2022/11/10
Udalak Merkataritza Plan Estrategikoa (PERCO) idazteko prozesuari ekin dio, udalerriko merkataritza-egiturari eragiten dioten alderdiak ebaluatzeko eta, horrela, horiek sustatzeko eta bultzatzeko etorkizuneko lan-ildoak ezartzeko. Ekonomia Sustapen Arlotik azaldu dutenez, “azken urteotako testuinguru ekonomikoak, zeinak gastu komertzialaren atzerakada eta merkataritza elektronikoaren gorakada ekarri dituen, merkataritza-parkea uzkurtzea eragin du; eta Udalak bide-orri bat ezarri nahi du, sektorea bultzatzea lortzeko”.
Planak merkataritza-parkearen egungo egoera (eskaintza) eta haren funtzionamenduan eragina izan dezaketen udal-jarduera guztiak (zabor-ordenantza, zamalanetarako guneak, espazio publikoaren erabilera...) aztertuko ditu. Halaber, ingurune hurbilenaren eskaria aztertuko du eta, azkenik, kontsumo-joerak eta erosketa-erabakiak zehaztuko ditu. Datu horiek guztiak lortu ondoren, sektorean inplikazio handiena duten gizarte-eragileekin lan parte-hartzailea egingo da, egoera hobetzeko lan-ildo estrategikoak zeintzuk izan litezkeen zehazteko.
Ingurune hurbileneko eskariari buruzko ahalik eta informazio xehatuena eta zehatzena biltzeko, hurrengo egunetan udalerrian inkestak egiteko epea egongo da (telefonoz zein kalean), udalerriko merkataritza-sarearen erosketa- eta pertzepzio-ohiturei buruz. Hori dela eta, Udaleko Ekonomia Sustapen Sailak herritarren laguntza eskatzen du ahalik eta kalitate oneneko informazioa lortzeko, eta, beraz, ondoriorik onenak ateratzeko.