2022/8/8
Udaleko Bozeramaleen Batzordeak, Mikel Iturgaizen aurkako jazarpena dela eta, adierazpen instituzional bat onartu du gaur gertaera hori salatzeko, EAJ/PNVren, PPren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta EH-Bilduren abstentzioarekin. Jarraian testu osoa:
Pertsona talde batek Euskadiko Alderdi Popularreko presidente Carlos Iturgaizen semea den Mikel Iturgaizen aurka gauzatutako jazarpena tolerantziarik eza eta gorrotoa islatzen dituen gertakari lazgarria da, eta gure gizarteak ezin du halakorik onartu. Ostiral goizaldean gertatu zen, Getxoko jaigune batean.
Mikel Iturgaiz gazteak mehatxuak eta irainak pairatu zituen politikari baten semea izateagatik. Horrek erakusten du Euskadin oraindik badaudela ezberdin pentsatzen dutenen aurkako gorrotoaren aztarnak.
Egoera onartezina eta gogorki deitoratzeko modukoa denez, udal taldeok honako adierazpen instituzional hau aurkezten dugu:
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
1. Gaitzespen eta arbuiorik irmoena adierazi nahi dugu Mikel Iturgaizek joan den ostiral goizaldean pairatutako jazarpenaren aurrean. Bere ideologia politikoagatik eta Euskadiko Alderdi Popularreko presidentearen seme izateagatik jasan zituenek ez dute gure gizartea ordezkatzen. Izan ere, elkarbizitza, tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua dira gure nortasunaren ezaugarri nagusiak.
2. Berretsi egiten dugu elkarrizketarekin, ezberdinekiko errespetuarekin, bizikidetzarekin, bakearekin eta askatasunarekin dugun konpromisoa, gure balio gorenak dira eta.
3. Getxoko Udalak gertutasuna eta babesa adierazi nahi dio udalerriko biztanlea den Mikel Iturgaizen familiari nahiz jazarpen ideologikoa jasaten duten guztiei.
4. Era berean, argi eta garbi adierazten dugu Ertzaintzaren aurka jai-eremuan ugaritu diren mehatxu- eta gorroto-mezuen aurka gaudela.
5. Azkenik, Getxoko Udalak indarkeriarik gabeko jaien alde egiten du.