeko, eta errugbi zelaiko eta atletismo pistako harmailak ordezkatuko dituen eraikin berria dago. Horri esker, kirol instalazio horietako erabiltzaileek eskatutako espazio berriak izango dira eta erosotasunean irabaziko da. Inbertsioak lehenesterakoan, aurreikusita dago, halaber, padel eta tenis pista estali gehiago hartuko dituen eraikin berriaren aurreproiektua idazten hastea edota parke publiko berria faseka urbanizatzea.
Fadura berritzeko lanei buruzko informazioa: