2022/9/29
EAJ/PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoekin eta PP, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeen abstentzioekin, ohiko osoko bilkuran oniritzia eman zaio Ondasun Higiezinen Gaineko zerga (OHZ) arautzen duen ordenantzaren aldaketari. Ordenantza hori egokitu behar da Bizkaiko Batzar Nagusietan uztailean onetsitako foru-araura, zeinak, besteak beste, OHZren kuota osoaren % 90era arteko hobaria ezarri baitzuen familia ugarientzat (beren gaitasun ekonomikoaren arabera eta betiere beren etxebizitzaren balioa 300.000 euro baino gutxiagokoa bada) eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzat.
Familia ugarien kasuan, familia-errenta estandarizatuaren teknika erabiliko da hobari-tarteak zehazteko, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, zaborren tasan eta Getxo Kirolaken tasan egiten ari den bezala. Ignacio Uriartek, Ogasuneko zinegotziak, familia ugariaren adibiderik ohikoena aipatu du (aita, ama eta hiru seme-alaba). Kasu horretan, 2023. urterako izan ahal izango dituzten OHZren hobariak, urteko familia-errentaren arabera, honako hauek dira:
- 24.000 eurora arte: % 90eko hobaria.
- 24.000 eta 48.000 euro bitartean: % 50
- 48.000 eta 72.000 euro bitartean: % 25
- 72.000 eta 96.000 euro bitartean: % 10
- 96.000 eurotik gora ezingo da hobaririk eman.
Alderdi politiko guztiek ezetsi dute PPk aurkeztutako zuzenketa, familia ugarientzako familia-errenta estandarizatuaren gehieneko tarteetan hobariak aplikatzeari buruzkoa, guztiek agertu baitute hori errenta altuei pribilegioak ematea dela.
Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei dagokienez (kotizazio gabeko pentsioak, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dituztenak; arreta bereziz erreparatuko zaie guraso bakarreko egoerei), % 90eko gehieneko hobaria emango zaie kasu guztietan.
Ereagako igogailuko tarifa kentzea eta beste gai batzuk
Bestalde, aho batez onetsi da Ereagako igogailuko tarifa guztiz eta behin betiko kentzea, aintzat hartuta udalerriko irisgarritasuna bermatzeko funtsezko azpiegitura dela; hala, bultzatuko da Getxoko hiri-hondartza nagusiko sarbideetan motordun ibilgailuen mugikortasuna murriztea eta, hortaz, inguru horretako mugikortasun jasangarria bultzatuko da. Neurri hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean sartuko da indarrean, seguraski urriaren amaieran.
Osoko bilkura honetan aipatu da Itxaso Maseda Saratxo andreak uko egin diola EH-Bilduko zinegotzi-karguari eta ez dira onartu aurkeztutako mozioak.