2022/10/27
GetxoBizi, Udalaren bizikleta publikoaren egungo mailegu-zerbitzua, bertan behera geratuko da datorren azaroan, bere 13 estazioetan dauden instalazio guztiak, bizikleten parkea eta aparkaleku-sistema berritzeko.
Hartara, zerbitzu berria abenduaren hasieran jarriko da martxan, eta sistema honetako bazkideak zerbitzu berriaren hasiera-data baino lehen abisatuko dira, eta ezarriko diren aldaketa txikien berri ere emango zaie. Bilbon dagoen sistemaren antzekoa izango da, bizikleta mekanikoekin. Bizkaibizi ezarri arte egongo da erabilgarri, bizikleta elektrikoak mailegatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eta bederatzi udalek, horien artean Getxokoak, sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza den metropoliko zerbitzu publikoa. Udalerri barruan edo Itsasadarreko udalerrien artean egiten dituzten eguneroko joan-etorrietan, herritarrei bizikleta erabiltzea errazteko jarriko da martxan Bizkaibizi. Lehen fase batean, 2023 eta 2026 artean abiatuko da, 600 bizikleta elektrikorekin eta 75 karga-estaziorekin, non erabiltzaileek bizikleta jaso eta entregatu ahal izango duten.
2.500 erabiltzaile eta 171.000 mailegu baino gehiago GetxoBizin
Gaur egun, GetxoBizik 2.500 erabiltzaile baino gehiago ditu jardunean, eta urtean 850 dira noizbehinkakoak, batez beste. Urte hauetan 246 bizikletaz osatutako ibilgailu-parkea izan du.
Gaur egungo sistema 2016ko urtarrilean jarri zen, eta, ordutik, 171.000 mailegu baino gehiago egin dira udalerrian banatutako estazioetatik; guztira, 179 aparkaleku.
Udalak eta Emaus Bilbaok, orain arte zerbitzuaren kudeaketaz arduratu den erakundeak, eskerrak eman nahi dizkiete herritarrei urte hauetan guztietan udalerri barruko mugikortasun iraunkorra babestu izanagatik.