2022/9/30
Azaroaren 30era arte egongo da zabalik ‘Getxo Sormen Hub’en, Getxoko udalerriko kultura- eta sormen-sektoreko lehen ekintzailetza-zentroan udal-espazioan, espazio bat okupatzeko eskaera egiteko epea. Algortako Urgull Zentroan kokatuko da, eta laster inauguratuko dira instalazioak.
‘Getxo Sormen Hub’k 194m2-ko lokal bat hartuko du, 22 lan-gune izango ditu coworking formatuan, eta sektorea profesionalizatzeko ekintzak ere eskainiko ditu, hala nola aholkularitza, programak eta topaketak. Zentro berriaren xehetasunak urriaren 19an, asteazkena, izango dira ikusgai, 12:00etan, Getxo Elkartegian egingo den informazio-saioan. Jardunaldian parte hartzeko izen-emateak zabalik daude (getxosormenhub@getxo.eus helbidean edo 94 466 01 40 telefonoan). Gainera, espazioa bera hiru egunetan ezagutu ahal izango da azaroan ospatuko diren ate irekietan.
Udaleko Sustapen Ekonomikoko arloak bultzatuta, 2020an udalerriko sektore estrategikoei buruz egindako diagnostikoaren ondoren sortu zen. Diagnostiko horretan, udalerrian erregistratutako enpresen eta profesionalen %11 sektore horretan sartzen direla eta %95ek baino gehiagok langile bat edo bi dituela identifikatu zen.
Horrela, iaz Getxo Itsas Hub sortu zen bezala, orain topagune berri hau abiarazi da, Legegintzaldiko Planaren proiektu estrategikoa, sormen- eta kultura-sektoreko enpresei zuzendua, udalerrian enplegua eta inbertsioa sortu, erakarri eta atxikitzeko. “Getxon eragin positiboa sortzeko aukera-espazioak eraikitzen joatea da helburua. Kulturaren eta sormenaren esparru horretan, proiektuak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen sare bat sortu behar dela ikusi dugu, eta, horrela, sektorea sendotzeko bidean aurrera egin”, azaldu du Iñigo Urkizak, saileko arduradun den zinegotziak, “Getxok mikroenpresen enpresa-sarea du gehienbat, eta horiei laguntzea da Udalaren lehentasunezko helburuetako bat, lan egiteko, lankidetzan aritzeko eta proiektuak sortzeko espazioak bultzatuz; hori guztia arrazoizko prezioan lehen urteetan” adierazita.
Espazioa
Ekintzailetza-zentro horrek 22 lanpostu hartzeko aukera emango du, bi eremu bereizitan: lanpostu finkoen eremua eta txandakako lanpostuen eremua. Okupazioa 75 € + BEZkoa izango da hilean lanpostu finko bakoitzeko, eta 40 €+BEZ, txandakako postuen eremuan. Kasu guztietan, bulego-espazioak dira, coworking formatuan, proiektuak garatzeko eta eboluzionarazteko.
Ildo horretan, elektrizitate-, internet-, klimatizazio-, segurtasun-, mantentze- eta garbiketa-zerbitzuez gain, bilera-gela bat (sarbide librekoa, baina aldez aurretik erreserbatu beharrekoa) eta arraska, hozkailu eta erabilera komuneko mahai bat ditu espazioak.
Baina ‘Getxo Sormen Hub’, espazio fisikoa izateaz gain, ekimenaren inguruan sektorea profesionalizatzeko ekintzak, aholkularitza, programak eta topaketak sortzen joango da, sektoreko enpresak sendotzen laguntzeko.
Deialdia
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute pertsona fisikoek edo Getxoko erakundeek gidatutako enpresa-proiektuek, edo udalerrian jarduten dutenek, baldin eta beren jarduera garatzeko lan-gune bat behar badute eta, betiere, Ekonomia Sustapenarekin zerikusia badute. Proiektuen eta talde sustatzailearen kalitatea, emakumeek gidatutako proiektuak, Getxoko eta Bizkaiko egoitza, berrikuntza eta proiektuak sormen- eta kultura-sektorearekin lotuta egotea baloratuko da.
Lokalak 2 urterako lagatzea ezartzen da, enpresa proiektu bakoitzeko urtebete eta gehienez 2 lanpostu luzatzeko aukerarekin.
Leku eskaerak Administrazio Elektronikoko Bulegoaren - AEB bidez egingo dira (http://www.getxo.eus), oharpen eredua: “Eskaera Getxo Sormen Hub 2022”.
Informazio gehiago Ekonomi Sustapen Sailean, 94 466 01 40 telefonoan edo getxosormenhub@getxo.eus helbidean.