2022/6/16
Udalak Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak udalerriko 2021eko jatorri atzerritarreko pertsonei buruz egindako ikerketa berria argitaratu du udal webgunean. Bere datuen arabera, Getxok 8.892 atzerritar eta/edo atzerrian jaiotako pertsona ditu erroldatuta (biztanleriaren % 11,5), feminizazio-tasa handiarekin ( %55 baino gehiago, batez ere jatorri latinoamerikarrekoa) eta, neurri handi batean, adin aktiboan ( %73 eta tokiko biztanleriaren %48,8), zeinak zerbitzu pertsonalen, etxekoen unitateen zaintzaren, adinekoen eta haurren zaintzaren lan-nitxoetan lan egiten baitu.
Getxon bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen %6,9k nazionalitateari eusten diote, eta horrek esan nahi du pertsona horietako askok nazionalitate espainiarra eskuratu dutela. Udalerriko eremu guztietan bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen artean, 15 nazionalitate nabarmentzen dira, horien artean zazpi latinoamerikarrak (guztizkoaren %63,9, Paraguai eta Bolivia ordezkatuenak eta ondoren Nikaragua, Honduras, Kolonbia, Peru eta Venezuela), bost europarrak (Errumania, Italia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua), bi asiarrak (Filipinak, Txina) eta bat afrikarra (Maroko).
Datu horiek erakusten dute udalerrira iristen diren pertsona askok bertoko biztanleek zainketen alorrean egiten duten lan-eskaerari erantzuteko iristen direla. “Datuek diotenez, Getxok zainketa-eskaera handia du; izan ere, gure biztanleria gero eta zaharragoa da, eta enplegu-nitxo horrek garrantzi berezia du gure udalerrian. Horregatik, gure atzerritar jatorriko biztanleek feminizazio-tasa handia dute”, Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez. Bestalde, atzerrian jaiotako biztanleriaren pisuak gora egin du 2018ko azken panoramikatik, %10,3tik %11,5era pasa delako. “Azpimarratu behar dugu nazionalitatearen aldagaia ez dela nahiko jatorriaren eta kulturen aniztasuna aztertzeko, baina bai nabarmendu dezakegu gure gizartea gero eta anitzagoa dela eta aniztasuna aberastasuna dela. Beharrezkoa da aniztasuna kudeatzeko politika publikoen aldeko apustua egiten jarraitzea, kultura arteko hiriak eta kohesio sozial handiagokoak eraikitzeko”, amaitu du zinegotziak.